Askapenaren eta auzipetutako 5 euskal internazionalisten aldeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk

Datorren urrian Madrilen hasiko den epaiketan, Askapena erakundea, Herriak Aske elkartea, Askapeña Bilboko konpartsa eta Elkar Truke S.L. enpresaren ilegalizazio eskaerak egin ditu Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak eta Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez, Aritz Ganboa eta Dabid Soto euskal herritarrek seina urteko kartzela zigor eskaerari aurre egin behar diote. EH Bildutik gogor eta ozen salatu nahi ditugu auzi honetan fiskaltzak egiten dituen zigor esakaera neurrigabe hauek eta eskubide zibil eta politikoen urraketa larria direla adierazi nahi dugu.

Injustizia egoera honen aurrean Amasa Villabonako EH Bilduk, Amasa Villabonako udalak auzi bidegabe honen salaketa egin, auzipetuei elkartasuna adierazi eta beren absoluzioa eska dezan, Mozio bat aurkeztu du datorren irailaren 28ko Osoko Udalbatzan eztabaidatu eta onar dadin. EH Bildutik, gure herriko udalak erakunde publiko gisa, horrelako bidegabekeria eta eskubide urraketen aurrean erantzun bat eman behar duela pentsatzen dugu, eta hori izan da Mozio hau aurkeztearen arrazoia.

Hau da Amasa Villabonako EH Bilduk aurkeztu duen Mozioa:

“Elkartasuna, herrien arteko samurtasuna da”. Oinarrizko printzipio bat da, gizakiak elkarbizitzarako lege eta araudiak, zuzenbidea eta irizpide etikoak sortu zituenetik. Hala ere, pertsonen nahiz herrien arteko elkartasun eza agerikoa da oso, geure mundu honetako gaitz ugari eta sakonen aurrean begiak itxi nahi ez dituenarentzat.

Elkartasunezko internazionalismoak herri gisa beste herri batzuk babestea du helburu, bidegabekerien benetako kausen aurkako borrokan, gurea ere baden borrokan; eta beti ere kanpoko esku-hartzearen aurkako jarreratik. Hori ez da lan erraza nazioarteko egoera gatazkatsuan, non askotan laguntza humanitarioa xantaia politiko eta militar moduan erabiltzen den.

Gure herrian ezaguna da nazioarteko elkartasunaren alorrean Askapena erakundeak 28 urte luzez garatutako jarduera internazionalista mamitsua. Brigada internazionalen bitartez, elkartasun kanpainen bitartez, bertoko nahiz nazioarteko topaguneetan bidegabekerien aurka egindako salaketen bitartez etab. Askapenak herrien arteko bidezko funtzionamendu demokratikorako ezinbesteko baloreak zabaldu eta eman dizkio euskal gizarteari.

Udalbatza honek, Askapena erakundea, Herriak Aske elkartea, Askapeña Bilboko konpartsa eta Elkar Truke S.L. enpresa Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren ilegalizazio eskaerari aurre egin beharrean daudela salatu nahi du. Ilegalizazio eskaera hauek guztiz zentzugabeak direla deritzogu eta erakunde eta elkarte hauek publikoki egin duten lan internazionalistaren kriminalizazio hau onartezina da.

Bestalde,  Askapenako bost kidek seina urteko kartzela zigor eskaerari aurre egin behar diote Audientzia Nazionalean. Pertsona hauek elkartasun internazionalistaren baitan, urteetan egindako lanagatik ezagunak dira Euskal Herrian, ez dira terrorista arriskutsuak, aktibista eta militante internazionalistak baizik.

Hau guztia eskubide zibil eta politikoen aurkako beste eraso bat dela deritzogu eta jokabide horren atzean dauden helburu politiko eta alderdikoiak salatzen ditugu. Askapenaren bitartez eta elkartasun internazionalistaren baitan burututako jardunari zilegitasuna kendu nahi izana gaitzesten dugu. Espainiar fiskaltzaren erabakia Euskal Herriko gatazkaren konponbidean arduragabekeriaz ipinitako oztopoa dela uste dugu.

Horrexegatik guztiagatik Udal honek honakoa adierazten du:

1) Elkartasun internazionalista bultzatzeko lanean diharduten erakunde eta pertsona guztiekiko babesa.

2) Askapena, Askapeña, Herriak Aske elkartea eta Elkar Truke S.L. enpresarekiko, eta inputatutako bost euskaldun internazionalistekiko elkartasuna.

3) Askapena, Askapeña konpartsa, Herriak Aske elkartea eta Elkar Truke S.L. enpresak egiten duten lana ez oztopatzeko exijentzia.

4) Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez, Aritz Ganboa eta Dabid Soto euskaldun internazionalisten aurkako epaiketa euren absoluzioaz amaitzeko, dagozkien eskubideak itzultzeko eta zor zaien erreparazioa emateko erreklamazioa.

 

Amasa Villabonan, 2015eko irailaren 18an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!