- MEMORIA HISTORIKOA:
Amasa Villabonako sinbolo frankistak kentzeko erabakia berretsi zen aho batez. Duela hilabete batzuk Aritza kultur elkarteak udalari sinbolo hauen kokapen zehatza biltzen duen txostena helarazi zion. Osoko bilkura honetan sinbolo hauek behin betiko gure herriko kaleetatik ezabatzea erabaki da. EH Bildutik erabaki hau ahalik eta azkarren praktikara eramateko eskatzen diogu Udal Gobernuari. Bazen garaia Amasa Villabona sinbolo frankistarik gabeko herria izateko!
Bigarren mundu gerran Nazien Mauthauseneko kontzentrazio eremuan hilik suertatu ziren Adolfo Lozano Olazabal eta Alberto Beaufort billabonatarrei omenaldia egitea eta haiek bizi izan ziren etxeetan oroimen plakak jartzea onartu zen aho batez. Honako hau ere Amasa Villabonako memoria historikoa jasotzen lanean ari den Aritza kultur elkartearen eskaera izan zen eta esan bezala, alderdi guztien adostasunarekin onartu zen udalbatzan.
EH Bildutik gure eskerrik beroena helarazi nahi diegu Aritza Kultur Elkarteko lagunei, azken urteetan Amasa Villabonako historia arakatzen eta historia ofizialak alboratuta zeuzkan hainbat herritarren historiak azaleratzen lan izugarria egin baitute (Liburuak, webgunea...) Abenduaren 12an Aritza kultur elkarteak eta Oreretako La Ilusión elkarteek antolatutako omenaldian izango gara, eta herritar oro gonbidatu nahi dugu bertan parte hartzera.
EH BILDUk proposatutako Memoria eta bizikidetza batzordearen sorrera onartu zen. Pasa den azaroaren 10ean ospatu zen memoriaren egunean ez den alderdien arteko adostasunik lortu eta EH BILDU koalizioak ez zuen udalak antolatutako kontzentrazioan parte hartu, hona hemen egun hartan egin genuen irakurketa: http://billabona.ehbildu.eus/2015/11/09/azaroaren-10ean-memoriaren-eguna-dela-eta-villabonako-udal-gobernuak-proposatutako-ekitaldiaren-inguruan-amasa-villabonako-eh-bilduk-egiten-duen-irakurketa/
Azken hamarkada luzeetan Euskal Herrian bizi izandako gatazkak Amasa Villabonan sortutako eskubide urraketa, sufrimendu eta alde guztietako biktimen gaia lantzeko batzorde bat sortzea proposatu genuen. Gaia behar bezala patxadaz landu eta gure herrian gertatutako guztia jaso eta memoria inklusibo bat adostea izango da batzorde honen helburua.
- AZAROAK 25: Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna
EAJ-k aurkeztutako adierazpena onartu zen EAJ eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk testu hori osatu eta hobetzeko asmoz egindako ekarpenetatik bat bera ere ez zen onartua izan (besteak beste hildako emakumeen kopurua txertatzea eta udalak "indarkeria matxista" hitzak erabiltzea) eta ondorioz EH Bilduko hautetsiek kontra bozkatu zuten. Ulertezina egiten zaigu EAJ eta PSEk onarrizkoak eta edozeinek onartzeko modukoak diren ekarpen hauek ez onartzea, eta salagarria iruditzen zaigu bi alderdi hauek testu bat denon artean adosteko inolako borondaterik ez izatea.
Azaroak 25eko egitaraua zela eta, eztabaida izan zen osoko bilkuran. Hauxe da EH Bildutik adierazi nahi duguna:
2015eko aurrekontuan azaroaren 25ean ekimenak antolatzeko diru kopuru bat zegoela ikusirik, azaroaren 6an EH Bilduko hautetsiok ekintza batzuk antolatzeko proposamen bat egin genion udal gobernuari. Gure ustez emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteaz gain, udalak herritarren sentsibilizazioa egin behar du eta helburu horrekin egin genuen gure proposamena. Gure asmoa ez da lidergoa hartzea edo modu alderdikoian jokatzea izan, guk udalean proposamen ireki bat egin genuen alderdi ezberdinen arteko elkarlanetik egitarau bat osatzeko, gure ustez gai honetan alderdikeriak alde batera utzi eta batasunetik jokatu behar baita.
