Amasa Villabonako euskararen erabilera datuen aurkezpen publikoa datorren asteartean

Duela hilabete batzuk (2016ko udazkenean) Soziolinguistika Klusterra-k euskararen erabilera zenbatekoa den neurtzeko azterketa egin zuen gure herriko kaleetan. Aurtengoa ez da neurketa hau egiten den lehen aldia, Villabonako udalak eskatuta 1986. urtetik egin izan baitira azterketa hauek. Argitaratutako azken euskararen kale erabileraren neurketa 2011n egindakoa da, eta orduan euskararen erabilera orokorra %43,8koa zela ondorioztatu zen.

Galdera ugari sortzen dira 2016an egindako neurketak eskainiko dituen emaitzen inguruan: euskararen erabilerak gora edo behera egin ote du Amasa Villabonan? zein adinetako herritarren artean igo da euskararen erabilera? eta zeinetan jaitsi? nortzuk dira euskara gehien erabiltzen dutenak? eta gutxien? ...

Datorren asteartean, ekainak 6, 18:30ean Udaletxeko areto nagusian egingo den 2016ko euskararen kale erabileraren neurketaren aurkezpen publikoan argituko ahal izango ditugu galdera edo kezka hauek guztiak. Soziolinguistika Klusterreko kidea den Asier Basurtok egingo du datuen aurkezpena eta Amasa Villabonan euskararen erabilerak gora edo behera egin duen jakin ahal izango da. Erabilera datu orokorraz gain, beste hainbat datu interesgarri biltzen ditu neurketa honek: Euskararen erabilera adin-tarteka, sexuaren arabera, haurren presentziak duen eragina etab. 


EH Bildutik euskararen erabilera datuen aurkezpen publiko honetara agertzeko gonbidapen zabala egiten dugu. Interesa duen jendeari eta bereziki gure hizkuntzaren normalizazioaren aldeko herritar euskaltzale guztiei bertaratzea proposatzen diegu. Ezinbestekoa da euskarak gure herriko kaleetan duen benetako presentzia eta erabilerak dituen ahulgune eta indarguneak ongi ezagutzea, ondoren euskararen erabilerari bultzada berri bat emateko gizarte dinamikak eta hizkuntza politika eraginkorrak diseinatu eta martxan jartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!