Lehenik eta behin, argi eta garbi adierazi nahi dugu gai honen inguruan azken hilabeteetan udalak emandako urratsak, besteak beste, edukiontzien erosketa, Amasako frontoia edukiontzi horien biltegi bezala erabili eta itxita edukitzea, sistema noiz eta nola aldatuko den erabakitzea, herritarrei banatu beharreko eskuorriak diseinatzea, txip-en banaketa nola egingo den erabakitzea... PNVk aldebakartasunez eta bere kabuz hartutako erabakiak izan direla. Argi gera dadila, EH Bildutik ez dugu esan nahi hartu diren erabaki guztiak txarrak izan direnik, erabaki horiek hartzeko udal gobernuak jarraitutako prozedura da kritikagarria iruditzen zaiguna.
Jakina den bezala, otsailean hondakinen bilketa sistema aldatu eta edukiontzien sistema ezartzeko PNV, EH Bildu eta PSE arteko akordioa sinatu zen. Akordioa izenpetu zen garaian, Ivan Aguirre alkateak eta PNVk hainbat konpromiso hartu zituzten EH Bildu eta PSErekin eta horien artean, aldaketa egiteko prozedura eta sistema berriaren inplantazioa hiru alderdien arteko elkarlan eta adostasunaren bidez egitea zegoen. Horretarako, udaleko Ingurumen Batzordea ezarri zen elkarrizketa, eztabaida eta akordioak lortzeko foro gisa. Hau da, Ingurumen batzordean erabaki behar genuen sistema aldaketa noiz eta nola egin behar zen. Bere momentuan EH Bilduk ontzat eman zuen prozedura hau.
Sinestezina dirudien arren, otsailaren 29an egindako osoko bilkuran akordioa ofizialki onartu zenetik ez da Ingurumen Batzorderik egon, azken batzordea urtarrilaren 16an egin baitzen. Hori horrela izanda, EH Bilduko udal taldea osatzen duten zinegotziak pasa den irailaren 1ean eskualdeko komunikabideetan irakurrita jakin zuten zein egunetan eta zein prozeduraren bidez emango zen sistema aldaketa. Errespetu falta izugarria iruditzen zaigu PNVk informazio hori komunikabideei lehenago jakinaraztea, udaleko organoetan baino. Baina kontua ez da hor bukatzen, albistea irakurri eta bezain pronto, irailaren 1ean bertan, EH Bildutik Ingurumen Batzordea berehala biltzeko eskaera egin genion alkateari eta egun batzuetara emandako erantzunean, batzordea deitzeko arazo teknikoak zeudela argudiatuz, udal gobernuak jadanik prestatuta zuen bilera batera agertzeko gonbidapena egin zigun. Erantzun horretan besteak beste "azken bileratik ez da aldaketa handiegirik egon" zioen PNVko ordezkariak, lotsa gutxi behar du hori esateko.
Ondoren lehen aipatu dugun astearteko prentsaurrekoa etorri zen, hau ere udaleko beste alderdiei ezertxo ere jakinarazi gabe egindakoa. Gainera, prentsaurreko horretan emandako zenbait datu ez dira behar bezala azaltzen. PNVk sistema hau 50.000 eta 55.000 euro "merkeagoa" dela dio baina hori ez da guztiz egia, diru hori aurreztuko da bai, baina bilketan soilik eta besteak beste, hainbat lanposturen galera dela medio. Bilketa merkeagoa da baina ondoren ikusi beharko da hondakinen kudeaketa osoa merkeagoa izango den edo ez. Balantze ekonomikoak gora behera nabarmenak izan ditzake sistemak emango dituen emaitzen arabera, hau da, bilduko den organiko eta errefusa tonen arabera, tonako udalak ordaindu beharreko tasak direla eta. Beraz gaur gaurkoz publikoki "sistema merkeagoa" dela esatea ez da zuzena eta esan dezakegu PNV ez dela egia guztia esaten ari, are gehiago, gure ustez herritarrei mezu nahasgarriak nahita ematen ari dira intentzio alderdikoiarekin. Guztiz bestelakoa izan da Andoainen ikusi dugun argazkia, bertan ondakin organikoa biltzen hasteko urratsa eman dute eta aurkezpen prentsaurrekoan EH Bilduko alkatea, PNV, PSE eta Irabazi-ko ordezkariekin batera agertu da, zalantzarik gabe adostasuna islatzen duen argazkia. Zergatik ez du gauza bera egin Villabonako PNVk? sistemak ongi funtziona dezan, ez al da askoz hobea alderdi guztiak modu bateratuan aurkeztea?
Aipatutako guztiaren ondorioz, gai honetan PNVk izan duen jokabidea tinko salatu behar dugu. Gure ustez, orain Villabonako udalean agintzen dutenek, legealdi hasieran Ivan Aguirre alkateak ezberdinen arteko elkarrizketa bultzatu eta akordioak lortzeko erakutsi zuen borondatea alde batera utzi dute eta hori baino larriagoa dena, PNVk gai honetan lortu zen akordioaren baitan hartutako konpromisoak zapuztu ditu. Estilo aldaketa oso nabarmena izan da, gure udalean alderdi ezberdinetako pertsonen arteko gertutasuna izan eta elkarrizketa eremu naturalak egotetik, erabateko inkomunikaziora pasa gara. Tamalez, udal gobernuko jeltzaleak nagusikeriazko jarrera kasik autoritarioa izatera pasa dira "hemen guk agintzen dugu eta punto" esatera. Nola definitu bestela, oposizio politikoari ezertxo ere ez jakinaraztea, azalpenak eman behar ez izateko sail ezberdinetako udal-batzorderik ia ez egitea, dena alkate-dekretu bidez erabakitzea, alkatearen "kalitatezko botoa" erabiltzeko inolako arazorik ez izatea etab.?
Gure ustez gai hau joko alderdikoietatik kanpo utzi beharrekoa da, azken batean gu guztiok sortzen ditugun hondakinen kudeaketaz ari gara. Hondakinak behar bezala nola banatu eta azken urteetan lortutako birziklatze tasa handiak gutxienez mantentzeko bideak errazteaz hitz egin behar genuke, herritarrei lagungarri izango zaizkien mezuak plazaratu, pedagogia egin, jarraibideak eman, gu geu eredugarri izan... eta ez alderdi bakoitzak bere interes propioen arabera jokatu. Guk interes komunak defendatzen ditugu, gure lehentasunak herritarren osasuna eta ingurumenaren babesa dira eta oso argi dugu zein den helburua, ahalik eta gehien birziklatzea. Horixe da helburu nagusia eta horretarako zein bilketa sistema erabiltzen dugun, gutxienekoa dela iruditzen zaigu. Horrexegatik ontzat eman genuen bilketa sistema aldatzea eta akordioa sinatzea erabaki genuen, akordio horretan kostata bada ere, udalak birziklatze tasa %70etik ez jaisteko konpromisoa hartzea lortu genuelako. Guk datozen egunetan ezarriko den sistemaren emaitzen jarraipen zorrotza egingo dugu eta Amasa Villabonan birziklatzean atzera urratsik egon ez dadin lan egiteko konpromisoa berresten dugu.
Amasa-Villabonako EH Bildu koalizioko UDAL-TALDEA.
2016ko irailaren 8an