Hondakinen bilketa sistemaren aldaketa dela eta, presazko Ingurumen Batzordea egitea eskatu du EH Bilduk

Gaur Tolosaldeko Atariaren webgune honetan "Hemen da bosgarren edukiontzia" albistea argitaratu da eta EH Bilduko udal taldea osatzen duten hautetsiak zur eta lur geratu dira. Hau izan baita gai honen inguruan azken hilabeteetan jaso duten albiste bakarra, komunikabideen bidez jasoa. Beste behin, EAJren lan egiteko modua salatu beharrean gaude, udal gobernu eta alkatetza honek, sekretismoz eta ezkutuan egin du lan, oposizioari ezertxo ere jakinazi gabe eta batzorderik egiten ez denez, inolako azalpenik eman gabe. Egoera honen aurrean, EH Bilduko udal taldeak gai hau lantzeko presazko Ingurumen Batzorde bat egitea eskatu dio EAJko Maite Izagirre alkateari. Izan ere, hondakinen bilketa sistema aldatzeko EAJ, PSE eta EH Bilduren arteko akordioa sinatu zenean, akordio honi jarraipena egiteko eta aldaketaren inplantazioan egin beharrekoak adosteko foroa, Ingurumen Batzordea izango zela onartu zen. Hilabeteak dira Ingurumen batzordea biltzen ez dela.

Hauxe da gaur goizean EH Bilduko udal taldeak Villabonako udalean modu ofizialean erregistratu duen eskaera orriak dioena: 

"Villabonako udaleko alkateari:

Gaur (2016-09-01) Tolosaldeko Atariaren webgunean (ataria.info) hondakinen bilketa sistemaren aldaketari buruzko albistea irakurri ahal izan dugu. Bertan aldaketaren datak ere argitaratu direlarik.

Hilabeteak dira EH Bilduko zinegotziok gai honi buruzko inolako informaziorik jasotzen ez dugula. Udal honetan EAJ, PSE eta EH Bildu alderdien arteko akordioa sinatu genuenean, hondakinen sistema aldaketaren gaiaren jarraipena egin, eta emango diren urratsak eztabaidatu eta elkarrekin adosteko foroa, Ingurumen batzordea izango zela adostu genuen. Foro honetan, sistema aldaketa modu adostuan eta elkarlanean egiteko konpromisoa hartu zuen gurekin Iban Agirre EAJko alkate ohiak.

Hori horrela izan arren, hilabeteak pasa dira Ingurumen batzordea bildu zen azken egunetik.

Beraz, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldetik, honako eskaera egiten dizugu:

Ingurumen Batzordea berehala biltzea. Batzorde honetan hondakinen bilketa sistemaren aldaketaren gaia monografikoki lantzea eta udal gobernuak datozen asteetan gai honetan emango diren urratsei buruzko xehetasun eta informazio guztia bidali edo helaraztea udal honetako alderdi politiko guztiei.

Agur bero bat."

Eskaera mezu hau bera, zuzenean Maite Izagirre alkateari eta bere idazkari pertsonalari bidali zaie e-posta bidez.

 

Amasa Villabonako EH Bildutik, udal gobernuak eskaera honi modu positiboan erantzutea espero dugu eta Ingurumen Batzordean gai honi buruzko xehetasunak modu eraikitzailean landu, adostasunak lortu eta elkarlanean aritzeko borondate guztia dugula adierazi nahi dugu. Era berean, oso argi dugu Amasa Villabonan orain arte lortutako birziklatze tasak mantendu edo igotzea izan behar dugula helburutzat, eta udalean sinatutako akordioan jasotzen den bezala, ez dugu inolaz ere birziklatze tasa %70etik jastea onartuko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!