Amasa Villabonako EH BILDUk larunbaterako Hezkuntza Plataformen Topaguneak deitutako mobilizazio egunarekin bat egiten du

Azken urteetan egin bezala, aurten ere, ikasturteko lehenengo hilabeteetan, ikasle, hezitzaile, familia eta herritarrok, elkarlanean, aldarrikapenez beteko ditugu Euskal Herriko kaleak. Kasu honetan, dozenaka eragileren eta ehunka herritarron babesa jaso du Hezkuntza Plataformen Topaguneak larunbat honetarako, azaroaren 28rako, deitu duen mobilizazio egun nazionalak. EH Bildutik ere mobilizazio hauetara batuko gara.

EH Bilduk Hezkuntza Sistema Propioa dugu helburu. Hezkuntza Sistema Propio eta herritarra, aniztasuna kontutan hartuko duena, hezkidetzailea, inklusiboa eta aukera berdintasuna oinarri duena, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituena, pedagogia askatzailean pertsona libreak heziko dituena eta, besteak beste, curriculum propioak oinarri izango dituena. Hori bultzatzen eta eraikitzen dihardugu gure egunerokoan.

Gainera, aipatutako ezaugarriak dituen bestelako hezkuntza eredu baten bidean, Gobernu ezberdinek inposatu nahi diguten murrizketa, lege eta dekretuen kontra agertu gara. Eta ez hori bakarrik, modu baten edo bestean, hezkuntza komunitatearekin elkarlanean, 'LOMCErik gabeko herriak' izateko urratsak eman ditugu gure herrietan mozio eta adierazpen ezberdinak onartuz. Gure Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko inposizioei herri gisa aurre egitea dagokigu.

Guk, 'LOMCErik gabeko herriak' izatetik harago, 'gure hezkuntzaren aldeko herriak' izan nahi dugu. Horren bidean, asko dira herri mailan garatu edota garatuko ditugun hezkuntza proiektuak. Maila lokaletik hasita, biharko Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen joango gara apurka apurka. Inposizioei aurre egiteko modurik eraginkorrena gure hezkuntza eraikitzen jarraitzea dela ziur gaude. Oinarrian, hizkuntza, curriculum, pedagogia eta hezkidetza proiektuak sustatuko ditugu, beste askoren artean.

Espainiako estatuarekin lotzen gaituzten kateak askatu behar ditugu. Gure hezkuntza sistema propio eta herritarra eraikitzea ezinezko egiten duten kateak askatu behar ditugu; LOMCEren katea askatu behar dugu. Ez dugulako nahi, adibidez, iragan ostiralean dekretu bidez onartu eta inposatu nahi diguten 6. mailako azterketa atzerakoi eta antipedagogikorik nahi. Familiek iaz tinko erakutsi ziguten bezala, guk ere froga hori ez aplikatzeko urratsak emango ditugu. Horretarako, Euskal Herriko hezkuntza sistema burujabea nahi dugun guztiok indarrak batu behar ditugu azaroaren 28an, abenduaren 6an eta abenduaren 20an. Guztion artean lortuko dugu LOMCE geratzea edota ez aplikatzea eta herri burujabe baterako urratsak ematea.

Hezkuntzan ere burujabe izan nahi dugu. Ez dugu Madrilgo inposiziorik onartzen. Ez dugu LOMCE aplikatzerik onartuko. Eta ez dugu Jaurlaritzak mozorrotu nahi duen LOMCEren euskal aplikaziorik nahi ere. Guk, hezkuntzaren gaineko erabakiak hemen hartu nahi ditugu inongo kanpo esku-hartzerik gabe eta horren bidean, ikasturte honetan, Euskal Herrian behar dugun marko pedagogiko eta normatiboa osatzeko prozesua jarriko dugu martxan. Guk gure tresna, bitarteko eta lege propioak behar ditugu.

Honengatik, guztiagatik, Amasa Villabonako EH BILDU koalizioko kideok larunbat honetan Hezkuntza Plataformen Topaguneak deitutako mobilizazioekin bat egiten dugu eta hezkuntza burujabetza osoaren bidean jendarteko sektore ezberdinei dei egiten diegu parte hartu dezaten Donostian altolatu den kalejiran.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!