Gipuzkoako aberatsenen alde egindako Zerga Erreformaren aurkako Mozioa aurkeztu du Amasa Villabonako EH Bilduk

Amasa Villabonako EH Bilduren Udal-Taldeak ekimen berri bat abiatu du eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako Zerga Erreformaren aurkako Mozio bat aurkeztu du udalean, datorren maiatzaren 28an izango den udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dadin. Zerga erreforma horren bidez, Gipuzkoako pertsona aberatsenek, diru gehien dutenek, zerga gutxiago ordaindu beharko dituzte eta ondorioz, Foru Ogasunak jasoko duen diru kopurua nabarmen jaitsiko da.

Honako neurriak herritarren gehiengoaren iritziaren kontra hartutakoak direla pentsatzen dugu eta ondorioz, Amasa Villabonako PNV eta PSEri ausartak izatea, diziplina alderdikoiak albo batera uztea eta herritarren gehiengoak pentsatzen duenarekin bat eginez, mozio honen alde egitea eskatzen diegu. Mozioak jasotzen dituen puntuak edonorentzat onargarriak izan behar luketela pentsatzen dugu eta hauen kontra agertzen direnak azalpenak eman beharrean aurkituko dira. 

Hau da EH Bilduk Amasa Villabonako udalean aurkeztu duen MOZIOA:
 
ARRAZOIEN AZALPENA

Pasa den maiatzaren 9an izandako Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, EAJ-PSE koalizioak eta PPk, Gipuzkoako aberatsenei zergak jaistea erabaki zuten. 

Hemendik aurrera, Gipuzkoako 38 aberatsenek, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko dute urtero eta guztira 15, 5 milioi euro gutxiago jasoko ditu Gipuzkoako Foru Ogasunak.

Bitartean, EAJ-PSE koalizioak murrizketa sozialak egiten jarraitzen du, adibidez, urteko 300 eta 1000 euro arteko murrizketa pairatu dute mendekotasuna duten 4.330 familia gipuzkoarrek.

Normala den bezala, Gipuzkoako herritarren gehiengoarentzat honakoa kontu eskandalagarria da. Gipuzkoako %1 aberatsenentzat, berriz, ospatzeko moduko erabakia izan da, aberatsenek, milioika euroko kontu korronteak dituztenek, badute zer ospatua. Izan ere Fortuna Handien gaineko Zerga bertan behera garatzeko erabakia hartu dute EAJ-PSE eta PPk, eta ondorioz zerga sistema ezberdin bat indarrean sartuko da, askoz insolidario eta injustuagoa.

Datuak argiak dira: Zerga erreformaren memoria ekonomikoaren arabera, Foru gobernuak egin nahi duen aldaketarekin “zerga ezkutua” delakoa (“escudo fiscal”) baliatuko luketen 875 zergadun aberatsenek batez beste 37.794 euro gutxiago ordainduko liokete Ogasunari. Guztira, 33 miloi gutxiago jasoko lirateke ezkutuaren eraginez, diru hori ezinbestekoa denean herritarren ongizatea bermatzeko.

Baina memoria ekonomikoan are eta larriagoa den beste datu bat ere ematen da: zehazki, 12,8 miloi euro baino aberastasun handiagoa duten 38 pertsonetako bakoitzak, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko lioke urtero Ogasunari. Hau da, EAJ-PSE koalizioak Gipuzkoako 38 aberatsenei urtero 15 miloi t’erdi oparituko dizkie.

Baina gehien dutenen zergak jaistea larria bada, are larriagoa da, aldi berean gehien behar dutenei murrizketak ezartzea. Foru Aldundiko datuei erreparatuz, Gipuzkoan 16.697 pertsonek jasotzen dute mendekotasun prestazioren bat.

Urtarrilaren 1etik indarrean sartu den Foru dekretuarekin, 16.697 onuradunetatik % 27a, hau da, 4.330 pertsonak, murrizketak jasaten hasi dira. Gainera, mendekotasun handiena (III. Gradua) dutenek pairatuko dituzte murrizketarik handienak, hau da, diru-laguntzak gehien behar dituztenek.

Esate baterako, mendekotasuna duen pertsona etxean zaintzeagatik diru-laguntza jasotzen duten senideei hilero 25 eta 80 euro arteko murrizketa aplikatu zaie urtarrilaz geroztik, hau da, 300 euro urtean 1. gradukoen kasuan eta 1000 euro urtean 3. gradukoetan. Eta kontuan hartu behar da laguntza hauek, batez ere, senarra zaintzen ari den emakume pentsiodunek kobratzen dituztela.

Datuak argiak dira. Ez dira EH Bilduk asmatutako datuak, ezta sindikatu edo eragile sozialen datuak ere. Hauek guztiak Foru Aldundiak emandako datu ofizialak dira.
 
MOZIOA

1. Amasa Villabonako udalak, ez du zerga erreforma hau babesten eta ondorioz, ez du bat egiten Gipuzkoako aberatsenei zergak jaisteko erabakiarekin.

2. Amasa Villabonako udalak Fortuna Handien gaineko Zerga bere horretan mantentzea eskatzen du, zerga hau (beste askorekin batera) aberastasunaren banaketa solidario eta justua egiteko trena egokia dela pentsatzen baitu. 

3. Amasa Villabonako udalak ez du babesten aberatsen mesedetan ezarri den "zerga ezkutua" edo "escudo fiscal" delakoa.

4. Amasa Villabonako udalak mendekotasuna duten familiek jasotzen dituzten diru- laguntzetan murrizketarik ez egitea eskatzen dio Foru Aldundiari. 

5. Amasa Villabonako udalak Mozio hau Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako mahaiko lehendakariari helaraziko dio.
 
 
 
 
EH BILDU UDAL-TALDEA
Amasa Villabonan, 2018ko maiatzaren 23an
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!