Gipuzkoako Erraustegiaren aurkako herri mugimenduak protesta ekimen eta mobilizazioekin jarraitzen du Foru Aldundia Zubietan eraikitzen ari den erraustegia gelditzeko eskaera zabalduz. Duela gutxi mendi martxa jendetsu bat antolatu zen eta bihar, otsailaren 24an, manifestazio handi bat egingo da Donostian. Gipuzkoa osoan %80ko birziklatze tasa lortzea posible dela aldarrikatzen dute eta PNV eta PSEk zuzentzen duten foru gobernuari birziklatzea nahikoa ez sustatzea leporatzen diote.
Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu manifestazio honen helburu eta mezuarekin eta ondorioz, parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei.
Gure herrian egiaztatu edo frogatu dugu %80ko birziklatze tasa lortzea (eta baita gainditzea ere) posible dela eta beraz, horixe bera Gipuzkoa osoan ere egin daitekeela. Hau erdietsi ezkero, errausketa plantak ez luke inongo zentzurik izango, ez litzateke bideragarria izango.
Helburu hori lortzeko ordea, borondatea (borondate politikoa) izatea da kontua, baina tamalez, egungo Gipuzkoako Foru Aldundia zuzentzen duten PNV-PSE alderdiek ez dute horretarako inolako asmorik erakutsi, kontrakoa, kosta hala kosta Zubietako errausketa planta eraikitzea izan da beraien jomuga. Arduradun politiko hauek izan duten jarrera oso larria iruditzen zaigu, izan ere, azpiegitura honen eraikuntza lehenetsi dute ingurumenaren eta herritarren osasunaren gainetik. Frogatua dago erraustegiek (baita modernoenek ere) kutsakorrak eta osasunarentzat kaltegarriak diren gas eta partikulak aireratzen dituztela atmosferara eta horrek besteak beste minbiziak pairatzeko arriskua handitzen duela inguruko herrietan bizi direnengan.
Egoera honen aurrean, ezinbestekoa da herritarrak aktibatu eta mobilizazioen bidez PNV-PSE alderdietako arduradunei presioa eragitea, zentzu horretan biharko manifestazioa oso jendetsua eta mugarri garrantzitsua izatea espero dugu.
Oraindik garaiz gaude erraustegia gelditzeko! Bihar denok Donostiara!