Amasako frontoia edukiontzien biltegi bilakatu da

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2016ko abuztuaren 29a

Pasa den uztailean (santio jaien aurretik) Amasako frontoia edukiontziz beteta zegoela jakin genuen. Orduan guztiz harrituta geratu ginen eta garbi utzi nahi dugu EH Bilduko zinegotziei ez zitzaiela kontu honi buruzko ezertxo ere jakinarazi. Beraz, EAJ-PNVko Udal Gobernuak bapatean eta unilateralki frontoia biltegi batean bilakatu eta isteko erabakia hartu du. Hasieran egun batzuetako kontua izango zela pentsatu genuen, baina oker geunden eta abuztu osoa darama frontoiak egoera horretan. Normala den bezala, honek hainbat herritarren artean haserrea eragin du, frontoiko erabiltzaileek ezin izan baitute pilotan jokatzeko (edo beste kirol batzuk praktikatzeko) erabili. Guk ere bat egiten dugu haserre horrekin, ez baitugu ulertzen nola eduki daitekeen kirol instalakuntza publiko bat guztiz itxita, biltegi soil bat bezala erabiltzeko. Frontoia herritarrek erabiltzeko espazio publiko bat da eta horrexegatik EH Bilduko kideok egunero irekita egon behar duela pentsatzen dugu. Zergatik erabaki da edukiontzien biltegi bezala Amasako frontoia erabiltzea? eta ez herritarrek erabiltzen ez duten beste edozein espazio? Gure ustez egoera hau ez da onargarria eta udal gobernuari azalpen argi bat ematea eskatzen diogu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!