Hauek izango dira Herri Batzar honetan landuko diren gai ezberdinak
1- Katalunia eta 78ko erregimena
Gai honen lehen azalpena egin eta EH Bilduren irakurketaren aurkezpena egiteko, Joxe Mari Olarra herrikide eta militante ezaguna izango dugu gurekin. Katalunian azken hilabeteetan eta bereziki urriaren 1eko erreferendumetik aurrera gertatzen ari den guztiaren gainean EH Bilduk egiten duen irakurketa konpartituko du batzarreko parte hartzaileekin. Egoeraren azterketa egiteaz gain, EH Bildutik kataluniarekiko elkartasuna eta estatuaren errepresioaren salaketa nola landu eta zein bitartekoren bidez garatu daitekeenaren gaineko ideia trukaketa egitea da asmoa. Beraz, eztabaidarako eta proposamenak botatzeko tartea ere izango da.
2- EH Bilduren proposamen politiko berriak
Tarte honetan Euskal Herria Bilduk azken asteetan onartu eta jendarteratu dituen bi proposamen politikoen berri emango da.
Alde batetik, pasa den urriaren 7an EH Bilduk Gasteizen egindako lehen Konferentzia Politikoan parte hartu zuten militanteek gehiengo osoz onartu zuten "Euskal Herrirako burujabetzarako proposamena" dokumentuak jasotzen dituen ideia nagusiak azalduko dira. Ondoren, pasa den astelehenean Eusko Legebiltzarreko autogobernu ponentzian EH Bilduk aurkeztutako "EAE-rako estatus politiko berria" dokumentuaren aurkezpen laburra egingo da.
EH Bilduk azken hilabetean mahai gainean jarri dituen bi poposamen politiko hauek berritasun ugari biltzen dituzte eta beharrezkoa da EH Bilduko militantziari eta oinarri sozialeko herritarrei behar bezala azaltzea. Proposamen edo ebazpen hauekin Euskal Herriaren etorkizunerako eduki eta ibilbide politiko oso garrantzitsuak jarri ditu EH Bilduk mahai gainean.
3- EH Bilduren antolaketa Amasa Villabonan
Amasa Villabonako EH Bilduren antolaketa eredu berriari buruzko proposamena aurkeztuko du egungo EH Bilduko herri kontseiluak. Proposamena ekarpenei guztiz irekia dago eta beraz, eztabaidarako eta proposamen berriak egiteko tartea izango da. EH Bilduk gure herrian zer nolako egituraketa izango duen, zein barne-organo edo gune izango diren, nortzuk osatuko dituzten, militanteen arteko ardura banaketak eta barne-antolaketari lotutako beste hainbat gai jarriko dira mahai gainean.
Helburua Amasa Villabonan Euskal Herria Bildu indartsu eta eraginkorra artikulatzea izango da, herritarrengandik gertu egongo dena, mota guztietako herriko elkarte eta eragileekin harreman zuzena izango duena, ezkerreko politikak martxan jartzeko gaitasuna izango duena, herrigintzan aurrera urrats sendoak emango dituena, udalean PNVren alternatiba izango dena etab.
Amasa Villabonako EH Bilduk argitaratu duen deialdi kartela