Udalak kaleko publizitatea arautzeko ordenantza onartu du, adierazpen askatasuna mugatuz eta zentsura ezarriz

EH Bildutik oso argi adierazi nahi dugu herriko kaleetan ezartzen diren kartelek edo pankartek sor ditzaketen arazoak aztertu eta konponbideak bilatu behar direla pentsatzen dugula. Espazio publikoaren (kalearen eta kaleko pareten) erabilera gizalegezkoa izan behar da eta kalteak eragin gabe garatu behar dela defendatzen dugu.

Gure ustez gai hau seriotasunez landu behar litzateke eta neurri edo arauak ezarri behar badira, hauek ahalik eta adostasun zabalenarekin onartu behar direla defendatzen dugu. Horretarako, antolatzen dituzten ekintzen propaganda egiteko kartelak jartzen dituzten herriko elkarte eta eragileekin elkartu eta gaia modu irekian jorratu behar litzateke, planteamendu eraikitzaile eta propositiboarekin. Baina oraingoan ere, legealdi honetako estiloari eutsiz, udalak aldebakartasunez ordenantza bat onartzea eta neurri zorrotz eta zigortzaileak inposatzea erabaki du. 
 
PNVko ordezkariek gai honetan akordioa bilatu nahi izan dutela diote, baina hasieratik ordenantza eredu bakarra jarri dute mahai gainean, nahita EH Bildurekin akordio bat lortzeari ateak itxiz. Eta gure ustez, eragile ezberdinekin adostasunik bilatu gabe, prepotentziaz ezartzen diren arauek, ibilbide urria dute, ez dira eraginkorrak eta giroa nahasteko besterik ez dute balio.
 
Kartel edo pankarta bat jartzeagatik 100 eta 200 euro arteko isuna
 
Ordenantza honek debeku eta zigor-neurri ugari ezartzen ditu eta jeltzaleek paretetan kartelak eta kaleetan pankartak edota banderak jartzea "arautu" nahi dutela esaten badute ere, errealitatean euskarri hauen ezarpena debekatu egiten du ordenantza honek. Beraz, ordenantza indarrean sartzen denean, guztiz debekatuta egongo da (udalak jarriko dituen panel gutxi batzuetatik kanpo) kartelak, pankartak edota banderak jartzea. "Arau hauste" hauengatik 100 eta 200 euro arteko isuna ezarri ahal izango dio udalak edozein pertsonari edo sinatzen duen elkarteari.
 
EH Bilduren ustez honako neurriak adierazpen eta informazio askatasunaren aurka doaz zuzenean eta oinarrizko giza eskubide hauek murriztea, kontu kezkagarria da.  
 
Azken asteetan PNVk eta Maite Izagirre alkateak argitaratutako iritziekin herriko giroa gaiztotu nahi izan dute, ordenantza honen onarpenari bide emateko edo arau gogor hauen ezarpena auto-justifikatzeko asmoz. Logika honetan soilik uler daiteke martxoaren 8aren hurrengo egunean, alkateak greba feministaren eta mobilizazioen arrakasta aipatu ere egin gabe, herrian agertutako margoketa batzuk nabarmendu nahi izatea. Era berean margoketen kontra udalak argitaratutako bandoak estrategia horri erantzuten dio.
 
Eta orain hementxe dugu Mozal Legearen gisa bereko udal ordenantza, margoketak, kartelak eta beste adierazpen mota asko zaku berean sartzen dituena.
 
Azkenik gaur bertan PNVk udaleko web orri ofizialean argitaratutako gezurrez jositako ohar lotsagarria aipatu behar dugu. Manipulazioaren adibide ezin hobea. Erabat onartezina da erakunde publiko baten izenean gezur borobilak jaurtitzea, adibidez hitz batzuk oposizioko zinegotzi baten ahoan jarriz (komatxo artean) hitz horiek sekula esan ez direnean. Hau adibide bat besterik ez da, ohar penagarri horretatik beste hainbat ere aipa genitzake. Bestalde udal gobernuko jeltzaleei gogorarazi behar diegu EH BILDU dela oposizioko alderdi nagusiaren izena, ez ezker abertzalea. Probokazio gisa udalaren oharrean behin eta berriro errepikatzen da ezker abertzalearen izena. Guk gutxieneko errespetua eta gezurrik ez argitaratzea da eskatzen dugun bakarra, baina badirudi herritarrei gezurrak sinestarazteko helburu zikoitzarekin, jeltzaleak edozer gauza idazteko gai direla. Honek agerian uzten du egungo udal gobernuak duen lotsa eta etika gabezia larria.   
 
 
Amasa Villabonan, 2018ko martxoaren 23an

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!