Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik hondakinen bilketa sistema berri bat adosteko prozesuaren balorazio positiboa egiten dugu. Iritzi eta eredu ezberdinak dituzten alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazio honek, gora beherak gora behera, borondatea baldin badago akordioetara iristeko aukerak daudela erakutsi digu. EH Bildu koalizioan, negoziaketa prozesu honek herritarren iritziak entzun eta kontuan hartzeko parada eskaini digu eta egindako batzar irekietan parte hartu nahi izan duten herritarrei EH Bilduren ekinbidea zehazteko aukera eskaini diegu, prozesu parte hartzaile aberats bat gauzatuz.
Gure ustez akordio honek Amasa Villabonan gai honen bueltan azken urteetan izandako liskar politiko-mediatikoari amaiera emateko balio behar luke eta EH Bilduko kideok adostutako sistema honek emaitza onak eman ditzan, udal gobernuarekin elkarlanean aritzeko gure prestutasun osoa adierazi nahi dugu.
Adostutako dokumentuan sistema honen emaitzek %70eko birziklatze tasa ematen ez badu neurri zuzentzaileak ezartzeko konpromisoa biltzen du, udal gobernuak honako konpromiso hau hartzea funtsezkoa dela pentsatzen dugu.