Udaletxeko osoko bilkurako 6. puntuan jorratu zen Asuncion klinikako langile batzordearen proposamena. Aurretik, hainbat langilek kontzentrazioa egin zuten udaletxeko atarian eta horietako batzuk pleno aretora igo ziren osoko bilkurara. Gogoratu behar da klinikako langileak lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen duin baten alde borrokatzen ari direla 2017ko abendutik eta asko izan direla egin dituzten protesta ekintzak (paroak, grabak, manifestazioak, kontzentrazioak...). Udalbatzako ordezkari politikoen aurrean, langile batek aurkeztutako mozioaren defentsa egin zuen, mozioa aurkeztearen arrazoiak azalduz eta azken urteetan Asuncion klinikan eman diren hainbat gertakariren inguruko azalpenak emanez. Luze hitz egin zuen eta besteak beste klinika pribatua izateak sortu dituen arazoak aipatu zituen; langileen baldintzen okertzea, prekarietatea, diru publikoaren kontrol falta, Montoya klinikako jabeak egindako negozioak eta diru desbideraketak etab.
Hau da Asuncion klinikako langile batzordeak aurkeztutako mozioa, Amasa Villabonako udalbatzak bozkatzeko:
Lehenik eta behin, Arantza Lopez EH Bilduko zinegotziak hartu zuen hitza (bera ere Asuncion klinikako langilea izan da urte luzez eta ondo ezagutzen du egoera) eta langileen ordezkariaren ildo beretik, langileen baldintza eskasak kritikatu zituen eta beste eskualde guztiek duten bezala, Tolosaldeak ere ospitale publiko bat edukitzeko eskubide osoa duela aldarrikatu zuen. Montoya klinikaren jabearen jokabidea gogor kritikatu zuen Lopezek, Jaurlaritzatik jasotzen duen diru publikoari esker aberasten aritzea leporatuz, eta horren aurrean Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratzen duela salatuz. Arantza Lopezek azaldu zuenez, EH Bilduk urteak daramatza Asuncion klinikaren publifikazioa eta langileen baldintzak Osakidetzakoekin parekatzea defendatzen eta TOPA eragilearekin eta sindikatuekin elkarlanean aldarrikapen hauek defendatu ditu Tolosaldeko udaletan, kaleetan eta baita Gasteizko legebiltzarrean ere.
Ondoren, Eneko Urdangarin PNVko zinegotzi andoaindarrak hartu zuen hitza eta mozio honen aurrean PNV eta PSEk aurkeztutako kontra-mozioa defendatu zuen, testu hori langileek aurkeztutakoa baino egokiagoa eta eraginkorragoa izango dela argudiatuz. Langileekin hitz egiteko prest agertu zen, baina ez horrela, plenoa bezalako bilera irekietan. Bestalde, langileei leporatu zien lehenago ez jarri izana Villabonako PNVrekin harremanetan beren azalpenak emateko.
Interbentzio honen ondoren, EH Bilduko Xabat Laborde zinegotziak hartu zuen hitza eta langileek aurkeztutako mozioaren aldeko jarrera agertu zuen, Tolosaldeko edozein arduradun politikok sinatu beharko lukeen mozio bat dela esan zuen Labordek. PNV eta PSEri galdera zuzena bota zien Labordek: "Mozio honen kontra bozkatzea erabaki duzue, beste testu alternatibo bat aurkeztuz, zergatik? langileek aurkeztutako mozioaren zein punturekin ez zaudete ados?" eta Jeltzaleei zuzendu zitzaien jarraian "izan zaitezte ausartak eta esan ezazue benetan pentsatzen duzuena, klinika gaur egun dagoen bezalaxe oso ondo dagoela eta ez duzuela Tolosaldearentzat ospitale publiko bat nahi, izan zaitezte ausartak eta esan iezaiezue langileei aurpegira, hori baita egia". Gainera jendea engainatu nahi izatea leporatu zion Labordek Urdangarin jaunari, "zuek aurkeztutako testu hau, langileek aurkeztu dutena baina haratago doala sinestarazi nahi diguzu? mesedez! hori ez du inork sinesten". Eskuineko alderdi guztiek egiten duten bezala, osasuna, eskubide unibertsala dena, pribatizatu nahi izatea leporatu zion Labordek PNVri.
Azkenik bozkatzeko momentua iritsi zen eta Asuncioneko langileek aurketutako mozioa ez zen onartua izan, EH Bilduren aldeko 6 bozka izan zituen eta PNV-PSE koalizioaren kontrako 7. PNV-PSEk aurkeztutako kontra-mozioak aldeko 7 bozka izan zituen eta EH Bildu abstenitu egin zen.