Hau da Udalean erregistratu diren proposamenek diotena:
1. Udaleko Osoko Bilkurak grabatzeko eta bertan esandako guztiak aktan objetiboki jasotzeko proposamena:
Amasa Villabonako EH BILDU koalizioko udal-taldearen proposamena Villabonako Udaleko Gobernuari:
Villabonako udaleko Osoko Bilkuren ondoren jasotzen ditugun Akta dokumentuetan, ez dira bilkuran egindako adierazpen guztiak jasotzen. Aktetan orokorrean osoko bilkuran esandakoak biltzen badira ere, uste dugu aktak bilkuran egindako adierazpen guzti guztiak bildu beharko lituzkeela modu zehatz batean. Horretarako neurri zehatzak hartzea proposatuko dugu.
Osoko bilkurak erabat publikoak direla kontuan izanik, bertan esandakoak Akta ofizialean modu zehatz eta objektibo batean biltzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu eta udalak gaur egun horretarako erabiltzen dituen bitartekoak ez dira nahikoak zeregin hau behar bezala egiten dela ziurtatzeko.
Bestalde, udalak duen erabaki organo gorena den osoko bilkura, gizarteratu, herritarrengana gerturatu eta gardentasunean aurrera urrats bat emateko, modu egokia izan daiteke Bilkura hauek grabatzea eta publiko egitea.
Hau kontuan izanda, Amasa Villabonako EH Bildu koalizioko udal-taldetik honako eskaera hauek egiten ditugu:
1. Villabonako udalak, Osoko Bilkuretan esandakoak bilduko dituen audioa grabatzeko beharrezko bitartekoak (tekniko eta humanoak) jar ditzala.
2. Audio edo grabazio horiek publiko egitea.
3. Idatzizko akta osatzean transkripzio literalen bidez egitea, bilkuran esandakoak modu objektibo batean jasoz.
4. Osoko Bilkurak bideoz grabatzeko eta ondoren bideo horiek argitaratzeko dauden aukerak aztertzea.
2. Gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko, Villabonako udalak ere tapoiak biltzeko ekimena martxan jartzeko proposamena:
Amasa Villabonako EH BILDU koalizioko udal-taldearen proposamena Villabonako Udaleko Gobernuari:
Gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko, "Elkartasuna eta Itxaropena" elkartearen bidez Gipuzkoako hainbat herritan egiten den moduan, Amasa Villabonan ere akordioa sinatzea eta tapoiak biltzeko ekimena martxan jartzea proposatzen dugu.
Gure ustez, tapoi bilketa guneak herriko supermerkatu handietan, eta udal eraikinetan egin daiteke inolako arazorik gabe.
Aipatutako elkartearekin harremanetan jartzeko posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia helaraziko dizkizuegu.