Euskararen eguna dela eta, Adierazpen Instituzionala adostu dute Villabonako udaleko alderdiek

Abenduaren 3a euskararen nazioarteko eguna dugu, ospakizun eta aldarrikapen eguna beraz. Amasa Villabonako EH Bilduk proposatuta, udalak Adierazpen Instituzionala kaleratu du. Adierazpen hau EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren artean adostua izan da. Hauxe da testua:

Euskararen Nazioarteko Eguna

 

Euskararen Nazioarteko Eguna, ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da.

Ospatzeko, euskararen gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dugulako euskararen normalizazioan azken hamarkadetan eta hizkuntza asko ez bezala bizirik iritsi delako gaur egunera.

Besteak beste milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta  milaka, baita ere,  euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin dutenak.

2015eko Euskararen Egunean, euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormen berezia egin nahi diegu, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen baitute pertsona horiek, eta haien guztien gogo, kemen eta ahalegina omendu nahi ditugu

Baina, ospakizunak ospakizun, jakitun gara, euskara bizirik egon arren, osasunetik urrun dagoela. UNESCOk berak hizkuntza ahulen zerrendan jarri du euskara eta euskara normalizaziotik urrun dago oraindik.

Euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eguna da, hau da, euskal herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzea.

Guk erantzukizun zuzena dugu horretan, hizkuntz politikaren ardura gurea ere bait da eta eragin behar du Udalaren tresna nagusiak (euskararen udal ordenantza, udal barruko  zein udalerriko planak, erabilera irizpideak eta neurri praktikoak zein aurrekontuak) emankorrak izan daitezen Euskal Herri euskaldunaren bidea bultzatzeko.

Euskara normalizatuko bada, hizkuntza politika, burujabea eta kanpo esku hartzerik gabea behar dugu ezinbestean, herritarren aktibazioarekin batera. Euskara dugu berezko hizkuntza, normalizatu beharrekoa, gure kultura eta nortasunaren funtsezko osagarri. Euskarak badu balio erantsia, denok irabazten dugu bere normalizazioarekin. Guzti horregatik beharrezkoa da gaurdanik, gure instituzioetan, euskara normalizazio bidean jartzeko politika eta erabaki ausartak hartzea: Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuz eta egoera soziolinguistikoaren arabera euskara administrazioko lan edota zerbitzu hizkuntza bihurtuz. Euskararen arnasguneak (espazio sozial euskaldunak) bultzatu eta indartuz.  Instituzio ezberdinetan egiten ditugun kontratazio-publiko eta lehiaketa guztietan hizkuntza-irizpideak txertatu eta garatuz. Hiztun berriak lortu eta euskararen ezagutza herriz-herri unibertsalizatuz eta doakoa izan dadin urratsak emanaz. Herrietan euskara batzorde zabalak sortu edo gorpuztuz, eta euskalgintza, eragileak zein sektore desberdinerako erakundeekin elkarlana bultzatuz.

Gure helburua, gure herrietan euskara harremanetarako eta bizitza sozialerako hizkuntza nagusia izatea da. Horretarako hizkuntza politika berria, euskaldunak eta hiztunak behar ditugu. Euskaldun izatearen kontzientzietan eragitea eta euskaraz bizitzeko nahia, herri gogoa elikatzea.

 

Gure herrietan euskaldun guztion lana da euskara gure herriko hizkuntza nagusi bihurtzea eta horretarako euskaraz jakitea ez da aski; gure hizkuntza bizi dadin, erabili egin behar da. Hori guztia dela eta, euskal herritarrak euskaraz bizitzeko konpromisoa har dezaten gonbidatzen ditugu: Dakienak edonon, edonorekin eta edonoiz erabiliz, ez dakienak euskara ikasiz eta maila ertaina dutenek ere euskara erabiliz, hobetuz.

Halaber, herritar euskaldunak gonbidatzen ditugu instituzio publikoekin dituzten harreman guztietan, ahozkoetan zein idatzizkoetan, euskaraz jardun daitezen.

Hau guztia kontutan izanik, honako konpromiso hauek bere egitea ebazten du Udal honek:

1. Herritarrei deia egiten diegu, abenduaren 3tik 10era balkoietan EUSKARAZ BIZI NAHI DUT leloa duen banderola jarri dezaten.

2. Heldutan euskara ikastea erabaki duten pertsona guztiei jendaurreko aitortza erakutsi nahi diegu eta udalerriko guneren bati laster EUSKALDUN BERRIA izena jartzeko konpromisoa hartzen dugu.

3. Herritar, elkarte, erakunde, enpresa eta instituzioei .eus domeinua eskuratzeko deia egiten die Udal honek.

4. Hizkuntza eskubideak zapalduta sentitzen dituen oro, Behatokian kexa jartzera animatzen du Udal honek.

5. Herritarrei “Euskarak 365 egun” lelopean deitutako ekimenetan parte hartzeko deia egiten die Udal honek. Euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak, norabide  horretan urratsak ematen jarraitzera animatzen ditu Udal honek.

 

 

 Amasa Villabonan, 2015eko abenduaren 3an

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!