Ereindako produktuak norberaren kontsumorako izango dira, «ez diegu baserritarrei konpetentzia egin nahi», esan zuen Insaustik. Lursailetan lanean dauden baserritar berriek jaso dute jada, ekologikoan lan egiteko ikastaroa eta hilero Furgobaratza joango zaie. «Baratze Parke Sareko teknikaria joango da laguntzera eta bertan hazi zein landare ekologikoak erosi ahal izango dira», nabarmendu zuen.
Lurraren analisiak urtero egingo dituztela ere esan zuen, «lurraren kalitatea neurtuko dugu, ongarriek kalitatea moldatu ez dutela bermatzeko». Lanerako erabiliko dute konposta Gipuzkoako Hondakin Kontsortziotik eramango dutela ere esan zuen. Maite Izagirre alkateak erabiltzaileek biltegi eta aldagela gisa erabiltzeko etxola bat eta uraskak zein auzokonposta egiteko gunea dutela esan zuen.
Amasa Villabonako EH Bildutik proiektu honen inguruan izandako gorabeheren irakurketa labur bat plazaratu nahi dugu:
Lehenik eta behin, benetan pozten gara behingoz hainbat herritar baratzeak lantzen ari direlako eta baratze parkea martxan dagoelako. Izan ere, gogorarazi nahi dugu egitasmo hau pasa den legealdian EH Bilduko udal gobernuak abiatu zuela eta 2015eko maiatzean gobernu aldaketa eman zenean, proiektua guztiz bideratuta zegoela. Herri baratzak martxan jartzeko egin beharreko lanaren gehiengoa eginda zegoen ordurako eta azken tramiteak soilik falta ziren; herritarrei izena emateko aukera zabaltzea, zerrendak osatzea, zozketa egitea eta lur saila egokitu zaien herritarrekin ikastaroa egitea. Proiektuari jarraipen minimo bat eginda eta ingurumen saileko teknikarien laguntzarekin, hilabete gutxitan egin zitekeen lan hau, eta PNVko udal gobernuak 2016ko udaberrirako baratzeak martxan izatea aurrikusten zuen. Baina ez dakigu zergatik, egitasmo hau geldirik eta aurrera urratsik eman gabe egon da hilabete luzean eta ia urte terdiko atzerapena pilatu du. EH Bilduko udal taldetik behin baino gehiagotan galdetu genuen egitasmo honen atzerapenaren zergatiari buruz (baita udaleko osoko bilkuran ere) baina erantzun garbirik ez genuen jaso, "arazo teknikoak" omen zeuden.
Gure ustez, "arazo tekniko" horiek PNVren udal gobernuaren lan egiteko borondate falta besterik ez dira. Beste sail batzuetan bezalaxe ingurumen alorrean ere, PNVko zinegotzi eta alkateak ez dute inolako inplikaziorik erakutsi. Duela urtebete inguru udaleko Ingurumen batzordea desagertarazi zuten (hirigintza batzordearen barruan txertatzeko) eta dagoeneko ia ez da ingurumen saileko proiektuei buruz hitz egiten. Gure ustez, udal gobernu honen jarrera nagi eta axolakabearen beste erakusle bat da egitasmo honetan pilatu den atzerapena.
Azkenik, Villabonako udaleko PNVko hautetsien jarrera ere aipatu nahi genuke, baratze parkearen aurkezpen publikoa egin zuten egunean argazkiaren lehen lerroan atera nahi izan zuten, egitasmo hau beraiek egindako lanaren fruitua balitz bezala aurkeztuz, eta udaleko beste alderdiei ezertxo ere jakinarazi gabe. Beste hainbatetan bezala, medaila beraiek jarri zioten beren buruari. Gainera ez zuten proiektuak izandako atzerapenaren inguruko inolako azalpenik eman nahi izan, gertatu ez balitz bezala jokatu zuten. Gure iritziz, PNVren udal gobernuaren propaganda egiteko eta argazkian ateratzeko soilik erabili nahi izan zuten aurkezpen hau eta hori penagarria iruditzen zaigula salatu nahi dugu.