Tolosaldeko Atariak eta beste hainbat komunikabidek argitaratu dute Villabonako udalak pasa den ostiralean plazaratu zuen hiru alderdien arteko testu adostua, albiste honetan duzue irakurgai: http://ataria.eus/amasa-villabona/1478251552285
Amasa Villabonako EH Bildu koalizioaren irakurketa
Lehenik eta behin, Amasa Villabonan bizikidetza eta memoria arloan lehen aldiz udalean ordezkaritza duten alderdien arteko adostasuna lortu izana oso positiboki baloratzen dugu. Zalantzarik gabe, akordio historikoa da. Hala ere, uste dugu honako hau abiapuntu bat izan behar dela eta ez dugu ikusi behar lortutako helburu bezala soilik. Akordio hau gutxieneko eta oinarrizko akordioa da, giza eskubideen errespetuaren alde eta elkarbizitzan aurrera egiteko alderdi guztiek dugun borondatea azaltzen duena, eta oraingoz ez besterik.
Gure herrian memoria eta bizikidetzan asko dago egiteko, herritarren artean eguneroko elkarbizitza ia erabat normalizatu bada ere, herri honetan bizi dugun gatazka politikoak utzitako ondorio ugarik konpondu gabe jarraitzen dute eta gaur egun oraindik giza eskubideen urraketak pairatzen dituzten herritarrak ditugu gurean. Ezinbestekoa da presoen senideek pairatzen duten dispertsio politikarekin amaitzea, hori baita momentu honetan gure herriko pertsona ugarik bizi duten eskubide urraketa nabarmenena. Bestalde, biktima guztien, guzti-guztien aitortzan ere ezinbesteko pausuak eman behar dira, oraindik inolako onarpen ofizialik ez duten hainbat biktima baitaude Amasa Villabonan. Torturak gure herrian utzi duen itzal luzea ere aipatu behar dugu, bildutako datuen arabera gutxienez 88 tortura kasu pairatu dituzte amasa-billabonatarrek eta zoritxarrez errealitate hau ere ez da administrazio publikoaren aldetik behar bezala aitortua izan. Aipatutako hauek izango dira etorkizunerako ditugun erronka nagusiak. Funtsezkoa izango da gure herrian eman diren alde guztietako eskubide urraketa ezberdin ahalik eta gehien biltzea, biktima guztien aitortzan, justizian eta erreparazioan urratsak ematea eta etorkizunean urraketa horiek berriz gertatuko ez direla bermatzea. EH Bildutik udalean martxan den memoria eta bizikidetza batzordearen baitan, zintzotasunez baina aldi berean tinko lan egiten jarraitzeko borondate osoa agertu nahi dugu.
2015eko azaroan ezin izan zen adostasunik lortu eta EH Bilduk udalak deitutako elkarretaratzean ez parte hartzea erabaki zuen. Orduan, gai honetan presaka eta beharrezkoa den lanketarik gabe aritzea leportau genion EAJko udal gobernuari eta memoria eta bizikidetza behar bezala landu eta elkarbizitzan aurrera urrats sendoak emateko, batzorde berezi bat sortzea proposatu genuen. Ikusten duzuenez, batzorde hori eratu da eta ibilbide labur baina oparoa izan du, lehen oinarrizko akordio hau lortu ahal izan delarik. Beraz, aurrera goazela esan dezakegu eta hori pozgarria da dudarik gabe.
Guzti honegatik, Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, herritar guztiei dei egiten diegu ostegun honetan 19:00etan Errebote plazan izango den elkarretaratzean parte har dezaten, gure ustez garrantzitsua baita lehen aldiz modu bateratuan egindako deialdi honetara herritar ugari biltzea.