- HERRIKO ELKARTE ETA ERAGILEEN DIRU LAGUNTZEN GAIA:
EAJko udal gobernuak Aurrekontu orokorraren exekuzioaren 38. artikulua aldatzea proposatu zuen, eta zer esan nahi du horrek? modu sinple batean azaltzeko, EAJk agintea eskuratu zuenean ezarri nahi izan zuen diru-laguntzak banatzeko planteamendu berriak porrot egin duela eta pasa den legealdiko sistemara bueltatu direla, hau da, herriko elkarteei dioru-laguntzaren %90a urte hasieran helaraztea, eta gastuak justifikatu ondoren, falta den %10a ordaintzea.
Hau da EAJren atzera-jotze honen aurrean EH Bilduko ordezkaria den Nora Urbizuk atzoko bilkuran azaldu zuen irakurketa:
"EAJko udal taldetik otsailaren 29ko osoko bilkurara ekarri zenuten aurrekontu orokorreko exekuzio arauaren 38.artikuluaren aldaketa proposamena. Zuen aurrean gauden EH Bilduko kideok, bai ogasun batzordean eta bai osoko bilkuran, kezka izugarria azaldu genuen gaiarekiko. Noski, esan beharrik ez dago guri kasu zipitzik ez diguzuela egin urte bete honetan.
Gaur berriz ere lehengora bueltatu nahi baduzue ere, gogorarazi nahi dut hasiera bateko EAJren asmoa diru laguntzen ordainketa hasieran %50a eman, eta justifikatu ondoren beste %50 ematea zela. Kanpotik etorri eta herri bateko ekimen herrikoi parte hartzaileak popatik hartzera bidalitzeko zorian egon zarete eta gure herriko ekimen kultural eta sozial garrantzitsuak kolokan jarri dituzue, herritar askoren artean ezinegona sortuz. Herri bizi batek aktibitate sozial eta kultural bizia behar du eta guk uste dugu, orain artean Villabonan, hori errealitate bat izan dela (eta horren lekuko dira jaiak antolatzeko betiko modua erabat parte hartzean oinarrituta), eragileek lan asko egin dute herri honen mesedetan eta are gehiago, eragile asko erreferentzia bihurtu dira Euskal Herrian ere. Villabonaren izena eraman dute gure mugetatik haratago. Eta uste dugu, udal gobernu hau ez dela eragileek merezi duten arretarekin jokatzen ari.
Zuetako gehienek, urrun duzue herri honetako errealitatea, eta ezer gutxi axola dizue ekimenak herriko elkarteek egin edo kanpotik ekarritakoek egin. Bost axola zaizue urteetako saretze lana, gazteei trasmititzen zaien jaietako parte hartzea, herriari zerbitzua eskeintzea musutruk.
Udalak herritarrengadik gertuen dauden instituzioak dira; herritarren arazoak konpontzeko ardura dutenak eta nago azken garaiotan arazoak konpondu baino arazoak sortzen ez ote ari den udal gobernu hau. Hori sumatzen dugu guk behintzat eragileekin gaudenean.
Zuek arrazoirik eman nahi ez badiguzue ere, gaur berriz ere denborak arrazoia eman digu. Orain taktika aldaketa bat ikusiko dugu seguruenik, alkatearen dimisioa probestuko duzue orain arte hartutako erabakiak leuntzeko, goxatzeko, eragileen ondoan kokatzeko. Baina iada ez duzue inor engainatzen, ikusi dugu zuen benetako izaera. Jakitun gara zure burla tonoa eta hainbat kasutan ekintzen aurrean mehatxu mezuak ere izan direla. Ikusi zaitugu, herritarrak isildu nahian, jai batzordean esaterako, deserosoa da zuretzat Mertxe (EAJko kultura zinegotzia, lazkaotarra) herritarrei entzutea, beraiekin eztabaidatzea, noski ez da zure estiloa.
EAJren lan egiteko modua ez da serioa. Atrebentzia eta ezjakintasuna izan dira nagusi. Ez da lehen aldia EH Bilduko hautetsiok mahai honen inguruan hau dioguna, eta esango dugu publikoki behar den leku guztietan. Iazko Santioetan giroa bero izatea lortu zenuten, eta aurtengo jai aurrea ere ez doa leun."
