Mobilizazio sozialak biderkatzea eta gure jendarteak aurrera egitea ahalbidetuko duen egiazko berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko beharrezkoak diren tresna politikoak eraikitzea, lehentasun osoa duen helburua da EH Bildurentzat. Eraiki nahi dugun jendarte eredua Euskal Herrian bertan erabaki ahal izatea aldarrikatzen dugu, horrek ahalbidetuko baitio gure herriari behar dituen aldaketa sozialetan aurrera egitea, eta gizon eta emakumeek berdintasunean oinarritutako jendarte justua partekatzea.
Zaintza-lanak eta enplegua berdintasunean eta bidezko era batean partekatu behar dira; pertsonen beharrizanak erdigunean jarri behar ditu sistema ekonomikoak, eta ez merkatuarenak; erabaki politikoetan egiazko berdintasun egoeran parte hartzeko aukera izan behar dute emakumeek, eta beren gorputzaren gaineko zein sexualitatearen gaineko erabakiak askatasunean hartzeko aukera izan behar dute, indarkeria matxistarik gabe, aske bizi ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat egin, eta martxoaren 8ko ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten die EH Bilduk Euskal Herriko emakumeei. Era berean, beren egunerokoan ere lanean jarraitzeko deia egiten die, gure herriak behar dituen tresna politikoak eskuratu eta jendarte eredu aurreratua, justua eta ekitatiboa eraikitzeko, egiazko berdintasunean oinarritutako jendarte eredua eraikitzeko.
Amasa Villabonan, Emakumeen asanblada irekia ostegunean
Gure herriko emakume feministak martxoaren 8ko zita garrantzitsua prestatzen hasiak dira eta ostegun honetan, hilak 22, asanblada irekia antolatu dute 19:00etan udaletxeko balio anitzeko gelan (liburutegi gainean).
Amasa Villabonako EH Bildutik asanblada honetan parte hartzeko deia egiten diegu gure herriko emakumeei. Martxan jarri, mugitu eta egin planto! sistema patriarkal eta matxistaren aurka eta benetako berdintasunaren alde.