Euskara batzordea ia ez da biltzen
Udaleko euskara batzordeak izan duen martxa apala da baieztapen horren adierazgarritako bat, izan ere, udaleko euskara batzordea ez da apenas biltzen eta ibilbide oso murritza izan du 2015eko ekainetik. Aurreko legealdietan batzorde hau (normalean) hileroko maiztasunarekin biltzen zen eta azken 2 urte eta erdian soilik 7 alditan bildu da. Urtean 2 edo 3 alditan! Gainera bilera gehienak gai gutxikoak eta gehienez ordu erdiko iraupenekoak izan dira.
Euskaran Ados! lan-mahaia ere geldiarazi du EAJ-PNVk
Bestalde, aurreko legealdian aurrera urrats bat eman zen "Euskaran Ados!" lan mahaiaren sorrerarekin. Mahai honetan, udal arduradunak, euskara teknikaria, herriko ikastetxeak, euskalgintzako elkarteak, euskarazko hedabideetako kideak... elkartu, eta euskara bultzatzeko programak, ekimenak eta neurriak martxan jartzea lortu zen, 2014-2018rako euskara-plana adostuz. EAJ-PNVko udal gobernuarekin batera, lan mahai honen etena etorri zen.
Paralisi honen aurrean, 2016ko abenduan, EH Bildutik lan mahai hau berreskuratu eta berriz biltzen hasteko proposamena egin genuen. Gure ustez mahai zabal honetan hitz egin, landu eta adostu behar litzateke udalak euskara bultzatzeko egingo duena (euskara planak, diru-laguntzak, ekintzak...). Proposamen honi erantzun positiboa eman zitzaion eta 2017ko urtarrilean euskaran ados! mahaiaren bilera egin zen. Hala ere, gure etsipenerako, orduz geroztik ez da berriro bildu.
Erabilera datu kaskarren aurrean, erreakziorik ez
Aipatutako proposamenean, pasa den ekainean aurkeztu ziren euskararen kale-erabilera datuen azterketa egin eta datu horiekin lanketa zabal bat egitea proposatu genuen. Baina kasu honetan ere EAJ-PNVko arduradunen jarduna guztiz hankamotz geratu dela ikusi dugu. Jakingo duzuenez, euskararen erabilerak nabarmen behera egin du gure herrian, %43tik %36ra jaitsiz, eta beherakada hori are handiagoa izan da haur eta gazteen artean (%20-%33 arteko jaitsiera). Datuak benetan kezkagarriak dira, eta honen aurrean zer egin du udalak? oraingoz ezertxo ere ez.
2 urte eta erdian euskararen aldeko ekimen bakar bat ere ez
Adierazgarria da EAJ-PNV agintean dagoenetik, udalak bere kabuz euskararen aldeko iniziatiba publiko bakar bat ere ez egin izana. Legealdi honetan, aurrekoan ez bezala, udalak ez du euskararen aldeko sentsibilizaziorako edo euskararen erabileraren aldeko ekimenik antolatu.
Euskararen erabilera desegokia
Hainbat alditan udalak argitaratzen dituen euskarrietan (Amavi udal-aldizkaria, Bandoak, idatziak...) akats ortografiko edota gramatikal larriak antzeman ditugu eta beste hainbatetan udaleko euskararen erabilera irizpideak ez dira errespetatu. Pasa den legealdian onartutako irizpideetan, udaleko argitalpenen guztietan euskarari lehentasunezko trataera ematea jasotzen da eta badirudi egungo agintariek ez dutela hori behar bezala barneratu.
Aipatutako adibide hauek argi erakusten dute, euskara ez dagoela EAJ-PNVko arduradunen agendetan, euskararen egoera ez dagoela gure herriko jeltzaleek dituzten kezken artean. Beraz, zoritxarrez egoera hau salatzea tokatzen zaigu. Aipatutakoaren arduradun politiko nagusia Ibon Ariznabarreta euskara zinegotzia da. Ez dakigu zein den horretarako arrazoia, baina Ariznabarreta jaunak gaur arte behintzat, euskararen alde lan egiteko interes eta borondate gutxi erakutsi du eta gure ustez, euskara zinegotzi bezala ez da egin behar lukeen gutxieneko lanera hurbildu ere egin. Ez du balio euskararen egunean argazkian irribarretsu azaltzeak, urte osoan ia ezertxo ere egiten ez denean.
Hau tristura handiarekin esaten dugu eta espero dugu mezu honek, gaurtik aurrera egoera aldatu, eta udalean, euskara batzordean eta euskaran ados! lan mahaian elkartu eta euskararen aldeko lana berraktibatzeko balio izatea. Bide horretan elkar topatuko gara. Gu lan horri heltzeko eta esfortzua egiteko irrikaz gaude, euskarak, gure hizkuntzaren berreskurapenak, ezberdinen arteko elkarlana eta askoz gehiago merezi baitu.
AMASA VILLABONAKO EH BILDU UDAL-TALDEA