Euskararen erabileraren beherakada aztertu eta irtenbideak bilatzeko Herri Batzarra

Pasa den asteartean Soziolinguistika Klusterrak 2016an Villabonan egindako euskararen kale erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztu ziren udalean. Euskararen kale erabilera %36,2koa da eta aurreko urteekin alderatuta nabarmen behera egin du. Azpimarratzekoa da beherakada hori are handiagoa izan dela haur eta gazteen artean. Datu kezkagarriak dira euskararen normalizazioa helburu dugunontzat eta eskuak gurutzatuta geratu beharrean, gaiari seriotasunez heltzea erabaki du EH Bilduk.

Kale neurketaren datu esanguratsuenak bidu ditugu Amasa Villabonako EH Bilduren webgunean argitaratutako albistean: http://ehbilduamasavillabona.eus/index.php?option=com_content&view=article&id=377&Itemid=146

AMASA VILLABONAKO EH BILDUREN IRAKURKETA:

Amasa Villabonako EH Bilduko kideok euskararen kale erabileran izandako beherakada kezka handiz bizi dugu. Azken urte luzetan izandako euskararen erabileraren gorantzako joera eteteak, eta batez ere haur eta gazteen artean euskararen erabilerak izan duen beherakada nabarmenak asko arduratzen gaitu. Datu hauek argi erakusten dute gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan zerbait ez doala batere ongi eta horrek hausnarketa serio eta sakon bat eskatzen du. Gure ustez, datu eskas hauen arrazoietako bat azken urteetan bizi dugun euskararekiko erlaxazio orokorra izan da. Gure herriko jendartean gero eta zabalduago dauden hainbat pertzepziok beste garai batzuetan euskararekiko zegoen tentsioa jaistea eragin dute; euskararen egoera oso osasuntsua dela, euskararen aldeko borrokak zentzua galdu duela, "dena egina" dagoela etab. Horrek kalte izugarria egiten dio gure hizkuntzaren erabilerari.

Gaur egun euskarak diglosi egoeran jarraitzen du, ez da ia inon hizkuntza nagusia, euskaraz bizitzeko ezintasunak hor dirau, eta hori ezin dugu ahaztu. Bistan denez, EAEko erakunde nagusietatik abiatutako euskararen aldeko "piska bat es mucho", "Poziktibiti" edo "Euskararen Txantxangorria" bezalako marketing kanpainek ez dute emaitza positiborik eman eta Villabonako udaletik garatu den Euskara Sustatzeko Ekintza Plana-k ere ez ditu bere helburu nagusiak bete. Zentzu horretan EH Bildutik ere autokritika ariketa zintzo bat egin beherrean gaude, agian euskarari ez diogu nahikoa arretarik eskaini eta gure jandun politikoa garatzeko orduan ez dugu euskararen normalizazioa erdigunean eta lehentasunen artean izan.

Euskararen erabilera datu kaskar hauen aurrean, Amasa Villabonako EH Bilduk erreakzionatzea erabaki du:

Alde batetik, datu hauek herritarrei ezagutarazteko ahalegina egingo dugu, argitaratu eta herriko etxe guztietara helaraziko dugun aldizkariaren bitartez. Bestalde, egoera hau herritarrekin zuzenean konpartitzeko eta euskararen erabilerari bultzada berri bat emateko EH Bildutik aurrerantzean egingo dugun lana zehazteko (ideiak eta proposamenak jaso eta eztabaidatzeko...) datorren ekainaren 14an, 19:30etan euskarari buruzko Herri Batzar irekia egingo dugu udaleko Balio anitzeko gelan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!