Euskal Herria Bilduk Euskal Herrirako burujabetza prozesu bat aldarrikatu du bere lehen Konferentzia Politikoan

Kataluniako prozesu independentistak Espainian ireki duen lurralde krisi nabarmena ikusita, Euskal Herriari iritsi zaio ordua Espainiako Estatuarekin duen harreman eredua kolokan jarri eta euskal estatu independiente eta konfederal bat sortzeko prozesua abiatzeko; proposamen hori egiten dio EH Bilduk euskal gizarteari.

Pasa den larunbatean Konferentzia politikoa egin zuen EH Bilduk Gasteizko Europa kongresu jauregian, eta bertan "Euskal Herriko burujabetzaren aldeko ebazpena" onartua izan zen militanteen %98aren aldeko bozkarekin. Amasa Villabonako EH Bilduren ordezkaritza ere bertan izan zen eta parte hartu zuten herriko bi ordezkariek ebazpenaren aldeko bozka eman zuten. 

Burujabetzarako euskal bidea proposatzen du EH Bilduk dokumentu honen bidez, Euskal Herriko errealitate instituzionala, politikoa eta soziala aintzat hartuko duten hiru prozesu eratzaileetatik abiatuta. Euskal errepublika helburu izanda, estrategia eta ibilbidea konfederala izatea proposatzen du EH Bilduk; hau da, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria estatu batean biltzea erritmo eta bide propioekin, hirurek batera euskal errepublika konfederala osatzeko.

konferentzia3

 Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko zinegotzi eta bozeramaielak eman zuen Konferentziako sarrera hitzaldia

Euskal Herria gurutze bide batean dago, eta ezinbestekoa da euskal herritarrek euren bidea diseinatu eta martxan jartzea, independentzia lortzeko helburu garbiarekin. Espainiar Estatuarekiko harreman eredua errotik aldatu eta berdinetik berdinera garatzen diren harremanak beharrezkoak ditugu, borondatean eta norberaren subiranotasunean oinarritutakoak. Helburua hori izanik, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan burujabetza osoa eskuratzeko prozesu demokratikoak abiatzeko konpromisoa hartzen du EH Bilduk.

Nafarroari dagokionez, estatu izaera duen estatus politikoa lortzea da helburua. Hartarako, Nafarroako Parlamentuan eta gizartean eztabaida sustatzea proposatzen du Euskal Herria Bilduk. EAEri dagokionez, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean kokatzen da egin beharreko proposamena eta lana, bi fasetan: lehenik, legebiltzarrak onartutako testu artikulatua herritarren esku jarriko litzateke, galdeketa lotesle batean; eta ondoren, Madrilekin negoziatuko litzateke testua.

Ibilbide hau garatzen bada, Espainiar estatuaren aldetik bi jarrera edo erantzun ezberdin aurreikusten ditugu EH Bildun. Batetik, Espainiako Gobernuak EAEko herritarren eta erakundeen erabakia errespetatzea. Hala balitz, EAEko estatus politiko berria martxan jartzeko prozesua abiatuko litzateke, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozedura eta egutegia barne. Ostera, Madrilek erabakitakoa onartuko ez balu (gaur egun EH Bilduk beste aukerarik ez du ikusten) EAEko eragile politiko eta sozialen artean burujabetza eskuratzeko aldebakarreko ibilbide orri propioa adostu beharko litzateke erabakitzeko eskubidearen aldeko indar politiko, sozial eta sindikalekin.

Ideia horretan sakondu zuen Arnaldo Otegi idazkari nagusiak, militanteen aurrean eskeini zuen hitzaldian. "Euskal Herriko indar politikoei, sozialei eta sindikalei esaten diegu amaitu dela Espainiako Estatuarekin dugun dependentzia harremana. Egungoa garai historikoa da, eta ezker independentistak egoerak eskatzen duen mailan egon behar du. Indarrak biltzera eta lidergoak partekatzera deitzen ditugu eragile guztiak, estatu duin eta demokratikoago bat eratzeko. Ez dago inor sobran; herri honetako indar demokratiko guztiek ados jarri behar dugu".

konferentzia2

Arnaldo Otegi EH Bilduko Idazkari Nagusiaren interbentzioaren unea

Kataluniako egoera gogoan harturik, estatuak bere izaera antidemokratikoa agerian utzi duela salatu zuen Arnaldo Otegik: "Estatuak ez du inolako eskaintza politikorik estaturik gabeko nazioentzat, eta soilik indarra eta mehatxua jartzen ditu mahai gainean".

Iñigo Urkullu lehendakariari ere mezu argia bidali zion: "Kataluniak ez du bitartekaririk behar estatuan, laguntza eskainiko dioten konplizeak eta aliatuak baizik". EH Bilduko ordezkari eta militanteek txalo zaparrada batekin erantzun zituzten Arnaldo Otegik Urkullu lehendakariari zuzendu zizkion hitzak. Azkenik, Konfenetzia Politikoan parte hartutako 350 kideek aho batez onartu zuten Kataluniako prozesu independentistari babes osoa agertzeko proposatu zen ebazpena. Ebazpena Josu Juaristi EH Bilduk Europar parlamentuan duen ordezkariak eta Bakartxo Ruiz, Nafarroako parlamentuko kideak irakurri zuten eta esan bezala militanteen erabateko babesa lortu zuen.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!