Villabonako udalbatzak aho batez erabaki du Xabat Laborde EH Bilduko zinegotzia lanaldi erdiz liberatzea

Pasa den asteleheneko Villabonako udaleko Osoko Bilkuran, Udal Legean aurreikusten den bezala, oposizioko lehenengo indarreko kide bat lanaldi erdiz liberatzea erabaki zen aho batez, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeko kide eta udaleko zinegotzia den Xabat Laborde.

Zer dela eta hartu da oposizioan dagoen EH Bilduko zinegotzia udalean lanean hasteko erabakia?

2016ko apirilaren 7an Gasteizko Legebiltzarrak "2/2016 Euskadiko Toki Erakundeen Legea" onartu zuen PNV eta EH Bilduren aldeko botoekin. Lege honetako 33. artikuluak zera dio hitzez hitz:
33. artikulua.– Oposizioaren estatutua.

1.– Hamar mila biztanletik gorako udalerriek bermatu egingo dute oposizioko zinegotzi batek, gutxienez, arduraldi esklusiboa izango duela, udal-gobernua kontrolatzeko eta fiskalizatzeko lana behar bezala egin ahal izateko. 
2.– Bost mila eta hamar mila biztanle arteko udalerriek bermatu egingo dute oposizioko zinegotzi batek gutxienez arduraldi partziala izango duela, aurreko paragrafoko helburu berberarekin. 
3.– Edozelan ere, oposizioak duen eskubide hori hauteskunde-emaitzen arabera ordezkari-kopuru handiena duen alderdi edo koalizioari dagokio, edo, halakorik ez dagoenean, indar politiko bozkatuenari. Boto-berdinketa egonez gero, indar politiko biek txandaka baliatuko dituzte eskubide horiek, agintaldiko epe berdinetan.

Beraz, legeari jarraiki, Amasa Villabonaren kasuan udalak EH Bilduko zinegotzi batek lanaldi partzialean lan egitea bermatu behar du. 

2017ko urtarrilaren 24an egin zen Amasa Villabonako EH Bilduko Herri Batzar Irekiak aho batez erabaki zuen legeak eskaintzen duen aukera hau baliatzea. PNVren udal gobernuak egiten dituen politikei jarraipen eta kontrol zorrotzagoa egin ahal izateko eta oposizio lana hobeto antolatzeko aukera zela iritzita. Batzar horretan bertan Xabat Laborde zinegotzia aukeratua izan zen ardura horretarako.

Xabat Labordek urteko 23.400 euroko soldata gordina izango du. Nola kalkulatu da soldata hau? EUDEL-en (EAEko Udalen Elkartean) adostu dira kalkulua egiteko irizpideak, eta hau da bertan zehaztu den prozedura: Udal Gobernuko alderdian lanaldi osoan dagoen eta gutxien kobratzen duen pertsonaren soldata da kontuan hartzen dena. Sondata horri %10a kentzen zaio, eta ateratzen den zifratik %50 eta %75 arteko portzentaia bat erabakitzen da. 
Amasa Villabonako udalaren kasuan, udal gobernuak lanaldi osoan duen pertsona bakarra Maite Izagirre alkatea da eta 52.000 euroko soldata handia du. Beraz, aurreko formula aplikatuta eta EUDEL-ek markatutako gutxienekoa erabilita (soldata horri %10a kendu eta emaitzaren %50eko portzentaia aterata) aipatutako urtean 23.400 euro gordineko soldata ateratzen da.

EH Bilduko udal taldetik argi utzi nahi dugu soldata zehazteko EUDELen adostutako irizpideek markatzen duten aukerarik baxuena erabili dugula. Hala ere, gutxieneko kalkulua egin ondoren irteten den soldataren kopurua handiegia dela ondorioztatzen dugu, baina esan bezala, irizpideak errespetatuta eska zitekeen kopuru minimoa eskatu dugu. Kopuru hori murrizteko bide bat, alkateak bere soldata murriztea izango litzateke, automatikoki oposizioko liberatuaren soldata ere murriztuko litzatekeelarik, baina alkateak ez du horretarako inolako asmorik. Gainera EH Bilduko Xabat Laborde zinegotziak benetan izango duen dedikazio edo lanordu kopuru erreala, udaleko lanaldiaren %50etik gorakoa izango da dudarik gabe.

