Urriaren 24an Herri Batzar irekia: Hauteskundeetako hautagaien bozketa eta hondakinen biltze sistemaren afera

Batzarra datorren larunbatean 11:00etan Villabonako kultur etxean izango da. Bertan, 2 gai nagusi landuko dira: 1. Abenduan izango diren hauteskunde orokorretara begira EH Bilduk martxan jarritako parte hartze prozesuaren 2. zatia: Proposatu diren hautagaien bozketa. 2. Hondakinen biltze sistemaren inguruan EAJk egindako negoziazio eskaintzari erantzuna ematea.

1. HAUTESKUNDE OROKORRAK:

Hauek dira EH Bilduk Gipuzkoan zehar egindako batzarretan proposatu diren hautagaiak eta hauen artean bozketa egingo dugu. Batzarrean parte hartuko duten herritar guztiek izango dute gizon eta emakume bana bozkatzeko eskubidea eta Gipuzkoan zehar egingo diren herri batzar guztietako bozkak gehitu ondoren, bozka kopuru handiena izango duten pertsonak, Hauteskunde orokorretako EH Bilduko hautagaiak izango dira.

 2. HONDAKINEN BILTZE SISTEMA:

2015eko urriaren 6an EH Bilduko eta EAJren alderdien artean hondakinen biltze sistemaren gaia jorratzeko lehen bilera egin zen Villabonako udalean. Bertan, Ivan Agirre alkateak eta EAJko ordezkariek gaur egun martxan den atez ateko hondakinen bilketa sistema aldatzeko zuten nahia azaldu zuten. Era berean, hondakinen bilketa sistema berria EH Bildurekin negoziatu eta adosteko borondatea ere adierazi zuen alkateak. Testuinguru horretan, urriaren 26ean egin beharreko bilera baterako erantzun bat eskatu zion EAJk EH Bildu koalizioari.

2011-2015 legealdian EH Bilduren iniziatibaz Amasa Villabonan atez ateko bilketa sistema ezarri zen. Bi helburu izan zituen sistema berriak, alde batetik birziklatze tasak biderkatuz Gipuzkoan eraiki nahi zen errauskailua geldiaraztea eta bestalde Europako legediaren filosofiari jarraituko zion hondakinen kudeaketa jasangarriagoa egitea. Zergatik egin genuen atez atekoaren alde? sinpleki, momentu hartan hondakinen atez ateko biltze sistemak soilik ahalbidetzen zuelako gure helburua zen %70tik gorako birziklatze tasara iristea. 2013ko uztailean herritarren parte hartze prozesu baten ostean atez ateko bilketa sistema ezarri zen. Emaitzak bapatekoak izan ziren eta Amasa Villabonako herritarren inplikazioari esker %80 inguruko birziklatze tasara iristea lortu genuen, kontuan hartzeko emaitza dudarik gabe.

Erabaki honek hautsak harrotu zituen Amasa Villabonan (Gipuzkoako hainbat herritan bezalaxe) eta atez ateko biltze sistemaren kontrako mezuak eta kanpainak oihartzun eta jarraipen handia izan zuten. Aurreko legealdian zehar eta bereziki maiatzeko udal hauteskundeetan herritarrek oso argi adierazi ziguten atez ateko sistema edo/eta sistema hau ezartzeko modua ez zutela gustuko izan. EH Bilduko kideok inolako aitzakiarik gabe onartzen dugu, gai honetan ez dugula herritarrekin (herritar kopuru esanguratsu batekin behintzat) konektatzen asmatu.

Hori dela eta, EAJko udal gobernu berriak hondakinen biltze sistema berri bat eztabaidatu eta adosteko egindako gonbitearen aurrean eta kultura politiko berri bat ezartzeko helburuarekin, Amasa Villabonako EH Bilduk herritar ororen iritzia jakin eta euren nahiak errespetarazi nahi ditu. Horretarako Herri Batzar ireki bat burutuko dugu eta Amasa Villabonako EH Bilduk batzarraren gehiengoak erabakitzen duena errespetatu, bere egin, eta EAJrekin biltzen denean horixe defendatuko du.

EH Bilduko kideok oso argi dugu, ez gara biltze sistema bat eta bakarra defendatzen ari, biltze sistema tresna hutsa da benetako helburu garrantzitsua lortzeko: gutxienez %70eko birziklatze tasa izatea, hori da gure helburu nagusia.

Esan bezala, batzar ireki baten bidez Amasa Villabonako EH Bilduren jarrera definitu nahi dugu eta horretarako batzarrean parte hartu nahi duten guziei galdera argi batzuk mahai gaineratuko dizkiegu:

  1.  Birziklatze tasa %70etik behera jaitsi ez dadin, EAJrekin biltze sistema berri bat adostearen alde zaude? edo Atez ateko sistemaren defentsa egin, akordioari uko egin eta balizko Herri Galdeketan atez ateko bilketa sistemaren aldeko botoa eskatzearen alde zaude?
  2. EAJrekin %70 birziklatze tasa bermatuko lukeen sistema bat adostearen alde egonez gero, zein sistemaren alde egingo zenuke lehentasunez?

%70eko birziklatze tasara heldu daitezkeen hondakinen biltze sistemak:

Sistema

Birziklatze tasa (estimazioak beste herrietako emaitzak kontuan izanda)

Sistemaren funtzionamendua

Atez-ateko sistema MIXTOA

 

 

%75-85

Organikoa eta errefusa atez ate biltzen dira. Beira, papera eta ontzi arinak edukinontzi handien bidez.

Errefusa atez ate eta 4 edukinontzi.

 

 

%74-80

Errefusa soilik biltzen da atez ate (astean behin). Organikoa txip bidez zabaltzen diren edukinontzi txikietan jasotzen da (astean 3 aldiz zabaltzeko aukera).

5. edukinontzia txiparekin.

Edukinontzi txikiak.

 

 

%70-75

Errefusa eta organikoa biltzeko edukinontzi txikiak ezartzen dira (1 150 biztanleko). Txipa izango dute eta errefusa astean behin eta organikoa astean hirutan ireki ahal izango dira. Beste hondakinak txip gabeko edukinontzi handietan.

5. edukinontzia txiparekin.

Edukinontzi handiak.

 

 

%62-72

Errefusa eta organikoa txipa izango duten edukinontzi handietan jasoko dira. Beste hondakinak txip gabeko edukinontzi handietan.

*Batzarrean sistema zehatz hauez gain, beste bilketa sistema ezberdin batzuk ere aurkeztu eta kontuan hartu daitezke.

Batzar hau herritar ororentzat irekia izango da. Bertaratzen den pertsona orok hitz egin eta bozkatzeko aukera izango du. Amasa Villabonako EH Bilduk, EAJrekin bildu eta batzarrean gehiengoz hartutako erabakia defendatzeko konpromisoa hartzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!