Gizarte-Larrialdi laguntzak bermatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk

Amasa Villabonako EH Bilduk aurkeztutako mozio honen bidez, 2016an Gizarte-Larrialdi laguntzak (GLLak) behar dituzten herritarrei laguntza hau bermatu ahal izatea lortu nahi dugu. GLLen finantziazioaren ardura Eusko Jaurlaritzak du baina azken urteetan udalak laguntza hauen zati handi bat bere gain hartu behar izan du. EH Bilduko kideon ustez egoera honen aurrean Eusko Jaurlaritzari bere ardurak betetzea exijitu behar zaio.

2015. urtean hainbat herritarrek laguntza hau jasotzeko eskubidea izan arren, ezin izan zuten jaso finantziazio faltagatik, egindako gastua 93.627,48€-takoa izan baitzen, GLLen behar osoa 110.152,48€takoa izanik.

EAJ eta PSEk onartu berri dituzten 2016. urteko aurrekontuetan, 72.000€ soilik bideratzen dira Gizarte-Larrialdi laguntzetarako. Aurreko urteetako beharrak aztertuta, argi dago zifra hori ez dela nahikoa izango Amasa Villabonan laguntza horiek jasotzeko eskubidea duten herritarrei erantzuteko eta beraz, hainbat herritar gizarte bazterketan ez erortzeko beharrezkoa duten laguntza hau jaso gabe geratuko dira.

Gure ustez egoera hau guztiz onartezina da, azken finean pertsonek, herritarrek, bizitza duina izateko eskubideaz ari gara eta pobrezia egoeran dauden edota gizarte bazterketan erortzeko arriskua duten gizon emakumeek egoera hori gainditu ahal izateko administrazio publikoen laguntza ezinbestekoa dute. EH Bilduko kideok ez dugu onartuko amasa billabonatar bakar bat ere bazterrean uztea eta ez dugu herritar bakar bat kalean, etxebizitzarik gabe eta inolako diru sarrerarik gabe egoterik nahi, beraz, bere ardurak bete eta GLLak bermatzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.

Hau da Amasa Villabonako EH Bilduk aurkeztu duen mozioa, otailaren 29ko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dadin:

Amasa-Villabonako EH BILDU Udal Taldeak EUSKO JAURLARITZAK GIZARTE-LARRIALDIETARAKO LAGUNTZEN GASTUA BERE GAIN HARTZEKO ESKATZEKO MOZIOA aurkezten du:

 

ARRAZOIAK

Urtarrilaren 18ko Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen 4/2011 Dekretuak aipatuta laguntzen kudeaketa eta prestazioa arautu eta finantzaziorako eskumenak ezartzen ditu.

31.artikuluak (Finantziazioa eta Transferentziak VI. Kapituluaren barruan), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan GLL-etarako zenbatekoak finantzatzeko behar beste baliabide ekonomiko gorde beharko direla dio urtero. Urteetako krisi denboraldi honetan, atal honetara bideratu behar diren baliabideak Eusko Jaurlaritzak urtero finkatzen dituenak baino askoz handiagoak direla argi geratu da. Villabonako Udalak, beste hainbat Udalek bezala, beharrak dituzten hiritar eta familia oro bere estaldura sozialetik kanpo geratu ez daitezen helburuarekin, GLL-ak tramitatzeko aurrekontu estra bat bideratzen du azken urteetan.

32.2 artikuluan aipatzen den bezala, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena duen Sailak Udal bakoitzari dagokion gehieneko aurrekontua finkatuko du.

2015 urtean, kontzeptu honetan Eusko Jaurlaritzatik 51.225€ finkatu ziren Amasa-Villabonako  biztanleriaren beharren eskaerak asetzeko. Baina beharrak askoz ere gehiago izan ziren eta 2015. urtean udalak egindako gastu totala 93.627,48€-takoa izan da. Beraz, udalak bere aurrekontutik 42.402,48€ bideratu behar izan ditu behar hau asetzeko. Gainera, eskaera egin eta aurrekontu faltagatik ezeztatu behar izan diren eskaeren diru kopurua 16.525€koa izan da. Hau kontuan izanik,2015. urtean Amasa Villabonan GLLen beharak asetzeko beharko litzatekeen diru kopuru  osoa 110.152,48€koa izan da. Beraz, esan daiteke Villabonako Udalak GLLen behar osoaren %38.5a hartu duela bere gain.

Aipatutako Dekretuaren 32.3 artikuluan zehazten den bezala, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena duen Sailak aurreikusitako baliabideak banatzeko irizpideak berrikusiko ditu aurrekontu-ekitaldiaren barruan, horrela, behar izanez gero, udal bakoitzari esleitutako kredituak egokitu ahal izango ditu. Eta are zehatzago oraindik, 32.3.b artikuluak dioen bezala, banaketa-irizpideak berriz aztertu behar direla uste bada, eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzaren Sailak beste banaketa-irizpide batzuk finkatu ahal izango ditu, Gizarteratze Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeak gaia aztertu ondoren eta ondorioz, udal bakoitzak eskura dituen kopuruak berriro antolatu ahal izango ditu.

Ematen ari den urteetako estaldura defizita ikusita, oso premiazkoa ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen banaketa-irizpideak eguneratzea.

Villabonako udalak 2016rako onartu berri dituen aurrekontuetan, GLLetarako diru partida 72.000€etakoa da soilik. Hauetatik 57.421€ Eusko Jaurlaritzak bideratzen ditu eta falta diren 14.579€ak udalak. 2015. urtean gizarte laguntza hauen beharra 110.152€koa izan dela kontuan hartuta, argi dago aurtengo aurrekontuko diru kopurua ez dela nahikoa izango GLLen beharrak asetzeko.  

 

MOZIOA

Hau guztia aintzat hartuz, Villabonako Udaleko Udalbatzari ondokoa adostea proposatzen dio EH Bildu udal taldeak:

  1. Eusko Jaurlaritzari Amasa-Villabonako GLL-en behar osoaren estaldurara iristeko aurreikusten diren 52.731€en (110.152 – 57.421) ordainketa eskatzea.
  1. Urtarrilaren 18ko Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen 4/2011 Dekretuaren IV Kapituluaren (Finantziazioa eta Transferentziak) 32. Artikulua aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzari Udalei kontzeptu honetan baliabideak banatzeko irizpideak premiaz berrikusi eta egokitzeko eskatzea, Udalen behar errealetara egokitzeko.

 

 

 

 

Amasa-Villabonan, 2016ko otsailaren 22an.

Amasa-Villabonako  EH BILDU Udal Taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!