Hau da hitzez-hitz EH Bilduk Villabonako udalean aurkeztutako mozioak dioena:
"Nafarroako Altsasu herrian azken asteetan jazo diren gertakariak direla eta, Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak honako mozio hau aurkezten du, Villabonako udalbatzan eztabaidatua eta bozkatua izan dadin.
ARRAZOIKETA
Pasa den urriaren 15ean Altsasuko jaietan, gaueko ordu txikietan taberna batean hainbat herritarrek eta lan orduetatik kanpo zeuden bi guardia zibil eta beren emazteek eduki zuten liskarrak sekulako oihartzuna izan du. Egia da pertsona hauek hainbat lesio izan dituztela baina oraingoz horixe da auzi honetan ziur baieztatu daitekeen gauza bakarra. Batzuek kontakizun bat eta bakarra egin nahi izan dute, pertsona askoren artean eta aurrez pentsatuta, guardia zibilen eta bere emazteen kontrako eraso bortitzaren teoria, Guardia Zibilak berak osatutako kontakizuna inolako zalantzarik gabe ontzat emanez. Baina errealitatea bestelakoa da eta gaur gaurkoz ezin da jakin gau hartan zehazki zer gertatu zen, bertsio kontrajarriak entzun ahal izan ditugularik. Hala ere, indarkeriaren erabilera oro salatzen dugu inolako aitzakiarik gabe.
Hainbat komunikabide eta politikarik, zoritxarreko gertakari hau baliatu nahi izan dute Euskal Herrian eta konkretuki Altsasun bizi den errealitatea desitxuratzeko eta gaur egun guztiz faltsua den indarkeria eta beldurrezko eszenatoki bat irudikatzeko. Bide batez, Euskal Herrian guardia zibilaren presentziaren eta egiten duten lanaren apologia egin nahi izan dute askok, intentzio politiko argiarekin.
Kanpaina politiko eta mediatiko honek ordea, ondorio oso larriak ekarri dizkie Altsasuko hainbat familiari. Gertakari hau Nafarroako Auzitegiak epaitu behar lukeen arren, Auzitegi Nazionala tartean sartu da eta erabat ulertezina bada ere, "terrorismo" delitua egotzi die Altsasuko bederatzi gazteri.
Gazte hauek beren izen abizenak ikusi eta irakurri behar izan dituzte espainiar komunikabide garrantzitsuenetan, eta hasieratik deklaratzera agertzeko asmoa adierazi bazuten ere, bestelako garaietan egiten ziren moduko polizia operazio ikusgarri baten bidez atxilotuak izan ziren. Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak gazte hauetatik zazpiren kartzelaratzea agindu du eta momentuz espetxean aurkitzen dira inolako baldintzarik gabe. Gure ustez honako hau sekulako zentzugabekeria juridiko eta politikoa da.
Hau guztia gutxi balitz, operazio polizial, juridiko eta mediatiko honek asmo politiko nabarmenak dituela salatzen dugu. Konkretuki, Guardia Zibilak Euskal Herrian duen presentzia zalantzan jartzen duten eta gure herriaren desmilitarizazioa eskatzen duten kolektiboak kriminalizatzea da bilatzen den helburua.
Altsasuko herria ematen ari den erantzun zabal eta anitza eredugarria izaten ari da. Herriak bizi duen egoera larriaren aurrean (gazteen espetxeratzea, neurriz kanpoko akusazioak, herriaren kontrako manipulazioa, etab) herritarrek modu baketsu eta oso masiboan erantzun dute eta hori azpimarratu beharrekoa da.
MOZIOA
1 - Amasa Villabonako udalbatzak bere elkartasun eta babes osoa adierazten die auzi honetan "terrorismo" delituagatik inputatuak izan diren pertsonei eta baita beren familia eta lagunei ere.
2 - Amasa Villabonako udalbatza, gertakari honi dagokion delituaren kalifikazioa "terrorismoa" izatearen kontra agertzen da eta Auzitegi Nazionaletik hartu diren kautelazko neurriak eta atxiloketak gaitzesten ditu.
3 - Amasa Villabonako udalbatzak momentu honetan kartzelan eta dispertsatuta aurkitzen diren zazpi pertsonen berehalako askatasuna eskatzen du.
4 - Udalbatzak gehiengo osoz mozio hau babesten badu, Amasa Villabonako udalak, mozio honen edukia bidaliko dio Altsasuko udalari eta Auzitegi Nazionalari. Bestalde, mozio hau publiko egingo du eskualdeko zein Gipuzkoako komunikabideetan.
Amasa Villabonan, 2016ko azaroaren 24an"