Indarkeria matxistaren aurrean, zero tolerantzia!

Amasa Villabonako EH BILDUren oharra: 2015eko azaroak 25, emakumeen aurkako biolentzia oro baztertzen dugula ez ezik, biolentziak eragiten dituen eragile oro baztertzen dugula ere esateko eguna da, aski dela esaten jarraitzeko eguna da.

 

Hego Euskal Herrian, biolentzia matxistak behera egin beharrean, 2015 urtea amaitzear dagoela, nabarmen egin du gora aurten. Ugariak ari dira izaten eraso sexistak eta erailketak ere.

Biolentzia matxistaren azken estadioek, bortxaketa, jipoitzeak eta erailketek gora egin duten moduan, zeharkako beste biolentzia matxistek, eguneroko mikrobiolentziek ere, gora egin dute, eta herritarren artean barneratu eta normalizatzeko arriskua ere agertu da.
Horrela, 2015 urtean asko izan dira berriro bortxaketa saiakerak, neska eta emakumeen bizitzaren gaineko kontrolak (kontrol ekonomikoak, fisikoak, sexualak, afektiboak, sozialak, kulturalak), emakume ugarik jasan behar izan dute eguneroko jazarpenik (irainak, bazterkeriak, gutxiesteak) eta bestelako erasoak (prekarizazio laborala, enplegurik eza, zaintza lanen karga isila). Eguneroko mikrobiolentzia barneratuak eta normalizatuak daude jendarte eredu patriarkalaren baitan.

Premiazkoa da indarkeria sexistarekin harremana duten kasuak eta salaketak egunerokotasun  normalizatutik desagerraraztea. Jai- zein jolas-esparruetan gure askatasuna baldintzatzen duten jazarpen eta gehiegikeria sexistek hor jarraitzen dute. Halaber, kezkagarriak dira lan-esparruan jazarpen sexistari buruz dauden datuak. Sexu ezberdineko pertsonen arteko botere harremanak eta gazte belaunaldien artean agertzen diren balore patriarkalak gero eta gehiago dira, eta, aldi berean, gazte askok beraien kideen aurka indarkeria erabiliz haien arteko harreman desorekatuak eraikitzen dituzte.

Jendarte eredua ezinbestean aldatu behar dugu biolentziarekin amaitu ahal izateko. Biolentzia horiek guztiak, makroak zein mikroak, desagerrarazteko modu bakarra, berau sostengatu, zuritu edo babestu dezakeen jardun oro alboratuz lortuko da.
Eta zeregin hau, ezinbestean hartu beharreko konpromiso hau, jendartea osatzen dugun eragile guztiok hartu behar dugu, bestela biolentzia matxista sostengatzen jarraituko dugu. Guztion ardura baita norberaren eragin esparrutik aurre egitea sor edo babes dezakeen biolentzia matxista ororekin amaitzea: erakunde publikoak, hezkuntza eragileak, komunikabideak, lan esparruko eragileak, kultura eragileak, ekonomia eragileak. Baina norbanakoek, familiek, lagunarteek, kolektiboek eta arduradun publikoek ere erantzukizun zuzena dute.

Biolentzia matxistari aurre egiteko moduak ere onartu eta babestu behar dira, helburua bakarra izanda borroka moduak anitzak behar baitira izan: autodefentsa feminista bide bat da, baina Beldur Barik ekimena, edo herrietako jaien testuinguruan sortu diren performance zein kale ekintzak, elkarte zein auzoetatik burutzen diren saioak, guztiak dira balekoak, guztiak babestu beharrekoak.

Hori dela eta, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Euskal Herria feminista eta parekide baten aldeko gure aldarrikapenak inoiz baino ozenago entzun behar dira.


Amasa Villabonako EH Bilduko kideoi, ulergaitza egiten zaigu gaur Villabonako udalak kaleratutako Adierazpen Instituzionalean txertatzeko egin ditugun ekarpen guztiak baztertuak izatea. Gure asmo bakarra Udal Gobernuak aurkeztutako Adierazpen Instituzional hori hobetu eta osatzea izan da. Besteak beste, 2015ean indarkeria matxistak eraildako emakumeen kopurua agertzea, Villabonako Udalak emakumeen aurkako indarkeria “indarkeria matxista” izenez deitzea eta udalak Emakumeen Mundu Martxak onartua duen biolentzia matxistari aurre egiteko protokoloa bere egitea proposatu dugu. Baina EAJ eta PSE-EE alderdiek ez dute ekarpen hauetako bat bera ere onartu.

Hala ere, gaur 19:00etan udalak deitutako elkarretaratzean izango gara eta EH BILDUtik herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu, emakumeen kontrako indarkeriaren gaitzespenean alderdikeriak alde batera utzi eta denok bat egin behar dugula uste baitugu.  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!