Udalean herritarren arreta zerbitzua ezartzearekin ados agertu da EH Bildu

Pasa den urriaren 21ean Villabonako udalean egindako Osoko Bilkuran erabaki esanguratsuak hartu ziren eta horien artean, Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) martxan jartzeko lehen neurriak onartu izana azpimarratu nahi dugu. Bilkura honetan aipatutako zerbitzua ezartzeko udaletxeko eraikinean egin beharreko obrak egin ahal izateko diru partida bat onartu zen, eta baita zerbitzua arautuko duen ordenantza ere.

Aipatutako osoko bilkuran Xabat Laborde zinegotziak azaldu zuen HAZ-aren inguruan Amasa Villabonako EH Bilduk duen ikuspuntua: "pasa den urteko aurrekontuetan ez genion babesik eman zerbitzu honetarako diru-partidari, herrian premia handiagoa zuten beste lehentasun batzuk ikusten genituelako, besteak beste, Larrea auzoko parkea estaltzeko herritarrek aukeratu zuten obra egitea. Bestalde, gai honetan EAJren aldetik eman diren urrats batzuekin ez gaude ados; Prozesua gidatzen ari den enpresa aukeratzeko modua ez dugu konpartitzen, "a dedo" aukeratu baitzen enpresa eta ez lehiaketa publiko bidez".

Hala ere, EH Bilduk herritarren arreta zerbitzuari bere babesa ematea erabaki du, eta horretarako arrazoiak azaldu zituen Laborde zinegotziak: "EH Bilduko udal taldea ez da inoiz HAZaren kontra agertu, eta zerbitzu berri honek ekarriko dituen aldaketak aztertu hondoren konklusio honetara iritsi gara: HAZ-ak (behar bezala funtzionatzen badu behintzat) herritarrek udalaren aldetik jasoko duten arreta nabarmen hobetuko du, arreta azkarragoa, integrala eta kalitatezkoa izango da eta burokraziarekin, alferrikako "papeleoekin" eta herritarrek bere gestioak egiteko udaletxean gora eta behera ibiltzearekin bukatuko du. Hori oso positiboki baloratzen dugu eta beraz, zerbitzu berri honen inplantazioa babestea erabaki dugu. Hala ere, Labordek "informazio trukaketan sakontzea" eskatu zion udal gobernuari, izan ere EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu du proiektu honi buruzko informazio falta.

HAZ SAC

Herritarren Harreta Zerbitzu baten irudia. Kasu honetan Laudioko udalean.

Zerbitzu hau martxan jartzeko, udaletxeko eraikinean obrak egitea ezinbestekoa izango da eta horretarako 150.000 euroko diru partida bat bideratzea onartu zuen udalbatzak aho batez. Obra horiek udaletxeko beheko solairuan egingo dira, zehazki udaltzaingoak eta kale-hezitzaileek erabiltzen dituzten lokaletan. Izan ere, arreta zerbitzua udaleko behe solairuan egongo da kokatuta.


ALDAKETAK UDALEKO BATZORDEETAN:

Aipatutako Osoko Bilkuran beste gai garrantzitsu bat ere eztabaidatu zen, EAJ-PNVk udalean egiten diren batzorde informatiboetan aldaketa pare bat egitea proposatu zuen:

1. "Pertsonala eta Barne araudia" batzordearen sorrera: Orain arte gai hauek Ogasun batzordean lantzen ziren eta hemendik aurrera batzorde propioa izango dute. EH Bilduk batzorde berri hau sortzea begi onez ikusi zuen. Udaleko langileen ordezkariek bertan parte hartuko dute eta udaletxeko barne funtzionamendua jorratzeko batzorde aproposa izan daitekeela adierazi zuen EH Bilduko ordezkariak.

2. Ingurumen batzordea desagertarazi eta Hirigintza batzordean txertatzea: EH Bilduk ez zuen proposamen hau babestu eta Xabat Labordek eman zituen horretarako arrazoiak: "Guk garrantzi berezia ematen diogu ingurumenari, uste dugu bizi dugun krisi ekologiko eta klimatiko larriaren aurrean, udalak ere ahalegin berezia egin behar duela ingurumena babesteko eta herri jasangarria izatea lortzeko. Beraz, EH Bildutik Ingurumenak batzorde propioa izaten jarraitu behar lukeela pentsatzen dugu". Bestalde, ingurumenari dagokionez EAJko udal gobernuak izandako jokabidea gogor kritikatu zuen Labordek: "Ingurumen batzordea paralizatuta eduki duzue (EAJko zinegotziei zuzenduz) ez da ia batzorderik ere egin, azkena urtarrilean egin zen, eta ofizialki ere eskatu izan dugu batzordea biltzea baina zuek ez duzue kasurik ere egin. Ingurumen alorrean hainbat gai daude mahai gainean, besteak bete, BTT mendi-bizikleta zirkuitoen proiektua, Amasamendiko kudeaketa plan integrala egin eta onartzea eta herri baratzen egitasmoa. Aipatzekoa da guztiak aurreko legealdian martxan jarri eta guztiz bideratuak utzi zirela. Ba EAJk denak geldiarazi ditu, baratzen kasuan zozketa bat egin eta baratzak funtzionamenduan jartzea soilik falta zen eta hilabete batean egin zitekeen lan horretarako, urte eta erdi behar izan duzue. Horrek oso argi erakusten du Ingurumenak zein gutxi ajola dion Villabonako EAJri". 

EAJk egindako bi proposamen hauetatik bakarra onartzen zuenez, Osoko Bilkurako puntu horretan abstentziora jotzea erabaki zuen EH Bilduk. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!