Herritarrak mozioaren irakurketa amaitu zuenean EH Bildu eta EAJ-PNVko zinegotziek txaloekin erantzun zuten.
Jarraian EH Bilduko Udal-Taldearen izenean Xabat Laborde zinegotzi billabonatarrak hartu zuen hitza:
"Lehenik eta behin, Gure Esku Dagon eta Tolosaldeko Giltzarriaren baitan bolondres gisa lanean ari diren herritarrei gure aitortza eta babesa adierazi nahi diegu.
Datorren martxoaren 19a egun historikoa izango da Tolosaldean eta baita Amasa Villabonan ere. Gure herriaren erabakitzeko eskubidearen edo autodeterminazioaren alde hamarkada luzeetan garatu den borrokaren bidean, mugarri edo inflexio puntu oso garrantzitsua izango da. Galdeketa sinple bat baina askoz gehiago izango da.
Azpimarratu nahi dugu dinamika eta ekimen hau guztiz herritarra dela, behetik gora egiten ari dena, ideologia edo pentsakera ezberdinetako herritar soilak biltzen dituena etab. herriz-herri antolatzea eta eskubide demokratiko hau mahai gainean jartzea dute helburu eta hau oso pozgarria da guretzat.
"Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?" da datorren martxoaren 19an Tolosaldeko herritarrei egingo zaigun galdera. Gure erantzuna argia da: BAI.
BAI, herritar librez osatutako Euskal Herri libre bat nahi dugulako, munduan aitortua izango dena, ez dugu beste inor baino gehiago izan nahi, baina ezta gutxiago ere.
BAI, herritar guztiak kontuan hartuko dituen estatu duin eta justu bat eraiki nahi dugulako.
BAI, hobeto bizi nahi dugulako, gure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko burujabeak izan nahi dugulako.
BAI, justizia sozialean, berdintasunean eta eskubide sozialak errespetatuko dituen gizarte solidarioan bizi nahi dugulako. Etxebizitza eskubide erreala izango den, zerbitzu publikoak benetan unibertsalak izango diren, babes sozialerako sistema sendoa izango duen, pentsio duinak izango diren eta aberastasuna modu justu batean birbanatuko den estatua nahi dugu. Pobrerik egongo ez den Euskal Herria nahi dugulako.
BAI, euskaraz lasai bizi ahal izango garen Euskal Herria nahi dugulako. Munduaren aurrean euskaldun gisa agertu nahi dugulako.
BAI, gure hezkuntza sistema propioa eraiki nahi dugulako, Euskal Herriaren beharretarako egina eta kanpoko inposaketarik jasan beharko ez duena.
BAI, gazteei herri honetatik alde egin behar izanik gabe, hemen bertan etorkizun bat eskaini nahi diegulako.
BAI, ustelkeria, indarkeria matxista, diskriminazioa, esklusio soziala, arrazakeria... behin betirako desagertu eta jendarte berri bat eraiki nahi dugulako.
BAI, Aniztasunean oinarrituta, bakoitzaren jatorri eta identitate sentimenduen gainetik, guztion artean eta guztiontzako euskal estatua nahi dugulako.
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik galdeketa honetan herritarren parte hartzea handia izan dadin gure eskuetan dagoen guztia egiteko prest gaude. Zentzu horretan EAJ-PNVri enplazamendu bat egin nahi diogu, gure ustez momentu historiko honetan, teorian erabakitzeko eskubidearen alde gaudenon artean adierazpen bateratu bat egin eta zabaltzeko gai izan behar genuke. Guk proposamen hori egiten diogu Villabonako EAJ-PNVri."
Ondoren, bozketa egiteko momentua iritsi zen; EH Bildu eta EAJ-PNVko ordezkari guztiek Tolosaldeko Giltzarriak aurkeztutako mozioaren aldeko bozka eman zuten eta PSOEko Maria Luisa Arija zinegotziak ordea kontra bozkatu zuen. Beraz, mozioa onartua izan zen aldeko 12 bozka eta kontrako bozka bakarrarekin. PSOEko ordezkariak ez zuen bere kontrako botoa azaltzeko inolako adierazpenik egin eta isilik geratzea erabaki zuen.