Amasa Villabonako EH Bilduk webgunea eta herritarrek parte hartzeko tresna berria aurkeztu ditu

Azken hilabeteetan Amasa-Villabonako EH Bildu koalizioa komunikazioan, gardentasunean eta herritarren parte hartzearen sustapenean urrats sendoak ematen ari da. Zentzu horretan berritasun garrantzitsuak aurkeztu ditu gaur.

- Amasa-Villabonako EH Bildu koalizioaren webgune berria: http://ehbilduamasavillabona.eus 

Webgune berri honen bidez, Amasa Villabonako EH Bilduk garatzen duen lanaren informazioa herritar guztientzat modu erraz batean eskuragarri egongo da. Amasa Villabonako udaleko, herriko eta Euskal Herriko albiste ezberdinak, iritzi artikuluak, dokumentu interesgarriak (adibidez udaleko bilkuretako aktak), bideoak, argazkiak, agenda eta beste hainbat atalek osatzen dute webgunea.

- Herritarrek parte hartzeko tresna berria; Eztabaida-gunea eta telefono mugikorrerako aplikazioa.

Amasa Villabonako EH Bilduk herritarren parte hartze aktiboan bete betean sinesten du eta demokrazia zuzen eta parte hartzailearen aldeko apustu irmoa egiten du. Norabide horretan ezerezetik tresna berritzaile bat sortu du herritarrek beren ekarpena modu eroso batean egiteko aukera izan dezaten. Modu horretan Amasa Villabonako herritarrei beren iritziak bideratzeko eta bozka bidez erabakiak hartzeko ahalmena eskainiko zaie.

Parte hartzeko gune honetara sartu ahal izateko bi modu ezberdin eskaintzen dira:

  • Webguneko "Eztabaidagunea" atalaren bidez.
  • Telefono mugikorrean "EH Bildu Villabona" aplikazioa jaitsiz.   

Amasa Villabonako koalizio abertzaleak espresuki sortu duen parte hartzeko tresna interesgarriena, telefono mugikorreko aplikazioa da. Android motako edozein telefono mugikorretan dagoen Play Store gunean, "EH Bildu Villabona" aplikazioa oso erraz topatu eta deskargatu daiteke (ez du ia memoria espaziorik okupatzen). Bertan izena eman edo erregistratu ondoren, edonork parte hartu dezake aplikazio honetako eztabaida-gunean, foroan edota martxan jarriko diren inkesta edo bozketetan. Amasa Villabonako EH Bilduk herritarrentzat interesa duten gaiak bertan jorratuko ditu eta hartu beharreko erabaki garrantzitsuenak gune honetan izena eman dutenen artean bozka zuzen bidez hartzeko konpromisoa hartzen du. Bozketa guztiak sekretuzkoak izango dira, ezinezkoa da jakitea erabiltzaile bakoitzak zein zentzutan bozkatu duen.

Aplikazio honek pertsona guztien pribatutasuna errespetatuko du beti eta ez dira inoren datu pertsonalak baimenik gabe erabiliko.  

Parte hartzeko tresna hau deskargatzen laguntzeko eta aplikazioaren erabilera azaltzeko, bideo tutorial bat ere argitaratu da: https://www.youtube.com/watch?v=tqiOrYbe7qQ Bideo hau eskuragarri duzue webgunean ere. 

EH Bildutik, tresna berri hauek begiztatu eta erabiltzeko gonbidapena egiten diegu amasar eta billabonatar guztiei. Herritarrei entzun, eta hitza eta erabakia eman nahi diegu, gure herriko gaietan erabakitzeko ahalmena jendearen eskuetan utziz.

 

EH BILDUREKIN ZUK ERABAKI!

 

 

 

Amasa Villabonan, 2016ko maiatzaren 21ean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!