Amasa Villabona TTIP-aren kontrako herri gisa agertu dadin, mozioa aurkeztu du EH BILDUk

Amasa Villabonako EH BILDUko udal taldeak datorren astelehenean 19.00ean izango den Udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, eta hala balegokio, onesteko, hurrengo MOZIOA aurkeztu du. Ipar Atlantikoko Merkataritza eta Inbertsioaren Hitzarmena (TTIP ingelesez) aplikatzearen kontrako udal aitorpena egitea da mozio honen helburua.

 

Amasa Villabonako EH BILDUren ustez, arrazoi ugari dago TTIP-aren aurka agertzeko, hauek dira batzuk:

2013. urtean Europako batzordeari Europako Batasunaren (EB) estatuek agindua eman zioten, Ameriketako Estatu Batuekin (AEB) Ipar Atlantiko Merkataritza eta Inbertsio Hitzarmena negoziatzeko (ATIC, edo ezagunagoa den TTIP, ingelesez; edo baita Atlantikoz gaindiko Merkataritza Librearen Hitzarmena (TAFTA) izenez ezagutzen dena). Teoriaz hitzarmen horren helburua EBren eta AEBen arteko merkataritza handitzea zen, muga-zergak murriztuz, eta enplegua, hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna handituz.

Europar Batasuna (EB) eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) negoziazioa bideratzen ari dira, merkataritza eta inbertsioen eremu liberalizatua eraikitzeko, herritarrak eta ordezkari politikoak (nazioetako parlamentuak zein europar parlamentua) albora utzita. Horrek guztiak berekin dakar demokrazia, lan eskubideak eta osasun eta ingurumen eskubideak arriskuan jartzea, lehentasuna ematen baitie inbertitzaileen eta enpresa transanzionalen merkataritza interesei, guztion interesei eman beharrean. Informazioa erabat mugatua izateak eta negoziazioetan partaide kopurua oso txikia izateak herrien eta hirien kritika gogorrak jaso ditu, negoziazio horien emaitzek eragin handia izango baitute lurralde horietan.

EBren barruan lurralde gobernuek eskubidea dute informazioa jasotzeko Europan onetsiko den eta haein lurraldeetan eragina izango duen legediaren gainean. Eta horrela, bide batez, eskubidea izango dute iritzia adierazteko. Lurralde guztiei eskubide horiek ukatu egin zaizkie, TTIPen gainean negoziatu duten edukiari dagokionez.

AEBek eta EBk TTIPen inbertitzaileak babesteko neurriak sartu nahi dituzte. Eta inbertitzaile batek estatu batekin desadostasunik izanez gero, arbitraje batzorde bat, “Investor-to-State Dispute Settlement” (ISDS) izenekoa, desadostasun horiek ebazteaz arduratuko da. Batzorde horrek eskumenak izango ditu zehazteko estatuek zer konpentsazio ekonomiko eman behar dizkieten inbertitzaileei, baldin eta inbertitzaile horiek frogatzen badute estatuek konpainiaren etorkizuneko etekinak murriztuko lituzketen zenbat neurri aplikatu dituztela (hala nola, ingurumena babesteko estandarrak igotzea). Estatuek horrelakoetan epaitegietan erabakiaren kontra helegitea aurkez dezakete eta beharbada irabaz dezakete, baina horrek prozesuaren izugarrizko kostu handiak ekarriko dizkie. Gainera, arbitraje-batzordeen erabakiak irmoak dira eta ezin da gora jo.

EBk eta AEBek garapen bidean dauden herriekin sinatzen dituzten akordioetan ISDS bezalako erakundearen arauak oso ohikoak badira ere –lege erabakietan nolabaiteko aurreikuspenak ziurtatzearren-, ez da horrelako araurik behar, herrialdeek lege eta epaiketa sistema garatuak dituztenean, hala nola, Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek.

Halaber, herritarrei interesatzen zaie zerbitzu publikoak eraginkorrak izatea, bizi kalitate ona ziurtatzeko. Lisboako Itunak Europako Batasuneko estatu kideei eskumena onartzen die, batetik, zer zerbitzu diren interes orokorrekoak erabakitzeko; eta bestetik, zerbitzu horiek antolatzeko. Beraz, Hitzarmenaren terminologiak EBko itunekin bat etorri beharko du, eta Lisboako Itunarekin bereziki; itun horrek funtsezko garrantzia duelako “interes orokorreko zerbitzuei” dagokienez. Hori dela eta, “onura publikoa” terminologia ez da egokia, eta hori da, hain zuen ere, Hitzarmenean jasotzen dena.

Zerbitzu publikoek segitzen dute aldaketa politiko, teknologiko eta sozialekin batera etengabe aldatzen. Baina horiek ez bezala, merkataritza hitzarmenek politika publikoak murrizteko arriskua dakarte, “balazta klausulen” bitartez, batez ere zerbitzu publikoen alorrean.