Proposamen honen aurrean EAJren erantzuna ulertezina iruditu zaigu. EAJko ordezkariak proposamena esku artean izan, eta inolako erantzunik ez genuen jaso, ondoren gure harridurarako Gizarte Zerbitzuen Batzordean erabat bestelako planteamendu bat egin zuen EAJko Eneko Urdangarin zinegotziak. EAJk egindako planteamenduak aurrera egin zuen eta 24an kale antzerkia, 25ean elkarretaratzea eta 26an "mikro-bertso" saioa antolatu ziren.
Gure ustez egitaraua "hobea" edo "txarragoa" izateak ez du garrantzi handiegirik, baina egitaraua antolatzea ez da aski, herritarren parte hartzea bilatzen bada, herritarrak entera daitezen komunikazio lan bat egin behar da eta argi geratu zen Villabonako Udalak komunikazio lan oso eskasa egin zuela. Ekintzek oso parte hartze murritza izan zuten eta emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko elkarretaratzean zinegotzi batzuk eta herritar oso gutxi (guztira 12 bat lagun) izatea guztiz adierazgarria da. Azkenik osteguneko bertso saioa ere bertan behera geratu zen bertsolariek ez zutelako ekintza hori egitea egoki ikusten.
Beraz, EH Bildutik azaroaren 25aren bueltan Amasa Villabonan gertatutakoa penagarria izan dela esan nahi dugu. Horrelako gaietan adostasunetara iritsi eta alderdi ezberdinetako kideok elkarlanean ekintzak antolatzeko gaitasuna izan beharko genuke eta aurtengoan ez da hori inondik inora lortu. Guk gure ardura zatia onartzen dugu, espero dugu udal gobernuak ere autokritika egin eta hurrengo urtean gauzak behar bezala egiteko ahalegina egitea.
- ONARTUTAKO MOZIOAK
1. Irundik Brinkolara doan ADIF-en trenbidea eta RENFEren zerbitzuak hobeto kudeatzeko, EH Bilduk aurkeztutako mozioa: http://billabona.ehbildu.eus/2015/11/23/irundik-brinkolara-doan-trenbidea-eta-renfe-ren-zerbitzuak-hobeto-kudeatzeko-mozioa-aurkeztu-du-eh-bilduk/
2. Palestinarekiko nazioarteko elkartasun eguna dela eta, Ekialde hurbilean bake justu eta iraunkorraren alde, EH Bilduk aurkeztutako mozioa: http://billabona.ehbildu.eus/2015/11/30/palestinarekiko-elkartasun-eguna-dela-eta-mozioa-aurkeztu-du-amasa-villabonako-eh-bilduk/
3. Euskararen nazioarteko egunean euskaldun berriari aitortza egiteko EAJk aurkeztutako mozioa.
4. HIESaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Gehitu elkarteak egindako Adierazpen Instituzional proposamena.
5. Paris eta Bamakoko azken atentatuak gaitzesteko EAJk aurkeztutako mozioa.
6. Azaroaren 1ean Derion kiskali zituzten autobusen inguruan EAJk aurkeztutako mozioa.
* Merkataritza eta Inbertsioetarako Hitzarmen Transatlantikoa TTIP-aren inguruko 4 mozio zeuden Osoko Bilkurako gai zerrendan (EH Bildu, EAJ, PSE eta Amasa Villabonako TTIParen kontrako gazteek aurkeztutakoak) eta gai hau lantzeko eta ahal bada mozio bateratu bat adosteko lau aldeen arteko bilkura berezi bat egitea onartu zen.