Pasa den asteko ostegunean Istanbuleko aireportuan izandako atentatua zela eta, Villabonako udalak bando bat kaleratu zuen 40 hildakotik gora eragin zituen atentatu odoltsu hori gaitzetsiz eta udaletxe aurrean kontzentrazio bat deituz. Esan beharra daukagu, deialdi hori sorpresaz hartu genuela, zoritxarrez azken urteetan pertsona zibilak helburu dituzten eta hildako errugabe ugari sortzen dituzten atentatu ankerrak, ohiko albiste bilakatu baitira. Hala ere, nola ez, bat egiten dugu bandoaren mezuarekin eta EH Bildutik oso garbi utzi nahi dugu: Istanbulen izandako atentatu bidegabe hori gogor salatzen dugu eta eragindako biktimen familia eta lagunei gure elkartasuna adierazten diegu.
Estatu Islamikoa eta beste hainbat talde terrorista internazionalek herritar zibilak helburu dituzten atentatu kanpaina gogor bat martxan duten honetan, eta Irak, Afganistan, Pakistan, Siria eta gatazka latzak bizi dituzten beste hainbat herrialdeetan gertatzen diren sarraskiak, eguneroko ogi bilakatu zaizkigu tamalez.
Aste honetan bertan, Bagdad-en jendez gainezka zegoen kale batean, gidari suizida batek lehergaiz betetako kamioi bat leherrarazi eta gutxienez 200 pertsona hil eta beste hainbeste zauritu ditu. Oraingoan ordea, Villabonako udalak ez du kontzentraziorik deitu. Zein irizpide erabiltzen du gure udal gobernuak kontzentrazio bat noiz deitu behar den eta noiz ez erabakitzeko?
Legealdi honetan gisa honetako bi kontzentrazio antolatu ditu Villabonako udalak, bata 2015eko abenduan Parisen izandako erasoen ostean, eta bigarrena pasa den astean Istanbuleko atentatuaren ondoren. Martxoan Bruselan izandako erasoei erantzuteko ordea, Adierazpen Instituzional bat kaleratu zen. Honek hainbat kezka sortzen dizkigu; Atentatu bat larriagoa al da Europan gertatzen denean? Lehen eta bigarren mailako biktimak al daude? Biktimen artean mendebaldeko herritarrak (europar edo estatu batuarrak) daudenean soilik egin behar al da zerbait? Damasko, Sudan, Faluya edo Islamabad-eko hildako errugabeak ez al dira Paris, Brusela edo Istanbulekoak bezalakoak?
Galdera hauek airean gera ez daitezen, horrelako gertakari tragikoen aurrean udalak zein neurri hartuko dituen zehaztuko duten irizpideak eduki behar ditu.