Urtarrilaren 24an EH Bilduren Batzar Irekia Amasa Villabonan

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak udalgintza arloko Batzar Irekia antolatzea erabaki du eta datorren asteartean, urtarrilak 24, 19:00etan Gurea zineko erakusketa gelan izango da.

Batzar honetan Villabonako udaletxeko gaiak landuko dira eta EH Bilduko udal taldeko zinegotziek hartuko dute hitza. Guztira hiru gai nagusi jorratuko dira: 2016 urtearen balorazioa orokorra, 2017ko Aurrekontuak eta udaleko oposizioak liberatu bat izatearen gaia.

- 2016. urtearen balantze orokorra:

Lehenik eta behin, EH Bilduko hautetsiek EAJk zuzentzen duen udal gobernuaren lanaren errepasoa egingo dute, udal gobernuak garatutako politikaren ildo nagusiak aipatuko dira eta EH Bilduren ikuspegitik, udalak egindako lanaren balorazio kritikoa plazaratuko da. Ondoren, 2016. urtean zehar EH Bildu koalizioak udalean egindako lana ere azalduko da, arloz arlo egindako proposamenak, aurkeztutako iniziatibak, egindako ekarpenak, hartutako erabaki garrantzitsuenak etab. azalduko direlarik.

- 2017ko udal aurrekontuak:

Villabonako udal gobernuak osatutako aurrekontu proposamenaren azalpena egingo da: Gastu orokorrak, inbertsioak, diru laguntzak etab. aurkeztuko dira. Ondoren, EH Bilduko udal taldetik aurrekontu hauen gainean egiten duen irakurketa eta ondorioz, aurrekontuak bozkatuko diren urtarrilaren 30eko udaleko osoko bilkuran EH Bilduk zer egitea proposatzen den azalduko da. Udal taldetik mahai gainean jarriko den proposamen hori aurkeztu ondoren, eztabaidarako tartea zabalduko da eta bertaratutakoek beren kritikak, iritziak edo proposamenak azaldu ahal izango dituzte.

- Oposizioak liberatu bat izatearen afera:

Pasa den legealdian Eusko Legebiltzarrean EAJ eta EH Bilduren adostasunarekin onartutako Udal Legeak hau dio bere 33. artikuluan:

"Estatuto de la oposición: Punto número dos: En los municipios de más de 5.000 habitantes y hasta 10.000 habitantes se garantizará que al menos exista un concejal de la oposición con dedicación parcial con el fin de que las funciones de control y fiscalización del gobierno municipal puedan llevarse a cabo de forma efectiva."

Beraz, Amasa Villabonako herriaren kasuan, legeak EH Bilduko zinegotzi bat lanaldi partzialean liberatzeko aukera eskaintzen du. Gainera, udal gobernutik liberazio hori edukitzeko eskaintza egin zitzaion EH Bilduri. Hau kontuan izanda, Batzar Ireki honetan bozka zuzen bidez (horretarako hautestontzi bat jarriko da) erabakiko da legeak eskaintzen duen aukera hau baliatuz zinegotzi baten liberazioa onartuko den edo ez.

Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, batzar ireki honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu herriko eta udaleko gaiekiko interesa duten herritarrei.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!