EH Bilduren oharra: Villabonako PNV-k Diario Vasco-n argitaratutako manipulazioz jositako mezuari erantzuna

Pasa den ostiralean Diario Vasco-n argitaratutako ohar baten bidez, Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziaren soldataren inguruan jendeari gezurrak sinestarazten saiatu zen Villabonako PNV. Besteak beste, hau zioen jeltzaleen oharrak: "Xabat Laborde cobrará 46.800 euros anuales de salario base" eta "liberar a un concejal suyo por el montante de 7.800.000 de las antiguas pesetas al año".

EH Bilduko kideoi, faltsukeriaz jositako PNVren ohar hori erabat onartezina dela iruditzen zaigu. PNVk manipulazioa eta joko zikina lotsagabe erabiliz, gure ordezkariaren kontrako kanpaina bat abiatu du, bere izena zikindu eta bere oposizioko jardun politikoa baldintzatu edo desegiteko asmoz.

HAU DA ERREALITATEA: Xabat Labordek 23.400 euro gordin kobratzen ditu urtean. Hilabete amaieran 1.212 euro jasotzen ditu udaletik eta EH Bilduren soldata politika jarraituz, horietatik 337 euro alderdiari ematen dizkio. Beraz, errealitatean hilean 875 euro kobratzen ditu.

Nomina

Estracto Bancario Xabat Laborde

Guk ez dugu ezkutatzeko ezer: Xabat Laborde zinegotziaren nominaren eta bankuko ziurtagiriaren argazkiak

Gogorarazi nahi dugu, Euskadiko Toki Erakundeen Legea betez, Villabonako udalak oposizioko zinegotzi batek lanaldi partzialean lan egitea bermatu behar duela, eta EH Bilduk batzar ireki batean bozketa bidez erabaki zuela Xabat Laborde aukeratzea postu horretarako.

Eta nondik ateratzen da soldata hori? EUDEL (Euskadiko Udalen Elkartea) erakundean alderdi guztien adostasunarekin zehaztu da soldata kalkulatzeko formula:

Udal Gobernuan lanaldi osoan dagoen eta gutxien kobratzen duen pertsonaren soldata da kontuan hartzen dena. Soldata horri %10a kentzen zaio, eta ateratzen den zifratik %50 eta %75 arteko portzentaje bat ezartzea erabakitzen da. Gure kasuan, Alkatearen soldata hartu behar izan da kontutan eta 52.000 euroko soldatatzarra du. Beraz, formula minimoarekin aplikatuta ere (52.000-%10 eta emaitzaren %50a) aipatutako urtean 23.400 euro gordineko soldata ateratzen da.

EH Bilduk auzi honetan koherentzia osoa mantendu du beti, hasieratik esan genuen soldata handiegia iruditzen zitzaigula, baina tamalez alkateak duen neurriz kanpoko soldata kontuan hartu behar izan dugu derrigor. Gogoan dugu, inolako arrazoirik eman gabe, Maite Izagirrek alkate gisa hartutako lehen erabakia bere soldata %35ean igotzea izan zela. Pasa den uztaileko plenoan bere soldata kopuru normalagoetara jaistea proposatu genion, (horrela automatikoki Xabat Laborderena ere jaitsiko litzateke) baina alkateak ez zuen erantzun nahi izan. Ez hori bakarrik, alkateak hilabete honetan bertan bere soldata beste %1ean igotzea erabaki du.

Bestalde, PNVk pasa den legealdian 4 liberatu izatea leporatzen dio EH Bilduri. Kontatzen ez dutena da, PNVk gaur egun dituen 2 liberatuak garestiago ateratzen zaizkiola udalari, EH Bilduren 4ak baino. Izagirre alkatea eta bere konfiantzazko postua: 107.380 euro urtean. EH Bilduko alkatea, 2 zinegotzi lanaldi erdiz eta konfiantzazko postua: 97.031 euro (2014ko datuak).

Azkenik, PNVren udal gobernua erakusten ari den jarrera eta funtzionamendu penagarria aipatu behar ditugu. Udala paralisi egoera batetara eraman dute, jardun politikoa minimora murriztuz. PNVk hartzen dituen erabakiak ia beti alkate-dekretuz eta batzorde informatiboetan inolako azalpenik eman gabe hartzen dira. EH Bilduren udal taldea sistematikoki baztertua izaten ari da eta gure zinegotziei oposizio lana egiteko zailtasun handiak jartzen zaizkie. Badirudi jeltzaleek beldurra diotela eztabaida politikoari eta oso urduri eta ezeroso jartzen dira EH Bildutik galderak egin edo azalpenak eskatzen zaizkienean. Ez zaie batere gustatzen oposizioak bere lana egitea eta horregatik oposizio lan serioa egiten ari den gure ordezkariaren izena zikindu nahi izan dute.

Hau al da PNVk behin eta berriz aldarrikatzen duen "elkarrizketan eta akordioan oinarritutako gobernu estiloa"?

 

AMASA VILLABONAKO EH BILDU
2017ko irailaren20an

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!