EH Bilduk EAJ-ko udal gobernuak egindako aurrekontu proiektuaren aurka bozkatzea eta Osoko Zuzenketa aurkeztea erabaki du

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak pasa den asteartean egindako herri batzar irekian parte hartu zuten herritarrek aho batez erabaki zuten EAJko udal gobernuak osatutako aurrekontu proiektuaren aurkako bozka ematea. Hainbat arrazoik bultzatu du koalizio abertzalea, aurrekontu proiektu hauen aurka bozkatzeko erabakia hartzera eta arrazoi hauek pasa den ostegunean udalean ofizialki aurkeztutako Osoko Zuzenketaren dokumentuan jasotzen dira. Dokumentua EAJko eta PSEko ordezkariei helarazi zitzaien eta horrekin batera EH Bilduk aurrekontuen inguruan hitz egiteko prestutasun osoa zuela jakinarazi zitzaien. EAJ eta PSEk ez dute inolako erantzunik eman eta ondorioz, udal gobernuak EH Bildurekin hitz egin eta aurrekontuak negoziatzeari muzin egin diola esan daiteke.

Hauxe da EH Bilduk osatutako osoko zuzenketaren dokumentua:

OSOKO ZUZENKETA

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioko Udal taldeak, EAJk zuzentzen duen udal gobernuak aurkeztutako 2017rako aurrekontu proposamenaren aurrean, osoko zuzenketa aurkeztea proposatu zuen EH Bilduko Herri Batzarrean. Herri batzarrean parte hartu zutenek aho batez onartu zuten osoko zuzenketa hau aurkezteko proposamena.

ARRAZOI NAGUSIAK

Herritarren parte hartzerik gabeko aurrekontuak:

Udal gobernuak osatutako aurrekontu proiektua osatzeko garaian, herritarren parte hartzea erabat alboratu da. Nahigabez ikusi dugu azken urteetan gai honetan emandako aurrera urratsak bertan behera geratu direla:

  • Herritarrei ez zaie proposamenak egiteko baliabiderik eskaini. Aurreko legealdian (2011-2015) ez bezala, oraingoan ez da herritarrek ikusten dituzten beharrak jasotzeko inkesta publikorik egin.
  • Ez da aurrekontu proiektuaren aurkezpen publikorik egin.
  • Aurrekontu proiektua udal barruan geratu da, ez da interesa izan dezaketen herritarrek ikusi ahal izateko baliabiderik eskaini; ez da udaleko webgunean eskegi, ez Amavi aldizkarian eta sare sozialetan bere berririk eman...   

EH Bildu koaliziotik, udal gobernuak herritarren ekarpenei ateak itxi izana salatzen dugu. Aurreko legealdietako esperientziak erakutsi digu herritarrek kontuan hartzeko modukoak izaten diren proposamen interesgarriak egiten dituztela eta gure ustez akats larria da aukera horri muzin egitea. Jokabide honekin argi ikusi da EAJk zuzentzen duen udal gobernu honek ez duela herritarren parte hartze aktiboan sinesten eta EAJren udal politika egiteko ereduan herritarren ekarpenek ez dutela lekurik.

Amasa-Villabonarako herri proiekturik gabeko aurrekontuak:

Zeintzuk dira 2017. urterako udal gobernuak ezartzen dituen lehentasunak? aurrekontu proiektua aztertu ondoren, ezinezkoa egiten zaigu galdera honi erantzun garbirik topatzea. Udal gobernu batek, edozein udal gobernuk, herri proiektu bat izatea ezinbestekoa da unean uneko inprobisazioan ez erotzeko eta martxan jartzen dituen politikak norabide batean kokatzeko, baina aurrekontu proiektu honetan nekez ikus daiteke zein den Villabonako EAJren herri proiektua. Ez da antzematen ez gai estrategikorik, ez proiektu esanguratsurik, ez eta etorkizunerako egitasmo aipagarririk ere, dagoeneko mahai gainean dagoena nolabait kudeatzen jarraitzeko aurrekontuak dira hauek, inolako etorkizunerako ikuspegi estrategikorik gabeak.

Inbertsio nagusietako bi, proiekturik gabe:

Aurrekontu proiektu honetan aurreikusten diren inbertsio nagusietako bi, frontoien eraberritzea eta Olaederra kiroldegian elbarrientzat aldagela egiteko obra, ezin izan ditugu behar bezala aztertu, udalean obra hauen proiekturik ez dagoelako. Guk lan hauek egitea begi onez ikus dezakegu, baina horretarako proiektu batzuk mahai gainean izan behar ditugula uste dugu, ezin dugu zer lan egin nahi diren aztertzeko aukerarik eduki gabe, txeke zuririk eman. Erabat ulertezina egiten zaigu nola aurreikusi daitekeen diru kopuru bat, arkitekto kualifikatu talde batek obra edo lan hauek egiteko osatutako proiekturik esku artean izan gabe. Udal arduratsu eta serio batek ez luke prozedura trakets hau erabiliko. Udalak obra edo lan batzuk egitearen beharra identifikatzen duenean, lehen urratsa proiektu bat egingo duen arkitekto talde bat kontratatzea izaten da. Arkitekto eta teknikoek egin nahi diren obrek zein ezaugarri izango dituzten, zein material erabili daitezkeen, neurri zehatzak zeintzuk izango diren, zein aukera ezberdin egon daitezkeen, obrak gauzatzeko zenbateko aurrekontua beharko den etab. biltzen dituen txosten bat aurkezten dute, eta udalak proiektu hori begi onez ikusten duenean ezarri behar luke diru partida bat aurrekontuetan. Hori da udal gobernu "normal" batek erabiliko lukeen prozedura logikoa.

