Horregatik, Amasa Villabonako EH Bilduk ondoren irakur dezakezuen mozioa aurkeztu zuen pasa den astelehenean egin zen udaleko osoko bilkuran:
Mozio proposamena Tolosa, N1, Buruntzaldea eta Donostia bidaiarien garraio erregular zerbitzu publikoari buruzkoa, Amasa Villabonako udaleko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dadin.
ZIOA eta/edo AURREKARIAK
Foru Aldundiak 2017ko irailaren 7an argitaratu zuen Gipuzkoako Adizkiri ofizialean Tolosa, N1, Buruntzaldea eta Donostia bidaiarien garraio erregular zerbitzu publikoari dagokion kontzesioa egiteko aurreproiektua.
Hurrengo asteetan, aurkeztu diren milaka alegazioak erantzun beharko ditu Foru Aldundiak behin betiko onarpena eman baino lehen.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2017ko irailaren 7an, bidaiarien garraio erregular iraunkorreko zerbi¬tzu publikoa (Tolosa, N-I, Burun¬tzal¬dea eta Donostiako loturak izenekoa) argitaratu zuen Aldundiak.
Agerikoa da zerbitzu honen esleipena ez dela egin herritarrei zor diogun errespetua kontuan edukita, eta ez dela konpontzen zuzenketa batzuen onarpenarekin. Kontzesioa berriro atera behar dela ondorioztatzen dugu, aldez aurretik eragileen iritziak kontuan edukita. Hau da, udalerriei, sindikatuei eta erabiltzaileak diren herritarrei entzunda.
Foru Aldundiak ez ditu kontuan hartu herritarrek 2013an egin zituzten ekarpenak. Beraz, onespena ez da oinarritu ez herritarren ekarpenetan eta ezta udalerrietako agintarien iritzietan ere. Gainera, Aldundiak aurreproiektua behin betiko onartuko balu, egungo garraio-zerbitzuak murrizketa nabarmena jasango luke. Zer esanik ez 2015eko ekainean lizitazioan jarritako egitasmoarekin alderatzen badugu.
Amasa Villabonako kasuan, Donostia-Tolosa-Donostia autobus zerbitzuan, astelehenetik ostiralera herrietatik (Andoain eta Lasartetik batez ere) igarotzen diren autobusen erdiak ezabatuko dira, hau da, %50eko murrizketa izango da. Gainera murrizketak askoz ere zabalagoak dira Buruntzaldea eskualdeko herrietan, hala nola, Hernani, Usurbil, Lasarte edota Andoainen. Murrizketa hauek guztiz onartezinak direla deritzogu.
MOZIOA
1- Amasa Villabonako udalak Foru Aldundiari eskatzen dio ez dezala onartu, behin betiko izaeraz, bidaiarien garraio erregular iraunkorreko zerbi¬tzu publikoaren (Tolosa, N-I, Buruntzaldea eta Donostiako loturak izenekoa) aurreproiektu murriztaile hau.
2- Amasa Villabonako udalak gai hau landuko duen mahai iraunkor bat sortu dezala eskatzen dio Foru Aldundiari. Mahai horretan eragindako udalen, sindikatuen eta erabiltzaileen parte hartzea bermatuko da eta helburu nagusia aurreproiektu egokiago bat adostu eta onartzea izango da.
EH BILDU AMASA VILLABONA
Urriaren 30ean izan zen udaleko osoko bilkuran, Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziak aurkeztu zuen EH Bilduren mozio hau eta Villabonako udalak autobusen murrizketen aurrean erantzun sendo bat ematea defendatu zuen. Zentzu horretan, udalak alegazioak aurkezteaz gain, mozio honen bidez Udalbatzaren (udaleko organo gorenaren) iritzia argi adieraztea garrantzitsua zela aldarrikatu zuen. "Udalak argi eta garbi adierazi behar dio Foru Aldundiari, murrizketaz jositako aurreproiektu hau onartezina dela, bertan behera uztea eskatzen dugula, eta murrizketarik gabeko aurreproiektu berri bat osatu behar dela, udalen, sindikatuen eta autobus erabiltzaileen artean hitz egin eta adostuta".
Udal gobernueran izenean, Eneko Urdangarin jeltzaleak hartu zuen hitza eta udalak aurreproiektuari egindako alegazioa defendatu zuen, alderdikeriak alde batera utzi eta herritarren interesak defendatzen dituztela esanez. Villabonako PNVren ustez, murrizketen aurka EH Bilduk aurkeztutako mozioak ez du inolako ibilbiderik eta ondorioz, kontrako bozka ematea erabaki zutela azaldu zuen Urdangarinek.
Ondorioz, EH Bilduk aurkeztutako mozioa ez zen onartua izan, aldeko 6 bozka (EH Bilduren 6 zinegotziena) eta kontrako 7 (PNVko 6 eta PSEko bat) izan baitzituen. PSEko ordezkaria den Arija andreak ez zuen azalpen garbirik eman, autobusa asko erabiltzen duela eta berari zuzenean eragiten diola esatera mugatu zen, autobus zerbitzuetako murrizketa latz hauek mahai gainean jarri dituena PSEko mugikortasun kontseilaria izan dela ahaztuta.
Amasa Villabonako EH Bildutik, ez dugu PNVren udal gobernueren jarrera ulertzen. Udalaren izenean aurreproiektuari egindako alegazioan murrizketak ezabatzea eskatzen dute, eta aldi berean gauza bera aldarrikatzen duen mozio baten kontra bozkatzen dute plenoan. Gure ustez honako honek inkoerentzia handia isladatzen du. EH Bildutik udalak aurkeztutako alegazioak babesten ditugula adierazi genuen, murrizketen kontrako jarreran herriko bi alderdi nagusiak ados egotea balorean jarriz, baina badirudi jeltzaleek ez dutela berdin pentsatzen. Gure ustez, udal gobernuko jeltzaleei ezerosoa egiten zaie EH Bilduren edozein iniziatibari babesa ematea eta hori da beren ezezko botoaren arrazoi nagusia. Baina ezezko boto horrekin, Amasa Villabonako udalbatza autobus zerbitzuaren murrizketen kontra posizionatzea galarazi dute, hori da lortu dutena. Gure ustez penagarria da herritar askori kaltea eragingo dion zerbaiten aurrean, PNVren erreparo alderdikoiengatik, udalbatzak mozio hau onartu ez izana.
Amasa Villabonako EH Bilduk funtsezko zerbitzu publiko honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin nahi dituen murrizketak salatzeko kanpaina publiko bat abiatu du eta datozen asteetan ekimenak egingo ditu murrizketen aurka. Oraingoz, artikulu honetako irudian duzue EH Bildutik argitaratu eta herriko autobus geltokietan jarri den kartel informatiboa.