Amasa Villabonako EH Bilduk aste honetan ekin dio 2019ko udal hauteskundeetarako prestaketa edo aurrelanen prozesu luzeari eta lehen urratsa EH Bilduren zerrenda-buru edo alkategai izateko herritarren proposamenak jasotzea izango da. Hauteskunde zerrendak eta hautagaiak erabakitzeko alderdi politiko tradizionalek erabiltzen duten prozedura ilun eta opakoekin hautsi, eta parte hartze ariketa demokratiko eta garden baten bidez aukeratu nahi ditugu EH Bilduko alkategaia eta zerrendako kideak.
Aste honetan auzolanaren bidez herriko etxe guztietara orri bat helarazi dugu. Orri hori erabiliz, amasa billabonatar bakoitzak bere iritziz EH Bilduko alkategai egokia izan daitekeen pertsona bat, bi edo hiru proposatu ahal izango ditu. Beraz, herritar bakoitzak aukera izango du bere proposamena edo proposamenak egiteko.
EH Bilduko kideek proposatuak izango diren pertsona guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartzen dugu. Alkategaiaren aukeraketa prozesuak uda ondoren jarraituko du eta lehen urrats hau ezinbestekoa izango da, EH Bilduko alkategaia herritarrek proposatutako izenetatik irtengo baita.
Proposamenak jasotzeko hautetsontzia zineko sarreran
Datorren igandean, 10:00etatik 20:00etara Villabonako Gurea zineko sarreran hautetsontzi edo kutxa bat egongo da eta herritarrek bertan sartu ahal izango dute beren orria. Ez da derrigor orria etxetik betea ekarri beharko, hantxe bertan betetzeko aukera ere izango baita.
12:00etan Ekitaldi Nagusia Pello Urizarrekin
Ekitaldi honetan Amasa Villabonako EH Bilduko kideek 2019ko udal eta foru hauteskundeei begira garatuko dugun prozesuaren berri eman eta gure ustez herriko erronka nagusiak direnak azalduko ditugu. Gurekin batera Pello Urizar (Eusko Alkartasunako Idazkari Orokorra eta EH Bilduko legebiltzarkidea) izango da, Gipuzkoan eta Euskal Herrian EH Bilduk garatuko duen lanaren eta EH Bilduk gure herriari aurkezten dizkion alternatiben berri emateko.
Ekitaldiaren ondoren pintxoak eta edatekoa egongo dira zineko sarreran.
Arratsaldeko 17:00etan Iraitz Lizarraga ipuin kontalari eta aktoreak "Luzia espia" haurrentzako ikuskizuna eskainiko du. Ondoren, 20:00ak arte musika ere izango da.
Anima zaitez eta parte hartu!
EH Bildun zuk erabakitzen duzu!