Ba Villabonako udalerako aurrekontu proiektu honetan, inolako proiekturik esku artean izan gabe, frontoiak berritzeko eta kiroldegian elbarrientzako aldagela bat egiteko 100.000 eta 50.000 euroko diru partidak ezarri dira hurrenez hurren. Esan bezala, EH Bilduko udal taldeko kideoi prozedura hau ez zaigu egokia iruditzen eta udal gobernu honek lan egiteko duen seriotasun faltaren erakusgarria dela iruditzen zaigu.   

Larreako parke estaliaren proiektua berriz ere baztertua:

Herri gunean estalitako espazio publiko zabal baten beharra Amasa Villabonako herritarren aspaldiko eskaera da, eskaera historikoa. Pasa den legealdian, herritarrei bideratutako inkesta askotan jaso zen eskaera hau eta herritarrek behin eta berriz adierazitako behar horri erantzutea erabaki zen. Horretarako herrian zehar dauden hainbat parke estaltzeko proiektuen lehiaketa publikoa egin zen. Gainera, proiektu irabazlea erabakitzeko prozesu parte hartzaile aitzindari bat burutu zen eta lehiaketan garaile irten zen proiektua herritarren bozka zuzenaren bidez erabaki zen. Herritarrek aurkeztutako proiektu ezberdinak ikusi eta aztertzeko aukera izan zuten etxeetara banatutako orrien bidez eta baita Gurea zineko erakusketa gelan esposatutako plano eta informazioaren bidez ere. Ondoren bozketa egin zen eta herritarrek beren telefono mugikorretik zein erakusketa gelan zegoen hautestontzia erabiliz, euren iritzia eta bozka eman ahal izan zuten. Larreako parkea estaltzeko osatutako "Rayuela" proiektuak irabazi zuen bozketa. Horrez gain, herriko ikastetxeetako haurrek ere aktiboki parte hartu zuten prozesu parte hartzaile aberats honetan.

EH Bilduko udal taldeko kideon ustez, aipatutako guzti honek proiektu hau lehentasunezkoa izatea dakar ezinbestean eta uste dugu borondatea izanez gero, 2017an proiektu hau gauzatu litekeela.  

Bizikidetza eta Memoria batzordea diru partidarik gabe:

EH Bilduko udal taldeak 2015eko azaroan egindako eskaerari erantzunez, 2016an Bizikidetza eta Memoria batzordea sortu zen udalean. Gure ustez erabat beharrezkoa da herri honek bizi duen gatazka politikoaren ondorioz hamarkada luzetan pairatu dugun alde guztietako indarkeriak utzitako ondorioak konpontzeko, gai hau seriotasunez landu eta elkarbizitzan urratsak emateko baliagarria izango den foro bat izatea udalean. Zentzu horretan batzorde honen sorrera eta orain artekoan egindako lana positiboki baloratzen ditugu. Gainera zintzoki uste dugu batzorde honetatik abiatuta, bizikidetzan sakontzeko eta herri honetako memoria biltzeko ekimen berriak abiatu daitezkeela datozen urteetan.

Hau esanda, ulertezina egiten zaigu aurrekontu proiektu honetan batzorde honi begirako diru partida bat bera ere ez aurkitzea. Udalak ez al du 2017an batzorde honetatik abiatutako inolako iniziatibarik aurreikusten?

Alkatearen soldata 52.519 eurokoa izatea onartezina da:

Amasa Villabonako alkateak dedikazio osoa eta soldata duin bat izan behar duela ez dugu zalantzan jartzen, horregatik ez genuen Ivan Agirre alkate ohiaren soldataren aurka inolako adierazpenik egin. Gure ustez, gure herriaren tamaina kontuan izanik, alkatearen soldata urteko 30.000 eta 40.000 euroren (kopuru gordin edo brutoa) artean kokatu behar litzateke, kopuru horien artean dagoen soldata bat, nahikoa duina dela pentsatzen baitugu. Ondorioz, Maite Izagirre egungo alkateak, inolako arrazoirik eman gabe Ivan Agirreren soldata %35ean igotzea eta guztira 52.519,92 euroko soldata izatea, erabat onartezina da.

Nazio eraikuntza baztertzen duten aurrekontuak:

Aurrekontu proiektu honetan, aurreko legealdietan Amasa Villabonako udalak Euskal Herriaren nazio eraikuntzan ekarpena egiten duten enpresa eta eragileei zuzentzen zizkion diru laguntzak ezabatuak izan dira. Pasa den urtean bezala, aurten ere Udalbiltza eta Gaindegia erakundeek jasotzen zituzten diru-laguntzak ez dira kontuan hartu.

Gure ustez Udalbiltza erakundea, Euskal Herri osoa barnebiltzen duen nazio erakunde bakarra izanik, estrategikoa da gaurdanik etorkizuneko Euskal Herri askea egituratzen hasteko. Beraz, aurrekontu proiektu honetan ere Udalbiltzari ekarpen ekonomikorik ez egin izana salatzen dugu.

Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) ere ekarpen ekonomikorik gabe uzten dute aurrekontu hauek. Edozein naziok beharrezkoa du bere ekonomia eta garapen adierazleak sortu eta aztertuko dituen erakunde bat izatea, eta gaur gaurkoz Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzen duen gisa honetako erakunde bakarra dugu Gaindegia. Beraz, gure ustez Gaindegiak burutzen duen lana estrategikoa da gure nazioarentzat.

EH Bilduko kideoi neurri hauek erabat ulertezinak egiten zaizkigu, eta are gehiago bere burua abertzaletzat duen alderdi batek osatutako aurrekontu proiektu bat denean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!