Larunbatean Asteasun izango gara Aiztondora egunean

Urtero bezala, "Aiztondora" Aiztondo bailarako preso eta iheslarien eskubideen aldeko eguna ospatuko da, eta aurtengoan Asteasun izango da larunbatean. Beste behin, egitarau oparoa izango du eskartasun eta aldarrikapen egun honek. Eguerdian 12:30ean, ekitaldi instituzionala izango da eta arratsaldeko 17:30etatik aurrera besteak beste, ekitaldia, herri kirolak, bertso-poteoa, afaria, eta musika izango dira.

Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Aiztondora egun honekin eta baita egun horretan aldarrikatuko den elkartasun mezuarekin ere. Bada garaia behingoz, presoen senide eta lagunak zigortzen dituen dispertsio politika ankerrarekin amaitzeko eta gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzeko. Aiztondora eguna, egun seinalatua da guretzat, eta fisikoki gure herritik ehunka edo milaka kilometrora aurkitzen badira ere, Manex, Oskar, Iñigo, Emilio eta Karlos gogoan eta oso presente izango ditugu.

Aurtengoan elkartasun egun hau Asteasun egitea ez da kasualitatea eta horrek Nekane Txapartegi asteasuarraren egoerarekin du zerikusia. Momentu honetan Suitzan espetxeraturik dago Nekane eta estradizio eskaera egina du espainiar estatuak. Egoera honen aurrean "Nekane libre!" plataforma sortu zen pasa den urtean eta guk gure babes osoa eskaini nahi diegu plataforma horren baitan lanean ari diren pertsona guztiei. Estradizio eskaerari ez! esaten diogu, berriz ere espainiar indar polizialen eskuetan torturatua izateko arriskua hor dagoelako. Nekane ere, herrian eta aske ikusi nahi dugu. Zentzu horretan, Nekanek eta bere senide eta lagunek Suitzan jasotako elkartasuna eta Bernan egindako mobilizazio ahaztezina ekarri nahi ditugu gogora, izugarria izan zen.

Azkenik, Amasa Villabonako eta Aiztondo bailara osoko herritarrei, Aiztondora egun honetan izango diren ekitaldi ezberdinetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu. Anima zaitezte!  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!