Mertxe Garmendia EAJko kultur zinegotziak ez zuen inolako erantzunik eman nahi izan.
- IBAN AGIRRE ALKATEAREN DIMISIOAREN NONDIK NORAKOAK:
EH Bilduko udal taldearen izenean Xabat Laborde zinegotziak aurkeztu zuen alkatearen dimisioaren gai honetan koalizio abertzaleak egiten duen irakurketa:
"Errespetatzen dugu Ibanen dimisioa, nola ez, ez dugu horren inguruan ezer gaineratzeko. Oraingoan umil eta xume, barkamena ere eskatu duzu, eta benetan pozten naiz hori egin izanagatik, Iban. Baina ezin dugu aipatu gabe utzi, ez dugu uste dimisio honen azalpena emateko modua egokia izan denik. Ardurak asumitu ordez, ardurak udal langileen bizkar uzteko atrebentzia izan duzue eta hori ez da bidezkoa. Komunikabideetatik jarraitu dugu zuen kudeaketa guzti hau, eta ikusi dugu Villabonako EAJren izenean Eneko Urdangarin zinegotziak ere bertsio berdina zabaldu duela Aiurri aldizkarian, nahiz eta gero etxe honen barruan Ibanen hitzak izan zirela esan. Ez guk eta ez herritarrek oraindik ez dugu dimisio honen azalpen logiko eta argirik jaso. Zein da agintaldia abiatu zenutenean, udal barruko lan giro "ezeroso" hori? zertaz ari zarete zehazki hori esatean? Herritarrek azalpen ulergarri eta argi bat merezi dute.
Udal bat gobernatzea oso zaila da, ondo dakigu. Baina Villabonako udala ez da Jaurlaritza. Amasa-Villabonako herria herritarrok egiten dugu, guztiok. Eta EAJko udal taldekoak hori aintzat hartu gabe aritu zarete. Eta bistan da, herria aintzat hartu gabe lan egiten denean, arazoak sortzen dira.
Gaur urte bete hartu zenuten aginte makila, eta tamalez lehen urte honetako balorazioa ezin da positiboa izan, gure ustez Amasa Villabonarentzat galdutako urtea izan da honakoa. Herri proiekturik gabe ari zarete lanean, herritarrengandik urrun, hasieran "parte hartzea, elkarrizketa, akordioa, elkarlana..." aipatzen zenuten baina ondoren argi geratu da ez duzuela horretarako inolako borondaterik eduki, oposizioaren lana oztopatzen aritu zarete, udal honetan ia ez da batzorderik egiten (batzordeak dira gai ezberdinak landu, eztabaidatu eta adosteko udalak dituen foro garrantzitsuenak) eta guzti horrek guk egin nahi ditugun ekarpenei ateak istea ekarri du.
Guk arduraz jokatzen jarraituko dugu, legealdi hasieran oposizio eraikitzailea burutu eta proposamenak egiten arituko ginela esan genuen, eta horretan aritu gara urte honetan. EH Bildutik ezkerretik herri honi alternatiba parte hartzailea eta herritarra eskainiz jarraituko dugu.
Azken eskaera bat egin nahi diogu EAJko udal taldeari: billabonatarrok alkate billabonatarra merezi dugu (horrek dakarren guztiarekin, herriaren ezagutza...), eta hala nahi dugu gainera, uste dut billabonatar gehienen nahia azaltzen dugula eskaera honekin (ez soilik EH Bildu bozkatu dutenena, konbentzituta gaude herritarren gehiengo oso handi batek eskaera berdina egiten duela). Villabonako udalak ez du inoiz herrikoa ez den alkate bat izan. Espero dugu eskaera hau haintzat hartzea hurrengo alkatearen hautaketan."
EAJko udal taldetik ez zioten erantzunik eman eskaera honi eta jaina denez, oraingoz Ibon Ariznabarreta izango da alkatea "funtzioetan". EAJtik zinegotzi eta alkate berriak nortzuk izango diren "laster" jakinaraziko dutela esan zuten eta beraz, oraindik ezin dugu ezer baieztatu.
Amasa Villabonan, 2016ko ekainaren 14an.