IRITZI ARTIKULUA: "Berriro ere PNV lotsagabe manipulatzen, aurrekontuetan EH Bilduk egindako ekarpena ezkutatuz"

Jakina denez, pasa den urtarrilaren 29an onartu ziren Amasa Villabonako udaleko 2018ko aurrekontuak. Hasiera batean PNVko gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamena, eta azkenik udalbatzak onartutakoaaren artean, ezberdintasun ugari daude. Izan ere, EH Bilduko udal taldeak, udalean oposizioa egiten duen indar politiko bakarrak (PSEko zinegotziak praktikan PNVko beste zinegotzi baten gisan jokatzen du), aurrekontuak sakon aztertu eta 16 zuzenketa edo hobekuntza aurkeztu zituen.

Oposiziotik egindako zuzenketa proposamen hauen inguruan hitz egiteko eta adostasunak bilatzeko helburuarekin, EH Bilduk mahai batean esertzeko gonbita egin zion PNVri. Jeltzaleen erantzuna argia izan zen: PNVk erabakiak batzokian hartuko zituela eta ondoren, aurrekontuak onartzeko bilkuraren aurretik jakinaraziko zituela. Beraz, esan daiteke PNVk ez zuela hitz egin eta negoziatzeko inolako borondaterik izan.

Udaleko osoko bilkuraren egunean bertan, PNVk EH Bilduren 16 proposamenetatik 8 onartuko zituela jakinarazi zuen. Finantziazioan aldaketa batzuk sartu zituzten, baina finean esan daiteke EH Bilduk egindako zuzenketen erdiak, 2018ko aurrekontuetan jaso direla.

Hau horrela izanda, pasa den asteburuan Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietan irakurri ahal izan genituen albisteek, lehenik ahoa bete hortz eta gero haserre edo amorratuta utzi gintuen.

Otsailaren 3an Diario Vasco-n argitaratutako albistean, udalbatzan onartuak izan ziren EH Bilduren zuzenketak, beren ideia eta hobekuntzak izango balira bezala aurkeztu zituen PNVk. Besteak beste, Ajibeko kultur emanaldiak, Harituz bertso elkarteari laguntza, euskara ikasteko diru laguntzen igoera eta desfibriladoreen erosketa aipatzen ziren. Honekin, jeltzaleek aurpegi galanta dutela erakutsi dute, modu susmagarrian honakoak oposizioak proposatutako zuzenketak izan zirela esatea "ahaztu" zitzaien, eta beraiek osatutako aurrekontuetako ezaugarri garrantzitsu bezala saldu nahi izan zituzten.

Baina hori ez da dena, albiste osoan EH Bildu behin soilik aipatzen da eta gainera gezur baten bidez EH Bilduren lana zikintzeko asmoarekin. Irisgarritasun planerako bideratuko den dirua aipatu ondoren "No se ha aceptado la propuesta de EH Bildu de eliminar esta partida" irakur daiteke eta hori gezur borobila dela salatu behar dugu. EH Bilduk irisgarritasun planerako zeuden 47.000 euroetatik 20.000, Larreako parkea estaltzeko proiektura bideratzea proposatu zuen, ez diru guztia kentzea.

Bestalde, Noticias de Gipuzkoako albistea ere aipatu behar dugu. Bertan EH Bildu ez da aipatu ere egiten, "izquierda abertzale" bezala izendatzen dute. Izendapen hau egiteko ohitura zabaldua dago jeltzaleen artean, badirudi kosta egiten zaiela "EH Bildu" esatea, argi dago hau jarrera zirikatzaile eta nahiko maltzurrarekin egiten dutela. Noticias-ko albistean ere, DVkoan bezalaxe, EH Bilduren proposamenei esker aurrekontuetan egindako aldaketak, PNVko udal gobernuaren uztakoak direla ulertarazi nahi izan dute.

EH Bilduko udal taldeko kideak kokoteraino gaude, bai kokoteraino, PNVko udal gobernuak behin eta berriro erakusten duen jokabide zikin, maltzur eta manipulatzailearekin. Udal gobernutik komunikabideetara bidaltzen diren prentsa-oharretan, demostragarriak diren gezurrak eta erdi-egia interesatuak ikusi behar izan ditugu askotan (gehiegitan), guztiak helburu bakarrarekin; garatzen ari diren udalaren gestio kaskarra ezkutatu edo disimulatzea, egiten duten apurra artifizialki apainduz saltzea eta EH Bilduren lana publikoki leku txarrean uztea.

Onartezina da herritar guztiak ordezkatu beharko lituzkeen administrazio publiko baten izenean, kasu honetan Amasa Villabonako udalaren izenean, komunikabideei datu faltsuak bidaltzea eta gainera nahita, intentzio politiko garbi batekin. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi, zenbait komunikabidek albiste hauek argitaratzean erakusten duten profesionaltasun maila eskasa, izan ere, kasu hauetan argi geratu da argitaratzen diren informazioak ez direla inolaz ere kontrastatuak izan, ez kazetarien aldetik eta ezta komunikabide hauetako edukien arduradunen aldetik ere.   

Aipatu behar dugu jeltzaleak maisuak direla marketing-a egiten, udalak egiten duen guztia propagandaren bidez (Amavi aldizkaria eta komunikabideak erabiliz) oso apain eta dotore aurkezten dutelarik. PNV 2019ko udal hauteskundeetarako aurre-kanpainan murgilduta dago aspalditik baina herritarrak helduak dira, ez dira inozoak, eta badakite propaganda merkea eta errealitatea bereizten.

*Iritzi Artikulu hau argitaratu eta ordu gutxira, DVn eta Noticiasen irakurritako ohar berbera argitaratua izan da Villabonako udalaren web orri ofizialean eta gainera udalaren sare sozialetako profiletatik zabalpena eman zaio. Jokabide hau lotsagarria eta salagarria iruditzen zaigu, erakunde publiko baten izenean prentsan gezurrak argitaratu izana larria bada, askoz ere larriagoa da udaletxeko web orri ofizialean ere gezur berberak publikatzea. Aste honetan honen inguruko azalpenak eskatuko dizkiogu PNVren udal gobernuari. 

Xabat Laborde Etxabe

AMASA VILLABONAKO EH BILDUko UDAL TALDEAREN IZENEAN

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!