Holokaustoaren biktimen memoriaren egunean, EH Bilduk lore eskeintza egin die Adolfo Lozano eta Alberto Beaufourt billabonatarrei

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2017ko urtarrilaren 27a

Urtarrilaren 27an Nazi-faxistek eragindako biktimak gogoratzeko nazioarteko eguna da eta mundu osoan zehar Naziek egindako genozidio krudelaren miloika biktimak gogoratzeko ekitaldi eta ekimenak egiten dira. Herritar askok ez badaki ere, Amasa Villabonan ere badira holokaustoaren biktima izan zirenak, zehazki Mauthausen kontzentrazio eta sarraski eremuan egondako Adolfo Lozano eta Alberto Beaufourt. Adolfo Lozano Mauthausenen bertan hil zuten eta Alberto Beaufourt-ek berriz, bizirik irtetea lortu zuen.

2015eko abenduan, Oreretako La Ilusión eta Villabonako Aritza memoria historikoa lantzen duten elkarteetako lagunek elkarlanean antolatutako ekitaldi hunkigarri batekin batera, oroimen plaka bana jarri zituzten Kale Nagusian dauden bi biktima hauen jaiotetxeen aurrean, lurzoruan. 

Amasa Villabonako EH Bilduk lore eskaintza egin die gaur nazi-faxismoaren bi biktima billabonatarrei, eta ekimen xume honekin, pasa den mendean fanatismo faxistak eragindako sarraski eta genozidio izugarriaren memoria presente edukitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du koalizio abertzaleak.

"Ez dugu hau inoiz ahaztu behar, bestela historia berriz errepikatzeko arriskua baitago. Oso arduratuta bizi dugu gaur egun Europan eta Estatu Batuetan gertatzen ari den intolerantziaren, arrazismoaren eta ultra-eskuinaren igoera, eta uste dugu gaitz hau historiara begiratuta sendatzen dela. Guk gure herrian faxismoa pairatu behar izan dugu 40 urte luzez iraun zuen Francoren diktadurapean eta ez dugu ahazten, era berean eta horregatik, gure izaera antifaxistan eta antiarrazistan berresten gara. Faxismorik inoiz gehiago ez!"  

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!