Aipatutako bilerareren argazkia. Iturria: ataria.info
Guk, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldetik, argi utzi nahi dugu ez genuela bilera horretan parte hartzeko inolako gonbidapenik jaso eta prentsaren bidez jakin genuela bilera horren berri. Beraz, udal gobernuak, Amasa Villabonako herritarren ordezkariak garen beste alderdiak bilera horretatik kanpo uztea erabaki zuen, ondoren bilera hori "propaganda bilera" batean bilakatuz, argazki eta guzti prentsan ager zedin.
EAJko udal gobernua, beste hainbat gaietan bezalaxe ingurumenean ere, zerbait egiten duenaren irudia saldu nahian dabil, baina udal gobernu honen jardunaren jarraipena eta kontrola egiten ari garenok garbi ikusten ditugu udal gobernu honek dituen iniziatiba falta, geldotasuna, nagikeria, proiekturik eza eta inprobisazioa.
Ingurumenean udal gobernu honek hartutako lehen neurri politikoa, udal teknikariaren lan-orduak murriztea izan zen, edonondik begiratuta ere, murrizketa argia. Hau alde batera utzita, azken hilabete luzetan ez da aipatzeko moduko ezertxo ere egin, 2011-2015 legealdian EH Bilduk gidatutako udal gobernuak martxan jarritako egitasmo eta proiektuei hala moduzko jarraipena ematea da egin den bakarra. Besteak beste, herri baratzen proiektua, BTT mendi bizikletarako ibilbide sarea eta Amasamendiko plan integrala (modu parte hartzailean garatua) aurreko legealdian diseinatu eta onartutako egitasmoak dira. Egitasmo hauekin aurrera egiten ari da, bai, baina proiektu hauen garapena oso modu mantsoan gauzatzen ari da, atzerapen nabarmenarekin.
Badirudi orain, bilera bateko argazkia atera eta prentsara bidaliz errealitate hori ezkutatu eta zerbait egiten dutela erakutsi nahian dabiltzala alkatea eta Urdangarin zinegotzia. Guk datu esanguratsu bat jarri nahi dugu mahai gainean, azken 11 hilabetetan 3 ingurumen batzorde soilik egin dira udalean. Ia ezer ez egiteaz gain, oposizioan gaudenoi gure lana egitea zaildu egin nahi izan digute, ingurumen batzordeak baitira gai ezberdinak mahai gainean jarri, eztabaidatu, landu eta adosteko foroak. EH Bilduko hautetsiak beti egon gara batzorde hauetan aktiboki parte hartu eta gure ekarpenak egiteko prest, baina ez zaigu horretarako aukerarik ematen.
Udal gobernu honek udala paralisi egoerara darama eta Amasamendiko maparekin argazkiak atera (normala da, ez dute ezagutzen eta mapa begiratu behar) eta kanpora begira itxurak egiten saiatu arren, ingurumen sailean ere eskuko frenoa emanda doa gure udala.
Ia ahaztu zaigu! ingurumenaz ari garela, EAJk babesten dituen eta gure ingurumena eta naturarentzat oso "onuragarriak" diren AHTa, Erraustegia, Super-Portua, Donostiako metroa etab. bezalako proiektuak ere hor daude, EAJren ingurumenarekiko "sentsibilitatearen" adierazle.
Nora Urbizu eta Xabat Laborde
EH Bilduko zinegotziak eta Ingurumen batzordeko kideak Villabonako udalean