Uste dugu gai honekin kontzientziazio eta sentsibilizazioa egitea behar beharrezkoa dela eta lan horretan erakunde publikoek lidergoa hartu behar dutela, gizarte eragileekin elkarlanean. 

Horrela, Villabonako Udalak gai hau lantzeko, kanpaina publiko eta zabal bat garatzeko konpromisoa har dezan, mozioa aurkeztu dugu datorren abenduaren 18ko Udalbatzan eztabaidatu eta bozkatu dadin. 

Hau da Amasa Villabonako EH Bilduren udal taldeak mahai gainean jarri duen mozioa:

Amasa Villabonako EH Bildu Udal-taldeak, jolas ez sexisten inguruko kanpaina jorratu dadin honako ebazpen proposamena aurkezten du, Villabonako udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatua eta bozkatua izan dadin:

ZIOA:

Gabonak, beste gauza askoren artean, jolas eta oparien salerosketarako garaiak izaten dira. Data hauetan, jolas mordoarekin egiten dute topo gaztetxoek. Honek, gainera, beraien baloreen garapenean eragin handia izaten du.

Egun, kontsumismo basatira bideratutako egunak bilakatu dira Gabonak. Merkatal gune handiak jendez lepo egoten dira eta iragarkien bidez erosketa etengabeak egitera gonbidatzen edo bultzatzen da jendartea. Gainera, jolas beliko eta sexistak dira nagusi edozein jolas-markaren webguneetan edota iragarkietan. Hain zuzen, jolas hauek, jendarte sexista baten eredua bultzatzen dute zeinetan neskak zaintzarako eta eder egoteko objektu bezala hezi nahi dituen eta mutilak subjektu aktibo eta bortitzak izateko. Jostailuek, etorkizunean eraiki nahi dituzten emakume eta gizonen rolak aldez aurretik ikasteko prozesua zabaltzen dute, eta honen baitan aktibotasuna, zaintza, elkartasuna, elkarren arteko errespetua... guztientzako baliagarriak diren roltzat jotzen ditugu; balio hauek dira indarrean jarri beharrekoak jolasen bidez ere, hain zabaldua dauden indarkeria eta sexismoaren gisako balioak baztertuz.

Gaztetxoek jasotzen dituzten opariek umeengan inplizituki, balore konkretu batzuk sustatu eta euren arteko desorekak ekar ditzakete. Alegia, bitarteko ekonomiko handiagoak dituen familia batek jolas gehiago izango ditu, eta beraz, horrek umeen artean diskriminazio egoerak sortzeko arriskua du.

PROPOSAMENA:

1.- Amasa Villabonako udalak, Gabonetako testuinguruan, ondorengo ezaugarriak izango dituen  kanpaina publiko bat diseinatu eta garatzeko konpromisoa hartzen du:

  • Kontsumismo basatiari aurre eginez, jolas belikoak eta sexistak ekidin, eta jolas hezkidetzaile eta ez sexisten, eta balio arduratsuen aldeko kanpaina publiko bat izango da. Kanpaina honek ahalik eta ikusgarriena izan behar luke, udalak herritarrengana iristeko dituen tresna eta baliabide anitzak erabiliko dituelarik; bideo edo spot-ak, esku orriak, kartelak, publizitate panel handiak, iragarkiak komunikabideetan, sare sozialak...
  • Udalak, kanpaina publiko eta zabal hau, Amasa Villabonan jarduten duen kontsumitzaile elkarte, eskoletako guraso elkarte eta Oria merkatari elkartearekin partekatuko du. Elkarte hauek ere jolas ez sexisten aldeko subjektu aktibo izateko helburuarekin.  

2.- Amasa Villabonako udalak, aipatutako kanpaina honen helburu bera izango lukeen kanpaina zabal bat garatzeko eskaera egiten dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Era berean, kanpaina hau Gipuzkoa osoko kontsumitzaile elkarteekin eta herri zein eskualdeetako merkatari elkarteekin partekatu dezala eskatzen du. Azkenik, Amasa Villabonako udalak kanpaina hau Gipuzkoa osoko merkatal gune handietan ere zabal dadila eskatzen dio Foru Aldundiari.

Amasa Villabonan, 2017ko abenduaren 13an


Jakitun gara, gainean ditugun aurtengo Gabonetan kanpaina txukun eta behar bezalako bat diseinatu eta martxan jartzea oso zaila izango dela, baina mozio honen bidez gutxienez datorren urtera begira, udalak lanketa txukun bat egitea da lortu nahi duguna. Gai honek gizarte osoari eragiten dio eta egokiena erakunde publiko nagusietatik (Jaurlaritza edo Foru Aldunditik) sentsibilizazio kanpaina zabal, orokor eta indartsuak egitea izango litzateke, baina hori egiten ez den bitartean, udalek heldu beharko liokete.

Udalari konpromisoak eskatzeaz gain, EH Bilduk bere kabuz landuko du gai hau eta Gabonen testuinguruan dinamika xume bat jarriko du martxan. Uste dugu etorkizunean gizarte patriarkal hau irauli ahal izateko, gaurtik hasi behar dugula sexismoari eta bazterkeriari aurre egiten.