Amasa Villabonan ere, Euskal Herri osoko txoko guztietan bezalaxe, arrakasta handia izan zuen grebak eta mobilizazioak oso jendetsuak izan ziren. Azken urteetako mobilizaziorik handienak izan ziren herriz herri eta zorionez gure herria ez zen salbuespena izan. Goizeko 11:00etan abiatu zen kalejira zaratatsua benetan ikusgarria izan zen, ehunka lagun izan ziren eta burrunbada handi batek Villabonako kaleak zeharkatu zituen. Arratsaldean ere jendetza handia bildu zen eta elkarretaratzea manifestazioan bilakatu zen. Sekulakoa izan zen eta herrian bizi izan genuen giroa paregabea izan zen. Mugimendu feministak jende uholdea mobilizatzea lortu zuen eta egiazko berdintasunaren aldeko eta emakumeek pairatzen duten zapalketa mota ezberdinen kontrako aldarrikapen eta ohiuak nonahi entzun ziren.
Amasa Villabonako EH Bildutik mugimendu feminista txalotu eta zoriondu nahi dugu, aurtengo martxoaren 8a benetan historikoa izatea lortu izanagatik. Villabonan antolatutako asanblada feministak sekulako lana egin du azken asteetan eta emaitza ikusgarria izan da. Espero dugu egindako lanak bere fruituak ematea eta mugimendu feministak mahai gainean jarri dituen aldarrikapenak errealitate bilakatzeko bidean pausu sendoak ikustea datozen aste eta hilabeteetan. Ez dugu zalantzarik, martxoaren 8 historiko honek emaitzak utziko ditu eta hori mugimendu feministak erakutsi duen antolaketa eta mobilizazio gaitasun paregabeagatik izango da.
Gora borroka feminista!!!
Gora borroka feminista!!!