Inaugunazio ekitaldian Maite Izagirre alkatearekin batera, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria izan zen eta Villabonak bulego hau izateko egindako lana eta "udalak administrazioaren modernizazioarekin duen konpromisoa" goraipatu zuten biek. Ivan Agirre alkate ohia izan zen Herritarren Arreta Zerbitzua martxan jartzeko erabakia hartu eta konbentzimendu guztiarekin aurrera egin zuena, horregatik aipamen bat merezi duela uste dugu eta inaugurazio ekitaldian ez ikusteak harritu egin gintuen. Udaleko langileak, EH Bilduko udal taldeko zinegotziak eta herritar batzuk ere izan ziren inaugurazio ekitaldi horretan. Bulegoak itxura aldetik oso dotore geratu dira Villabona eta Amasako argazki zaharrekin apaindurik.
Proiektuak gure babes osoa du
EH Bilduk egitasmo hau babestu du, udalak herritarrei eskaini ahal izango dien arreta hobetzeko baliagarria izango dela uste dugulako. Herritarrek udalean egin beharreko gestioak bulego bakar batean zentralizatzeak, arretaren kalitatea hobetzea ekarri behar luke, jendeak udaletxean gora eta behera ibili beharrik gabe, herritarren beharrei erantzun azkarragoa emanez. Espero dugu teoriatik harago, eguneroko errealitatean Herritarren Arreta Zerbitzu berri honek hobekuntza horiek ekartzea.
Hau esanda, uste dugu proiektu honen inguruko zenbait gertaera gogoratzea komeni dela:
Atzerapen nabarmena pilatu du
Proiektu hau, legealdia hasi eta berehala, 2015. urtean, Ivan Agirre alkatearen iniziatibaz jarri zen martxan. Gure ustez, bulego hau martxan jartzeko bi urte oso osorik behar izatea oso poliki edo mantso aritzea da, baina tira, hobe berandu, inoiz ez egitea baino.
Honako hau, legealdi honetan PNVren gobernuak izan duen iniziatiba garrantzitsu edo aipagarri bakarra izan da eta hori ere atzerapenarekin egiteak, egungo udal agintariek duten eraginkortasun falta agerian uzten du.
Udala atzean gelditzen ari da administrazioaren digitalizazioan
Gai honekin lotura argia izanik, teknologia berrien erabilera eta administrazioaren digitalizazio prozesua aipatu behar dira derrigor, eta arlo horietan Villabonako udala atzean geratzen ari dela ikusten ari gara. Gaur egun dauden baliabide teknologikoekin, udalean ohikoenak diren tramiteak (errolda agiriak, multak ordaintzea, udalari eskaerak egitea, kexak tramitatzea...) internet bidez egiteko aukera dago, aipatutako tramiteak bakoitzak bere etxetik edo mugikorretik egin ditzakeelarik. Udala zabalik dagoen ordutegia goizekoa izanik, honek herritar askori lagunduko lioke. Egungo udal gobernuak ordea, ez du alor honetan inolako aurrera pausurik eman.
Zentzu honetan, aipatzekoa da udaleko web orriaren egoera traketsa. Web orri txukun, sinple eta aldi berean erabilgarria izateak asko lagundu dezake aurretik aipatutako tramiteak egiteko garaian. Legealdi honetan ordea, udaleko web orria ez da ezertxo ere aldatu eta guztiz desfasatua geratzen utzi da.
Bulegoetako obrak “a dedo”
Bulego berrien obrak egiteko garaian, udal gobernuak Maite Izagirre alkateak sinatutako dekretu baten bidez bere konfiantzazko arkitekto bat kontratatu zuen, inolako lehiaketarik egin gabe. Bulegoen ezarpenaren proiektuak egiteagatik, 9.200 euro ordaindu zion udalak arkitekto honi. Beranduago, beste alkate-dekretu baten bidez, obren zuzendaritza ere berari eman zitzaion, beste 3.630 euro ordainduz.
Obra garesti xamar irten zaio udalari
Bulegoak eraberritzeko udalak 158.000 euro inguru gastatu behar izan ditu, gure ustez zifra altu xamarra da metro karratu gutxi dituen espazio horretarako.
Zentzurik gabeko gauzak egin dira
Lehen, bake epaitegiko bulegora sartzeko atea udaletxe barruan zegoen, ba obra honekin, ate hori desagertu egin da. Hemendik aurrera Bake epaitegia okupatua dagoenean, libratu arte itxaron behar duen jendeak kale gorrian, udaletxeko arkupeetan egon beharko du zain. Zein zentzu dauka honek?
Bake epaitegira sartzeko zegoen atea estali egin da obra honetan