Hondakin bilketa sistema berri baterako proposamena aurkeztu du EH Bilduk udalean

Hilabeteak dira EAJ eta EH Bilduren artean hondakinen bilketa sistema berri bat adostu eta ezartzeko helburua duen “negoziazio” mahai bat martxan dagoenetik, baina pasa den azaroaren 9tik mahai hau ez da bildu. Negoziazio mahaiaren blokeo goera hau ikusita eta EH Bilduko batzar irekian adostutakoa kontuan izanik, Amasa Villabonako EH Bilduk akordiorako proposamen bat osatu eta udalean sarrera ematea erabaki du. Hau da proposamenaren dokumentuak dioena:

 

HONDAKINEN BILKETA SISTEMA BERRI BATERAKO PROPOSAMENA

SARRERA:

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak azken udal hauteskundeen emaitzak aztertu ondoren, hausnarketa sakona egin zuen eta ateratako ondorioekin osatutako txostena publiko egin zuen. Bertan, “Datuek agerian uzten dute, hondakinen gaiak zerikusi handia izan duela aurtengo hauteskundeen emaitzekin” genion eta egindako hainbat akats ere aitortu genituen: Jende gehiegik inposaketa izan dela ikusi du, bateratasunaren mesedetan herri bakoitzaren egoerak ez kontutan hartzea akats larria izan da, gauzak mantsoago egin behar genituen etab. Beraz, beharrezkoa den autokritika egin dugu eta herritarren gehiengoak hondakinen bilketa sistema aldatzea eskatu duela onartzen dugu.

Ivan Agirre alkateak gai honetan oposizioarekin akordioa lortu nahiko lukeela esan du publikoki eta negoziazio fase bat martxan jarri da udalean. EAJk kaleratutako prentsa ohar batean, EH Bilduri proposamenik ez egitea leporatu zitzaion eta EH Bilduk prentsaurreko bidez sistema errotik aldatu nahi dutenak ez gara gu erantzun zuen. Hala ere, EH Bilduk pasa den urriaren 24an egindako herri batzar irekian adostutakoarekin, sistema berri baten proposamena osatu eta aurkeztea erabaki dugu.

Proposatzen dugun bilketa sistema berri honek %70eko birziklatze tasa ahalbidetuko du eta gure ustez hori da edozein biltze sistemak izan beharko lukeen helburu garrantzitsuena.

HONDAKIN BILKETA SISTEMAREN XEHETASUN NAGUSIAK:

Jarraian azalduko dugun hondakinen biltze sistema hainbat herritan indarrean jarri da eta gainera alderdi ezberdinen arteko akordioen bidez (EAJ, EH Bildu eta beste batzuen arteko akordioarekin) ezartzea lortu da, Elgetan eta Arrasaten kasu. Bilketa sistema honen bidez jaso diren emaitzek %70eko birziklatze tasa gainditu dute.

1. ETXEETAKO HONDAKINEN BILKETA:

  • BEIRA, PAPERA ETA ONTZI ARINAK:

Datuek erakutsi digute herritarren gehiengo handi batek hondakinen hiru frakzio hauek ondo bereizten dituela eta ondorioz, hau da proposatzen dugun biltze sistema:

Edukinontzi bidez jasoko dira. Kaleetan iglu formako edo karga lateraleko edukiontzi handietan bilduko dira. Edukiontzi hauek uneoro zabalik egongo dira eta beraz, beren erabilera mugagabea izango da.

  • ORGANIKOA:

Materia organikoa ondo banatu eta jasotzeak sekulako garrantzia dauka ondoren lortuko diren birziklatze datuetan eta horregatik irekiera eta bilketa ondo kontrolatu ahal izatea funtsezkoa izango da. Hau kontuan hartuta hauxe da EH Bildutik proposatzen duguna:

Materia organikoa kolore marroiko 240 litrotako edukiontzietan biltzea. Edukiontzi bakoitza 50 familiak erabili dezakete (150 pertsona inguruk). Itxitura sistema bat izango dute eta familia bakoitzak astean 3 aldiz zabaldu ahal izango du edukiontzia, nahi duen egun eta ordutan. Edukinontzi hau zabaltzeko sistema ezberdinak egon daitezke, baina erabiliena eta emaitza onak eman dituena izanik, txip bat duten txartelen bidez zabaltzea proposatzen dugu.

  • ERREFUSA:

Birziklatu ezin diren hondakin hauek kolore gisa izango duten 240 litrotako edukiontzitan bilduko dira. Hauek ere 50 familietara mugatuak daude, itxitura sistema dute eta astean behin bakarrik erabili daiteke, nahi den egun eta ordutan.

  • SANITARIOAK: 240 litrotako edukiontzitan, itxitura sistema izango dute, eta eskaera eginez gero egunero eta behar den adina alditan erabili ahal izango da.
  • TXARTELAK: Udalak irekiko duen informazio bulegotik familia bakoitzari txartel bat banatuko zaio. Txartel berdina erabiliko da organikoa, errefusa edota pardelen kuboak irekitzeko.

 

2. SORTZAILE BEREZIAK: dendak, komertzioak, tabernak, jatetxeak, elkarteak…:

  • BEIRA, PAPERA, ONTZIAK: Kaleko iglu edo karga lateraleko edukiontzitan, erabilera mugagabea da.
  • ORGANIKOA: Atez-ate jasotzen jarraitzea proposatzen dugu, astean lau aldiz bilduz. Sortzaile bereziek sortzen dutenaren arabera 20,40,60,120,240 edota 1000 litrotako edukiontziak izango dituzte.
  • ERREFUSA: Atez-ate jaso eta astean behin bilduko litzateke. Edukiontzi hauek ere beharraren araberako neurria edo tamaina izango dute.
  • KARTOIA: Atez-ate jasotzea proposatzen dugu, astean lau aldiz.

 

* POLTSAK:

Udalak informazio bulegoaren bitartez doan banatzea proposatzen dugu, bai etxekoak eta baita sortzaile berezienak ere. Kalean edozein momentutan poltsak hartu ahal izateko makinak ezarriko dira. Etxetako poltsak bakarrik atera daitezke eta edukiontziak irekitzeko erabiltzen den txartela erabiliko da makinatik poltsak hartzeko. Poltsa sorta bakoitza +/- 2 hilabetetarako izango dela aurreikusten da.

* AUZOKONPOSTA:

Egun dauden auzokonposta egiteko guneak gutxienez mantentzea proposatzen dugu. Gainera, auzokonpost gune berriak zabaltzeko aukera landu beharko litzatekeela uste dugu. Beti herritarren borondatearen arabera, baina jendea konposta egiteko prest badago, gune berriak zabaldu daitezke.

 

 

 

Amasa Villabonan, 2016ko urtarrilaren 12an

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!