Manifestazioaren antolakuntzan aritu ziren Bake Artisauek emandako datuen arabera, guztira 11.000 pertsona inguru bildu ginen Parisko Montparnasse plazan, ondoren erdiguneko hainbat kale zeharkatuz, kilometro terdiko ibilbidea egiteko. Zanpantzarrak, dultzainak, kazetariak, aurpegi ezagunak (tartean ziren EH Bilduko Maddalen Iriarte, Josu Juaristi edota Pello Urizar, ELAko Txiki Muñoz, José Bové ekologista frantziarra, Rafa Diez, Fermin Muguruza... ), ELA eta LAB sindikatuetako edota Aintzina gazte erakundeko banderak, milaka ikurriña eta presoen gerturatzea eskatzen duten banderolak, Bake Artisauen banderak etab. Parisko tenperatura hotzari aurre eginez, giro bikaina zegoen manifestazioaren irteera puntuan.
Montparnassen, manifestazioa hasi baino lehen
Manifestazioa atzerapenarekin hasi zen, irteera gunera oraindik jendea iristen ari baitzen, bitartean zanpantzarrak eta musikariak giroa berotzen aritu ziren. Txalo zaparrada handi batek iragarri zuen manifestazioaren hasiera, eta plaza hartan denbora luzez egon ondoren, azkenik abiatu zen mobilizazioa, "Euskal presoak etxera!" zen gehien entzuten zen ohiua. Momentu hartan kaletik zebiltzan paristarrek, harridura aurpegi nabarmenarekin begiratzen zioten milaka euskal herritarrek osatutako jende uholdeari. Manifestazio buruan, Bakearen Artisauak eta Ipar Euskal Herritik joandako kolore guztietako aordezkari politikoak zihoazen eta beraien atzetik Etxerat elkarteko senideak, beren betiko zapi eta banderolekin.
Ipar Euskal Herriko hautetsi eta ordezkari politiko esanguratsuenak manifestazio buruko pankartan
Atzetik, milaka euskal herritar kaleak leporaino betez
Kilometro terdiko ibilbidea burutu ondoren, manifestazio amaierako ekitaldia egingo zen plazara heldu ginen. Bertan zegoen Fermin Muguruza, Bad Sound Sistem eta beste hainbat musikari gainean jotzen ari ziren bitartean manifestazio osoa atzetik aurrera zeharkatu zuen eszenatoki bilakatutako kamioi erremolkea. Plaza jendez bete zen segituan eta amaiera ekitaldia hasi zen. Jean-René Etchegaray, Lapaurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako lehen erakunde publikoa den Euskal Elkargoaren presidenteak txalo zaparrada handia jaso zuen bere hitzartzea hasi baino lehen. Etchegarayk mobilizazioaren garrantzia azpimarratu zuen eta presoen sakabanaketa eta urruntze politikarekin amaitzeko eskatu zion Frantziar Gobernuari. Ondoren Bake Artisauen ordezkariek hartu zuten hitza eta hauek ere txalo zaparrada bero batez agurtu zituen Paris erdiguneko plaza hartan bildutako jendetzak. Ekitaldia amaitu bezain pronto, Fermin Muguruza eta Bad Sound Sistem-eko musikariak Sarri-Sarri kanta ezaguna jo zuten, jendea pozez zoratzen, dantzan eta saltoka hasi zen, giro paregabearekin amaitu zen mobilizazio historiko hau.
Manifestazioaren amaierako plaza jendez gainezka
Mobilizazioa amaituta, jendea Paris erdiguneko kaleetatik sakabanatu zen, denak pozik eta harro, egun ahaztezina izateaz gain, mobilizazio hau euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurri bidegabeekin behin betiko amaitzeko inflexio puntu garrantzitsua izango denaren jakitun. Hori da guztion esperantza, Frantziako agintariek euskal herritarron ahotsa entzutea eta lehen urrats bezala, frantziar espetxeetan dauden euskal presoak lehenbailen hurbiltzea. Jakina da hori ez dela behin betiko konponbidea izango, baina oso garrantzitsua litzateke, lehen aldiz espainiar estatua bakarrik geratuko litzatekeelako bere kartzela politika ankerrarekin.