EH Bilduren zuzenketak baztertu eta 2016rako aurrekontuak onartu ditu udalak EAJ eta PSEren aldeko botoekin

Astelehen arratsaldeko osoko bilkuran 2016ko udal aurrekontuen gaia jorratu zen eta EH bilduk aurkeztutako hamaika zuzenketak banan-banan eztabaidatu eta bozkatu ziren. Udal gobernuak ez zuen zuzenketa bat bera ere onartu eta EAJk proposatutako aurrekontuak bere horretan onartu ziren EAJ eta PSEren aldeko botoekin. EH Bilduko ordezkariok aurkako botoa eman genuen.

 

Amasa Villabonako EH Bilduren irakurketa:

Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, EAJren udal gobernuak oposiziotik egindako zuzenketak sistematikoki baztertuz erakutsitako itxikeria eta jokabide alderdikoia salatzen dugu. EH Bilduren jarrera eraikitzailearen eta proposamenen aurrean, udal gobernuak bere interesak soilik lehenetsi ditu, herriaren beharren inguruko eztabaida alde batera utziz.

Herritarren parte hartzerik gabeko aurrekontuak

Aurrekontu hauek osatzeko garaian udal gobernu honek herritarren parte hartzeari ere muzin egin dio, azken urteetan zentzu honetan emandako urratsak ezabatuz. Herritarrei ez zaie proposamenak egiteko inolako baliabiderik eskaini, ez da inkesta publikorik egin eta ez da aurrekontu proiektuaren jendaurreko aurkezpenik egin. Aurrekontuak udal barruan geratu dira, ez da interesa izan dezaketen herritarrek ikusi ahal izateko baliabiderik eskaini; ez da udaleko webgunean eskegi eta ez da Amavi aldizkarian edota sare sozialetan bere berririk eman. Honek argi erakusten du EAJren politika egiteko ereduan herritarren ikuspuntu eta ekarpenek ez dutela lekurik.

Villabona Lantzen-en aurkako epaiak erabat baldintzatutako aurrekontuak

Aurtengo aurrekontuak baliabide ekonomikoen aldetik azken urteetan izan diren eskasenak dira, Villabona Lantzen-en kontrako epaiaren ondorioz. Epai horrek 527.455,60€ + kostak (23.000,00€ inguru) ordaintzera behartzen du Villabona Lantzen eta enpresa honen jabea Vilabonako udala izanik, dirutza hori udalak ordaindu beharko du. Honek erabat baldintzatu ditu 2016ko aurrekontuak eta udala inbertsioak egiteko gaitasunik gabe utzi du ia. EH Bildutik, 2004an EAJko udal gobernuak hasitako Malkar plazako obra egiteko hirigintza jarduera gogor salatzen dugu, Villabona Lantzen enpresaren sorrera eta jardunak gure udala ekonomikoki ito besterik ez baitu egin.

Egitasmo esanguratsurik ez

Aurrekontuen mamira begira, EH Bildu koaliziotik honako hauek herri proiekturik gabeko aurrekontuak direla ikusi dugu, herriaren etorkizunerako ikuspegi estrategikorik gabeak, inolako lehentasunik markatzen ez dutenak, proiektu edo egitasmo esanguratsurik aurreikusten ez dutenak etab.

Larreako parke estaliaren proiektua baztertu du EAJk

EH Bildutik aurkeztutako zuzenketa batean, Larreako parke estaliaren proiektua 2016an egitea proposatu genuen eta borondate politikorik balego, herritarrek bozka bidez aukeratutako proiektu hau aurten bertan egitea posible dela agerian utzi dugu. Baina berriz ere EAJk ateak itxi dizkio proiektu honen gauzapenari.

Murrizketak: Ingurumen saila eta nazio eraikuntza.

Aurrekontu hauekin Ingurumen sailean eta nazio eraikuntzan egingo diren murrizketak ere salatzea dagokigu. Ingurumen sailari dagokionez, sail hau bigarren mailako sail modura kokatzen da, bertan lan egiten duen teknikariaren lan orduak %36an murriztuko baitira. Sail honek duen lan karga aztertuta, murrizketa honek inolako justifikaziorik ez duela eta erabaki honen atzean soilik irizpide politikoak daudela ondorioztatzen dugu. Honetaz gain, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan ekarpen handia egiten duten Udalbiltza eta Gaindegia erakundeei diru laguntza ezabatzen zaie, hau ere ulertezina egiten zaigu, are gehiago bere burua abertzaletzat duen alderdi batek egiten duenean.

Gizarte larrialdietarako laguntzak finantziaziorik gabe

Azkenik, GLLa (Gizarte Larrialdietarako Laguntza) babesgabe utzi izana leporatu nahi diogu EAJ alderdiari. Azken urteetan bizi dugun krisi ekonomiko eta sozialaren eraginez, nabarmena da baliabide ekonomikoak ez direla nahikoak izan Amasa Villabonan GLLa jasotzeko eskubidea duten herritarren eskaerei erantzuteko. Horregatik, pertsona hauek gizarte bazterketa egoeran ez erortzeko, EH Bildutik proposatutako zuzenketa batean alor honetarako diru partida igotzea eskatu genuen. Eskaera honen aurka eginez, EAJk gizarte sentsibilitate oso eskasa utzi du agerian eta nahigabez ikusi dugu EAJrentzat egoera latza pairatzen ari diren pertsonen biziraupen duina ez dela lehentasuna.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!