Kontratazio publikoari dagokionez, TTIPen bidez helburu hau lortu nahi da: Munduko Merkataritza Erakundearen (WTO) Kontratazio Publikoaren Akordioa (GPA) mantendu nahi da, beste akordio hobetu bat sortu arte. EBko batzordea GPA erabiltzen ari da kontratazio publikoaren legearen bermeak murrizten ari direla arrazoitzeko.

Edozein akordio motak, baita kontratazio publikoak ere, bermeak handitu behar ditu; eta ez murriztu. Akordio horrek ezin ditu EBko kontratazio publikoaren legearen arlo progresiboak arriskuan jarri, eta are gutxiago lurraldeetako eta tokietako garapena ahalbideratzen duten horiek. Arlo horiek garrantzitsuak dira, ahalbideratzen dutelako, kontratazio publikoak egiterakoan, prezioa ez ezik bestelako faktoreak ere kontuan hartzea, hala nola, inguramenari eta gizarteari dagozkienak.

TTIPek hurrengoak ditu helburu: herri zerbitzuak erabat liberalizatzea, ETNei zerbitzu horiek emateko aukera eskaintzea, eta enpresa horiei herri administrazioen ondasun eta zerbitzu guztiak erosteko eta lizitatzeko aukera zabaltzea. Horren ondorioz, hitzarmenak, boterearen maila guztietan, arriskuan jartzen ditu zerbitzu eta erosketa publiko guztiak; eta hautatutako ordezkarien eskumena murrizten du tokiko erkidegoak kudeatzeko eta tokiko industria, enplegua eta ekimenak sustatzeko.

Horrela bada, merkataritza legeak beste edozein gizarte-gairen gainean nagusitzen dira eta bazter uzten dituzte kontinenteko, nazioko, lurraldeko edo herrialdeko lege guztiak. Egitura-doikuntza murriztaileek tokiko erkidegoak ere menperatzen dituzte, merkataritza librea eta inbertitzaileen interesak babesteko politikak gailentzen ari direlako. Politika horiek zerbitzu publikoak suntsitzen dituzte eta tokiko botereei askatasuna kentzen die zerbitzu publikoak emateko eta herritarren gizarte beharrak asetzeko, tokiko industria eta enplegua garatu eta suspertzeko politikak eta planak erabiliz.

Europako herriek eta hiriek badakite zer garrantzia duen salgaien eta zerbitzuen merkataritzak bere herritarren ongizatean. Hala eta guztiz ere, lehiakortasuna eta garapen ekonomikoak ez lukete irizpide bakarrak izan beharko TTIP bezalako merkataritza hitzarmenak onartzeko. Ingurumena eta gizartea babesteko arloak ere kontuan hartu behar dira, bi alderdiren arteko merkataritza akordioak onesteko. Era berean, analisi konparatiboak egin beharko lirateke aztertzeko, batetik, alderdi horietan hitzarmenak sortuko lituzkeen kostuak; eta bestetik, hitzarmenak ekarriko lituzkeen balizko onurak. Beraz, analisi horrek balizko ondorio ekonomikoak ez ezik, bai EBko bai AEBetako gizartean, ekonomian, osasunean, kulturak eta ingurumenean sortuko lituzkeen ondorioak ere aztertu beharko lirateke.

MOZIOA:

  1. Amasa Villabona udalerria udalerri intsumisoa eta TTIPen kontrakoa dela aitortzen dugu. Oinarrizko zerbitzu publikoak elkartasunerako eta gizarte birbanaketarako erabili behar direla defendatzen dugu.
  2. Estatuko Gobernuaren Herri Administrazioen Ministerioari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu gizarterako onuragarriak diren zerbitzuen izaera publikoa mantentzea helburu duten ekimen guztiei laguntzea.
  3. Ekonomia Ministerioari eskatzen diogu TTIPen negoziazioak bertan behera uzteko, hurrengo helburuak lortzeko:

                   - Ez akordio honetan ez beste akordio batean ISDS bezalako mekanismorik ez egotea.

                   - EBk eta horko estatuek duten erregulazio politika defendatzea, lan araudietan, kontsumitzaileen                              babesean eta ingurumenaren babesean eskumenik ez gal ez dezaten.

                   - Hitzarmena alderdi ekonomikoetara ez mugatzea eta gizartearen eta ingurumenaren helburuak ere                          garrantzitsuak izatea eta berdin lantzea.

                   - Negoziazioetako gardentasun faltari amaiera ematea, jendaurrean informazio guztia jartzea eta EBn                          eta estatuetako parlamentuetan eztabaida publikoa zabaltzea.

                   - Bai zerbitzu publikoak bai jabego intelektuala hitzarmenetik kanpo geratzea.

  1. Eusko Legebiltzarrari zein Nafarroako parlamentuari eskatzen diegu, TTIParen gainean herritarrok erabaki ahal izateko kontsulta egin dezaten, gure bizitzak zelan antolatu eta garatzeko dugun erabakitze eskubidea oinarri.

 

*TTIP-ari buruzko informazio gehiago: http://ehbildu.eus/eu/albisteak/sakonean/ttip webgunean.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!