Herri Batzar Irekia, Amasa Villabonako EH Bilduren egitura berria aurkezteko

Amasa Villabonako EH Bilduren egituraketa berriaren aurkezpena izango da Herri Batzar honetako gai bakarra. Azken asteetan garatutako barne prozesu baten ondorioz EH Bildu zabaldu eta indartzea lortu da.

Azken hilabeteetan, bereziki pasa den ekainaren 17an Bilboko Euskalduna jauregian Euskal Herria Bilduren lehen kongresua egin zenetik, Amasa Villabonako EH Bilduren zabalpen eta berregituraketa lanetan aritu gara. Dagoeneko EH Bildu ez da lau alderdi politikok osatutako koalizio soil bat, izaera propioa duen subjektu politiko berri bat baizik. Aipatutako kongresuan, EH Bilduren zuzendaritza eta barne organo guztien osaketa erabaki ziren, prozedura garden eta erabat demokratikoen bidez (kongresua.ehbildu.eus atarian izena eman nahi izan zuten pertsona guztiek bozkatu ahal izan zituzten aurkeztutako hautagaiak) eta bertan hasi zen Euskal Herria Bildu zabal eta irekiago bat sortzeko ibilbidea. EH Bildu gehienbat erakunde edo instituzioetarako tresna izatetik, herri eta auzoetan presente egotera eta herritarrekin eskuz-esku lan egingo duen eragile politiko indartsu eta eraginkor bat izatera pasako da.   

Amasa Villabonan ere zabalpen eta eraberritze prozesua garatu dugu, jendearekin lasai hitz egiten, gogoeta zein iritziak jasotzen, antolaketa eta funtzionamendurako proposamen ezberdinak eztabaidatzen... aritu gara, eta datorren abenduaren 20an egingo dugun Herri Batzar irekian, egindako lanaren emaitza aurkeztuko dugu.

EH Bildu da Amasa Villabona ezkerretik eta modu parte hartzaile, demokratiko, garden eta herrikoi batetik eraikitzeko alternatiba bakarra. Herritarrekin eta herriko elkarte eta eragileekin batera, Amasa Villabona justu, solidario eta aurrerakoi bat eraiki nahi dugu, gure herrikideen bizitza kalitatea hobetzeko eta jendeak bere oinarrizko beharrak aseta izanik, ahalik eta alaien bizitzeko helburuarekin. 

Horretarako ordea, militantzia lana eta konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzea behar beharrezkoa izango da eta zorionez, asko izan dira Euskal Herria Bildun bere ekarpena egiteko prest agertu diren herritarrak. Eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin modu batera edo bestera lan egiteko prestutasuna azaldu duten amasa billabonatar guztiei.

Gauzak horrela, egindako lanaren fruituak aurkezteko garaia heldu da eta horixe izango da Herri Batzar honetan egingo duguna; Amasa Villabonako EH Bilduren egitura eta antolaketa berria azaltzea, urteko plangintzaren ezaugarri nagusiak konpartitzea eta aurrera begira izango ditugun erronka nagusiak mahai gainean jartzea.  

Anima zaitez zu ere, EH Bildurekin gure herriaren etorkizuna zuk erabaki dezakezu eta!

HERRI BATZARRA:

  • Abenduak 20, asteazkena, 19:30etan Udaletxeko balio anitzeko gelan (liburutegi gainean).

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!