Amasa Villabonako EH Bilduren oharra, edukiontzien sistemak emandako gaikako bilketa datuak ezagutu ostean

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2017ko urtarrilaren 23a

Pasa den ostiralean izan genuen edukiontzien bilketa sistema ezarri zenetik lehen aldiz, Tolosaldeko Mankomunitateak eskaintzen dituen Amasa Villabonako gaikako hondakin bilketaren portzentaia datuen berri. Datuak oso positiboak dira eta %80 inguruko sailkatze portzentaia erakusten dute. Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, oso positiboki baloratzen ditugu datu hauek eta herritarrak zoriondu nahi ditugu orokorrean etxeko hondakinak txukun sailkatzen jarraitu izanagatik. Hika-mika politiko-mediatikoak alde batera utzi eta herritarrek lezioa eman dute beste behin.

Gure ustez, biltze sistema aldatzeko udaleko hiru alderdien arteko akordioa sinatu izana lagungarria izan da gai honetan egondako tentsioa murrizteko eta udalak gutxienez %70eko tasa lortzeko konpromisoa hartu izanak ere lagundu du horretan. Neurri handi batean atez ateko bilketari esker, jendeak hondakinak behar bezala bereiztu eta sailkatzen ikastea lortu zen eta orain salbuespenak salbuespen, edukiontzien sistema txukun erabili du jendeak, aipatutako datu positiboak lortuz. Hori benetan pozgarria da.

Amasa Villabonak erakutsi du hondakinen gaikako bilketaren bitartez errefuxa oso gutxi sortu daitekeela eta ondorioz, Gipuzkoa osoan ere gauzak ongi eginez gero, inposatu nahi zaigun Zubietako erraustegi kutsakorra, osasunarentzat kaltegarria eta garestia ez dela inondik inora beharrezkoa. 

Hala ere, gai honetan ezin gara erlaxatu eta hondakinen kudeaketaren jarraipen zorrotza egiten jarraitu behar da ezinbestean, izan ere zalantza eta kezka batzuk baditugu, adibidez badirudi edukiontzian bildutako organikoaren kalitatea ez dela behar lukeen bezain ona. Organikoa tratatu eta konposta egin ahal izateko, ezin du materia organikoa ez denaren portzentaia handiegirik izan eta mankomunitatetik esan digutenez, organikoaren edukiontzian plastikozko boltsa ugari jasotzen ari dira egunero. Beraz, herritarrei gogorarazi nahi diegu organikoa biltzeko udalak ateratako poltsa konpostagarriak erabili behar direla. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!