EH Bilduk eskatu zuenetik urte terdi pasata, azkenik ezarri da udalbatzako grabazio sistema

EH Bilduko udal-taldeak 2016ko ekainean, bai, 2016ko ekainean! ofizialki eskatu zuen grabazio sistema bat ezartzea, udaleko batzarretan esandakoak ez zirelako aktan behar bezala jasotzen.

Urte terdi beranduago, azkenik ezarri da grabazio sistema berria eta udaletxeko areto nagusiko mahaian mikroak jarri dira. EH Bilduren eskaerak 2016ko azaroan jaso zuen erantzuna, eta 2017ko aurrekontuetan 20.000 euro ezarri ziren grabazio sistema hau martxan jartzeko.  

2017. urtean zehar egindako ia bilkura guztietan, aurreko bilkurako akta onartzeko puntuan, EH Bildutik grabazio sistema ezartzeko eskaera gogorarazten zitzaien PNVko udal gobernuko kideei, hilabetero hilabetero. Kasu batzuetan akta onartzeko puntuan abstentzioa bozkatzea erabaki zuen EH Bilduk, aurkeztutako aktak ez baitzituen aurreko bilkuran esandako hainbat adierazpen, benetan esan ziren moduan jasotzen. 

Azkenik, 2018ko urtarrilean ezarri zen grabazio sistema eta bilkura hori izan zen grabatu zen lehena. EH Bildutik harriduraz ikusi dugu aste honetan udal gobernuaren komunikaziotik (gogoratu komunikazioa edo propaganda lana egiteko Ordiziako PNVko kide bat kontratatu zuela alkateak dekretu bidez) komunikabideetara ohar bat bidali dela grabazio sistema berri eta "berritzaile" edo "pionero" bat jartzea erabaki duela adieraziz. Noski, ohar horretan ez da hau EH Bilduren eskaera baten ondorioz egin dela aipatu ere egiten eta PNVren gobernuaren iniziatiba edo erabaki bat balitz bezala saldu nahi izan dute. Beste behin, kosta hala kosta udal gobernuaren propaganda egiteko, ez dute arazorik izan egia edo errealitatea ezkutatzeko. 

EH Bildutik gai honetan ere, gauzak nola izan diren argitzeko beharra ikusi dugu, herritarrek egia osoa jakin dezaten eta udaletik egiten den komunikazio praktika manipulatzaileak agerian geratu daitezen.
    

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!