PROFILA:

Xabat Laborde Etxabe, 32 urteko billabonatarra da eta ikasketa aldetik geografoa edo Geografian Lizentziatua da. Gaztetatik herri mugimenduko hainbat eragiletako militantea izan da eta 6 urtez, 2008tik 2014ra, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleko Gipuzkoako arduradun eta bozeramaile lanetan aritu da. Azken bi urteetan Villabonako udalean EH Bilduren ordezkaria izan da hirigintza eta zerbitzuak, euskara eta pertsonala eta barne araubideko batzordeetan. 


EH Bilduren oharra, PNVko ordezkariak egindako adierazpenen arira:

Asteleheneko osoko bilkuran gai honi zegokion atalean PNVren ordezkariak irakurritako adierazpenaren zekenkeria salatu nahi dugu, ironia erabiliz EH Bilduk alkatearen soldatari egindako kritika kriminalizatu nahi izan zuen berriz ere Ariznabarreta jaunak.

EH Bildutik argi utzi nahi dugu, pasa den urtean Maite Izagirre alkateak aurreko alkatearen soldata %35ean igotzea erabaki zuenean, EH Bilduk herritarrak informatu besterik ez zuela egin, kopuru erreala erabilita eta inolako kalifikatiborik jarri gabe. Zehazki testu hauxe kaleratu genuen: EAJko alkate berriak %35 igo nahi du bere soldata, Norberak atera ditzala bere ondorioak". Beraz, onartezinak iruditzen zaizkigu PNVko Ariznabarreta jaunaren hitzak. Gainera alkatearen soldata onartu zen osoko bilkurara herritar ugari gerturatu bazen, ez zen EH Bilduk deitu zituelako izan, EH Bildutik ez zen bilkurara joateko deialdi publikorik egin eta jendea agertu bazen, herritar bakoitzak norbere erabakiz eta bere kabuz joatea erabaki zuelako izan zen. 

Ikusten ari gara Villabonako PNVko ordezkariek ezin dutela kritika politikorik jasan, eta harrokeria, ironia eta gezurra erabiltzen dute udaleko oposizio politikoak beren erabakiren bat kritikatzen duen bakoitzean. Oso urduri daudela antzematen zaie, baina hori beren arazoa da, guk irakurketa eta kritika politikoak egiten eta beharrezkoa denean udal gobernuari azalpenak eskatzen jarraituko dugu legealdia amaitu arte. Ez dugu uste gure jarduera politikoa egiteagatik inori barkamena eskatu behar diogunik. 

Ariznabarreta jaunak kontrakoa esan arren, EH Bilduk auzi honetan koherentzia osoa mantendu du beti eta ez ditugu inondik inora gure irizpideak aldatu. Xabat Laborderen soldata zehazteko garaian Maite Izagirreren soldata kontuan hartu bada, EUDEL-eko irizpideek hori egitera behartu gaituztelako izan da, ez orain bapatean alkatearen soldata egokia dela iruditzen zaigulako, PNVk hori ulertarazi nahi izan badu ere.

Ondo gogoratzen dugu Maite Izagirrek hartutako lehen erabakia alkatearen soldata igotzea izan zela, bere buruari guztira urtean 52.000 euro gordineko soldata ezarriz. EH Bildutik erabaki horren kontrako jarrera azaldu genuen, ez baita inondik ere normala Amasa Villabonako alkateak, adibidez Tolosako alkateak baino soldata dezente handiagoa edukitzea. Uste dugu edonork uler dezakeela hori, baina PNVkoei guztiz logikoa iruditzen zaie nonbait. Hor daukate arazoa jeltzaleek, justifika ezina justifikatzen saiatu arren, herritarrak ez direla inozoak, eta zentzu komunak dio Maite Izagirre alkatearen soldata Amasa Villabonaren tamainako herri bateko alkateak izan behar lukeena baino askoz handiagoa dela.  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!